blogak

Angelu itsua

‘Kontzertismoa’, beste behin

Arriaga antzokian Kontzertu Ekonomikoaren urteurrena ponpa handiz ospatu zuten mila lagun inguruk, tartean agintari politiko gorenak eta patronaleko ordezkariak. (Argazkia: Irekia)

 

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.

Bilboko Arriaga antzokian mila lagun inguru bildu ziren joan den astean, lehendakaria, diputatu nagusiak, alderdi guztietako ordezkariak eta patronaleko buruak barne, ekitaldi solemnean. Era berean, ETB2n Por derecho propio dokumentala estreinatu zuten, eta tertuliak eta hitzaldiak errenkadan datoz “egungo autogobernuaren oinarria” defendatzeko.

Arrazoia? Kontzertu Ekonomikoa eraso dute Madrildik. Zehazki, inkestetan gora doan Ciudadanosek pribilegioa dela argudiatu du: “Gainerako espainiarrek ordaintzen dugu cuponazo-a”, esan zuen Albert Riverak Espainiako Kongresuan kupoari ezetz esateko. Baina ez gaude gauza berri baten aurrean: “Ez dago ezberdintasun handirik XX. mende hasierako eta gaur egungo kritiken artean”, azaldu dio Berria-ri Mikel Erkoreka EHUren ekonomi itunaren agiritegiko ikerlariak; ezin ahaztuko ditugu 1893ko Gamazada bezalako gertaerak.

Gatazka edo gerra larriren bat tartean izan den bakoitzean jarri izan da auzitan euskal egitura fiskala. Agian, hori jakinda hartu diezaiokegu neurria urriaren 1ean gertatutakoari? Beste behin casus belli forala hartu da Espainiarekiko harremana definitzeko jokaleku; ez dezagun aldebikotasun eta kontzertismoaren gainetik fokua desbideratu beste gauza batzuetan, adibidez zerbitzu publikoei zuzenean eragiten dien gastu arauan –EAJren babesarekin Madrilen onartua–, edo defizitari eta zorrari muga jarri dioten legeetan; finantza autonomia Ibex-35aren mesedetara kateatzeko ez da zertan kontzertua ukitu behar.

Hori da gure burujabetza soziala: nahikoa da Konstituzio Auzitegi bat doako osasun arreta bermatzen duen legea bertan behera uzteko Nafarroan, edo frackingaren kontrakoa ezeztatzeko EAEn.

Jendea ez baina gazteluak, jauregiak, militarrak eta agintariak ageri dira ETBren dokumentalean. Eta martxoaren 3a baino bi egun lehenago, Rodolfo Martín Villa ikusi behar izan dugu gure telebista publikoan, besteak beste Gasteizko 1976ko gertaerengatik frankismoaren krimenen kontrako kereilan auzipetuta dagoen ministro ohia. Zer pentsatua ematen du halako pertsona bati entzuteak Kontzertu Ekonomikoaren negoziaketak ez ziola “buruko min handienetako bat sortu”.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07