blogak

Angelu itsua

Hiroshimakoa ez da bonbardatutako ‘ginkgo biloba’ bakarra

Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren biharamunetan Hiroshimako alkate Kazumi Katsui eta Iñigo Urkullu lehendakaria ikusi ditugu pala eskuan zuhaitz aldaxka aldatzen Bizkaiko juntetxearen ondoan. Bakearen aldeko eta gerrako sufrimenduaren kontrako mezu sinbolikoa.

Gurean, haritz hura sakratua zen lehenago ere, eta Condor Legioaren suzko bonbetatik libratu zen 1937an, auskalo zer interesengatik. Hiroshiman, AEBetako gobernuaren Enolay Gay hegazkinak 1945ean jaurtitako bonba atomikotik salbatu zen gauza bakarrenetakoa izan zen epizentrotik kilometro eskasera zegoen tenplu bateko ginkgo biloba. Hurrengo udaberrian kimuak ematen hasi zen eta geroztik sakratu da Japonen.

Egiaz, ginkgoa berez da mirari natural bat, milioika urtetik kasik fosilduta iritsi zaigun landare espeziea izaki. Ia erabat desagertu zen, ekialde urrunean izan ezik. Eta gero, munduko beste hainbat tokitako lorategitara eraman zuten haren exotismoak erakarrita. Txinan ba omen dago 1.600 urte dituen halako arbola, eta Europan zaharrenetakoa da Kewko baratze botanikoan dagoena, 230 urte ingurukoa.

Baina Hiroshimakoa ez da gerraren erasoak bere azalean nozitu dituen ginkgo bakarra. Hain urrun joan gabe, Euskal Herrian ere badugu bonben zauriak dituen espezie bereko ale bat, emea, eta ez nolanahikoa.

Hernaniko Goiz Eguzki parkean –egun Kardaberaz parkea– jolasten ibili izan garenak betidanik ezagutu izan dugu ginkgoa. Antza, Bigarren Gerra Karlistan herri-kaskoko atzieta guztia arbolaz garbitu zuten arrazoi estrategikoengatik eta horren ondoren aldatu zituzten zuhaitz exotikoetako bat da parke horretako ginkgoa, ustez 140 urte inguru dituena eta egun babes berezia duena.

Jakoba Errekondok kontatu zigunez, baliteke Pierre Ducassek jarri izana. Paisajista baionarrak Aieteko parkea ere diseinatu zuen garai haietan, mende eta erdi geroago gatazka armatua gainditzeko konferentzia antolatu zen Bakearen Etxe inguruan dagoena hain zuzen.

Porlana baina gogorragoa

1936ko gerraren hasieran faxistak lehen bonbardaketak egiten hasi ziren eta Hernanin ere Savoia hegazkin italiarrak aritu ziren lehergaiak jaurtitzen –geroago Durangon edo Gernikan egindako sarraskien lehenengo frogak–. Bada, haietako bonba batek atzealde hartan jo eta baratzean zebilen aitona bat hiltzeaz gain, arbolatzarra kaltetu zuen. Halaxe kontatu zigun handik gertu bizi zen Felixa Aldasorok mende honen hasieran, Aldaba Joka libururako galdetu genionean. Dirudienez, gerora porlanarekin sendatu zuten.

Gerrakoak omen ziren arrasto gehiago ere baditu gure ginkgoak. Duela gutxi arte burdinazko eskailera batzuk zituen iltzatuta enborrean: 1936an errepublikarrek talaia modura erabiltzen zutela diote…

Denboraren erakusle dira zuhaitzak, baina baita gizakiaren basakeriaren neurgailu ere. Nagore Irazustabarrenak aste honetako Denboraren Makinan azaldu digu arbolak gerraz gogoratzen direla: Norvegiako fiordoetan alemanek laino artifizial kutsagarriak sortzen zituzten britainiarren erasoak saihesteko. Ikerlariak inguruko basoak aztertu dituzte orain, eta jabetu dira zuhaitzen eraztunak ia desagertu egin zirela urte horietan. Zer kontatuko ligukete Gernika, Hiroshima edo Hernaniko arbolen eraztunek?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07