blogak

Angelu itsua

Josu Jon Imazen (Respsol) ongi etorria Espainiako Gobernu berriari: ez igo zergak

Josu Jon Imaz Repsoleko akziodunen batzarrean (arg: Repsol)

 

Pedro Sánchezek Espainiako Gobernua hartzearekin, batek baino gehiagok gogorarazi dio duela hilabete eta erdi eskas aurrekontu “alternatiboak” plazaratu zituenean hitz emandakoak. Tartean, enpresei eta bankuei zergak igotzeko neurria dago, modu horretan gastu soziala ordaintzeko.

Josu Jon Imaz EAJko buruzagi ohi eta egun Repsol multinazionaleko kontseilari delegatua denak, garbi utzi dio espainiar presidente berriari zein den berak ordezkatzen duen botere ekonomikoaren doktrina: “Zergak kontsumitzaileek ordaintzen dituzte”, esan du petrolio konpainiaren plan estrategikoaren eguneratzea aurkezteko prentsaurrekoan.

Imazi “atzerakoia” iruditzen zaio errepideak mantentzea erregaien gaineko zergak igoz –Energia Trantsiziorako  Adituen Batzordeak proposatu bezala–, eta CO2 isuriak gutxitzeko neurriak hartzerakoan “industriari ahalik eta kostu gutxien eragitea” eskatu du politikari ohi zumarragarrak, “kontsumitzaileak ez ditzan gainkostu horiek jasan”

Ez nazazu ni ukitu, nik besteak ukitu ez ditzadan. Laissez faire-aren aldeko eta interbentzionismo ekonomikoaren aurkako betiko lema, betiko xantaia. Petrolioa, gasa, elektrizitatea eta antzeko oinarrizko energia-lehengaiekin etekin milioidunak izaten dituzten konpainiek, kontsumitzaileak (herritarrak) ezkutu humano bezala erabiltzea ez al da negargarria?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07