blogak

Angelu itsua

Hamar urte krisian… Eta kasino globalaren pitzadurak hor jarraitzen du

2008ko irailaren 15ean Lehman Brothersek kiebra onartu zuenean paradigma eta uste asko ere hondoratu ziren berarekin. Atzeraldi Handia-ren hasiera izan zen, nahiz eta finantza kapitalismoa aspaldi zebilen sistema irrazional baten mamua begiztatzen etxe-orratz distiratsuetan islatuta. Agintariek, egoera bideratu beharrean okertu egin dute: jendea ari da krisia pagatzen eta bankuek jarraitzen dute erruleta arriskutsuaren jokoan.

Ekonomia ziztuan zihoan. 2008ko udan Europako Banku Zentraleko nagusiak, Jean-Claude Tritchet-ek interes-tasak igotzea erabaki zuen inflazioaren beldurrez. Aste batzuk geroago, ordea, ikara mundu osora zabaldu zen, AEBetako Gobernuak Lehman Brothers inbertsio bankua erortzen utzi zuenean. 1929tik ikusi gabeko egoera eragin zuen kiebrak: finantzen galera munduko BPGaren herena izatera iritsi zen, banku sistema ez ondoratzeko 4,5 bilioi dolar mugitu zituzten estatuek herritarren poltsikotik, eta langabezia izugarri hazi zen.

Hamarkada bat igaro da bizitzaren alor guztiak astindu dituen krisitzarraren hasiera “ofizialetik”. Horren harira, Europako eragile ezkertiar eta ekologisten koalizio batek, ekitaldi ugari antolatu ditu egunotan hainbat herrialdetan, modu autonomoan: Frankfurteko burtsa parean protesta, Milanekoan ere bai; Frantzian astebeteko egitaraua –tartean Bizi! mugimenduak sustaturiko klimaren aldeko Alternatiba ibilaldia, urriaren 6an Baionan amaituko dena–; Herbehereetan Finantza Alternatiboen Azoka…

Kanpaina handi horren parte da Attac mugimendu altermundialistak aurten aurkezturiko Hamar urte krisian gidaliburua –gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez argitara emana–. Isabelle Bourboulon kazetariak beste hainbat adituren laguntzaz erredaktatua, ondorio garbia dakar: bankuak inoiz baino solteago dabiltza, hondamendi handiagoa gerta liteke, eta beharrezkoa da finantzen mundua herritarren kontrolpean jartzea.

Krisia lehertu zenean, begirada motzarekin, 2007ko AEBetako subprime hipoteken burbuilaren leherketari eta hortik eratorritako aktibo toxikoei bota zieten errua orduko analistek. Baina, “krisi hau ez zen istripua izan”, diote liburuan. 70eko hamarkadan produktibitatearen hazkuntza agortu zenean, merkatuak erabat liberalizatu zituzten kredituaren bidez etekinak pilatzen segitzeko, eta Keynesek kasinoa deituriko finantza sistema globalizatu egin zen: “Sistema honek benetako ekonomiarekin hautsi zuen, espekulatzea eta etekinak maximizatzea helburu”. Merkatua autoerregulatu zitekeen mitoa jaio zen.

Baina paradigma horri arrakala gero eta nabarmenagoak sumatzen zitzaizkion pattalaldi bakoitzeko: Mexiko (1995), hego-ekialdeko Asia (1997), Errusia (1998), Argentina (2001)… Krisi sistemiko baten lehen “konbultsioak” ziren horiek. Atzeraldi Handia-k agerian utzi du neoliberalismoaren printzipio nagusia gezurra dela, merkatu libreak ez duela ongizatea hobetzen, alderantziz baizik.

Haien krisia, gure krisi

Erreskate eskuzabalak jaso ondoren, bankuak estatuen bonoekin espekulatzen hasi ziren. Pagotxa! Zor publikoa biderkatu egin zen, eta ondorioz, austeritate germaniarra eurogune osora zabaldu: defizitaren muga, murrizketa sozialak, soldaten jaitsiera, langile kaleratze masiboak, deslokalizazioak, prekarietatea…

2008ko urrian Nicolas Sarkozyk, Angela Merkelek, Gordon Brownek eta beste hainbat mandatarik Parisen egindako gailurrean, herritarrei hitz eman zieten munduko finantza sistema erreformatuko zutela. Baina Basilea III eta antzeko itunek ez dute askorako balio izan –berezko erreserbak, gutxienez kapital sozialaren %8 izatea derrigortzen die bankuei, “segurtasun irudipen faltsua” eskainiz–, eta hondoa jotzeko “handiegiak” diren bankuak baizik ez dituzte sortu. Italiako Monte dei Paschi di Siena bankuaren erreskateak erakutsi du hori.

Finantza eragiketen gaineko zerga ere, James Tobin ekonomialariak proposatutako tasatik urrun, ez da martxan jarri, Emamnuel Macron bankarien lagunak blokatu egin zuelako Frantzian boterera iritsi zenean. Inbertsio funtsek, aldiz, imajinazio paregabea erakutsi dute itzalean finantza eratorri askoz konplexuagoak sortzeko eta burtsaz kanpoko operazioak egiteko, interes tasekin, zorrarekin nahiz dibisekin: “Edozein momentutan erupzioan sar litekeen sumendian bizi gara”, idatzi du Bourboulonek liburuan.

Honen arabera, bi agertoki arras ezberdin gerta litezke: beltza batetik, utopikoa bestetik. Beltzean, krisiaren errebote hilgarriagoa letorke. Utopikoan, kasinoa itxi, trantsizio ekologiko eta soziala lehenetsi, zorrari mugak jarri eta bankuak zorrozki gainbegiratuko lirateke, besteak beste. Funtsean, estatuek eta herritarrek euren burujabetza berreskuratuko lukete merkatuen aurrean. Attacek agertoki hori “errealista” dela dio, gizakiek planetarekiko erlazio guztiz desberdin bat izan ezean, denok dakigulako “katastrofea saihestezina” izango dela.

Ortzi-mugan laino potoloak daude ordea: bonoen burbuila gero eta handiagoa da eta zorraren krisi erraldoi bat gerta liteke oraingo interes-tasa baxuak igotzen hastean. Bestetik, Brexit-ak City-aren eta Europako beste finantza-plazen arteko lehia handiagoa ekarriko duela dirudi, merkatuen desarautzea areagotuz. Kasino globalak hor jarraitzen du beraz, pitzaturik dagoen zentral nuklearraren antzera. Noiz etorriko ote da hurrengo tsunamia?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07