blogak

Angelu itsua

Gure egiazko historia lehen aldiz kontatu zuen geografo antifaxista dekapitatua

Ikerlan sakona egin zuen Lefebvrek, ilustrazio eta taula ugariz osatua: Usurbilgo baserria, Bilboko portuko inportazioen grafikoa, Cenicero herriko dorretxea eta baserritarra laiaketan Lizarra inguruan.

Abenduaren 3an 75 urte bete dira naziek Théodore Lefebvre hil zutela. Apenas daukagu bere berririk Euskal Herrian, are gutxiago Bidasoaren mendebaldean. Baina XX. mende hasieran idatzitako Euskal Herriko historia lan garrantzitsuenaren egilea da, Pirinioetako bi aldeak osotasunean ikertzen lehena. Tamalez, heriotza horren urtemuga oharkabean pasako zaie unibertsitate zein kultur erakundeetan dabiltzan gehienei.

 

Flandriako Croix hirian jaioa, Théodore Lefebvre (1889-1943) historia eta geografian lizentziatu zen Lillen eta hainbat unibertsitatetan irakasten aritu ondoren 1933an geografiako doktoradutza lortu zuen honako lanarekin: Les modes de vie dans les Pyrénees Atlantiques orientales. Izenburu orokor horren atzean, Euskal Herriko lurralde eta historiaz ordura arte egindako ikerketa mardul eta osatuena dago.

Euskal Pirinioetako bi aldeetako geografiaz gain, hemengo jendeen azken bostehun urtetako bizimodua eta demografia jorratu zituen, Auñamenditik hasi eta Bilboraino. Ez zuen historia lan bat egin nahi, baina ezinbestean iraganera jo zuen egoera sozial eta ekonomikoa ulertu aldera. Hala, gizakiaren jarduera konparatu zuen muga linguistiko zein kultur berezitasunekin: “Euskararen adibideak erakusten du hizkuntza baten destinoa hura hitz egiten duten pertsonen bizimodu aldaketen menpe dagoela”, irakur liteke.

Lefebvrek Erribera eta Enkarterriak aparte utzi zituen, baina modu batean, Euskal Herriaren ikuspegi globala landu zuen, ez soilik territorialki, baita sozialki ere: XVI. mendeko euskal artzantzaren eta basogintzaren arteko gatazkak landu zituen, nola XX. mendeko industria eta langile auzoak. Horren atzean artxibo lan ikaragarria dago, baina gainera Euskal Herrian barrena ibili zen “errondatxoa” egiten eta toponimoak jasotzen. “Bere bidaietan mota guztietako pertsonak galdekatu ditu”, azaldu zuten Gure Herria aldizkarian liburuaren berri eman zutenean. Emaitza, 778 orrialdeko liburukote itzela, 103 taula eta 34 mapaz ilustratua. Zorionez EHUren atarian dago zintzilik pdf formatuan.

“Derrigorrezkoa jarraitzen du izaten Lefebvreren liburua kontsultatzea Euskal Herri garaikidearen historia egin nahi duen ororentzat”, dio Joseba Agirreazkuenagak De los vascos sin historia a los vascos con historia saiakeran (Txertoa, 2016). EHUko historia katedradunak sarritan aldarrikatu du geografo flandriarraren obra: “Eredu izan zen historia eta geografiaren ikerketan eta eragin berritzailea izan zuen”. Han eta hemen aurki ditzakegu antzeko aipamenak zenbait historialariren artean, “ezbairik gabe obrarik garrantzitsuena”, “berritzaileena”… Duela hogei urte etxe honetan, LARRUN batean zera esan zuen Manex Goihenetxe zenak:

“Ez dakit gehiegi ote den aurreratzea Lefebvre izan dela Euskal Herriko historia lehenaldikoz bide egokian eta arlo egokian ematen duena; eta urrunago joanez, Euskal Herriko egiazko historia –egiazko hitza eztabaidagarria izan daiteke– ez ote da hasten Lefebvrerekin”.

Baina ezterenzubitarrak, oraindik badugun susmoa zuen orduan ere: Ipar Euskal Herrian apenas ezagutzen da, Hegoaldean ezer ez.

Caro Barojaren Los Vascos ahantzita edukitzea pentsaezina litzateke. Lefebvrek aldiz ez dauka euskarazko Wikipedian ezta sarreratxo bat ere; frantsesezko edizioan, berriz, kasik gehiago nabarmentzen da haren anaia Georgesek Frantziar Iraultzaz teorizatutakoa. Zergatik? Flandiarrak bere lanean asmatu zuen muga linguistikoez hitz egiterakoan…

Erresistentziako kide

Lefebvrek Poitierseko Unibertsitateko Letren fakultatean irakasle plaza lortu zuen; ordutik bere karrera akademikoa hiri horri lotuta egon zen. Ikasleak bereganatzeko umorea erabiliz, Euskal Herriari buruzko lana egiteko erabilitako metodologia bera irakatsi zien: ibilaldiak antolatzen zituen pasaiak eta jendea ezagutzeko.

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean gobernu kolaborazionistaren kontrako erresistentzian sartu zen, Louis Renarden sarean. Ausardia bai, baina ezkutuan irauteko abilezia gutxi izan zuten sare hartako kideek eta polizia frantziarrak salaturik 1942ko irailaren 30ean atxilotu zituen Gestapok. Wolfenbüttelgo presondegira eraman zituzten, Saxonia Beherean. Toki hura erresistentziako kideak exekutatzeko gune nagusi bilakatu zen denborarekin.

Wolfenbüttel presondegiko gilotinatze sala, 1945eko maiatzean naziek utzi ondoren.

Nazien “herri tribunalak” kondenaturik, Lefebvre hiltzeko ordena 1943ko azaroaren 16an sinatu zuen Justizia ministroak. Hortik egun gutxira, abenduaren 3an gilotinaz dekapitatu zuten, beste bederatzi lagunekin batera, tartean Renard bera. “Borreroak seriean egin zuen lan egun hartan, minutu gutxiko tartearekin”, zioen Alain Guérin kazetariak Chronique de la Résistance liburuan. Renard sarearen akabera ezaguna da Bigarren Mundu Gerraren historian, bere kideen omenez monumentu bat jaso zuten Poitierseko hilerrian.

Hiri horretan dauka etorbide batek Lefebvreren izena, lan egin zuen unibertsitateko eraikinen erdian-erdian, eta hango Geografia Fakultateko liburutegiari ere izen bera jarri zioten maisuaren omenez. Euskal Herrian, Auñamendi entziklopediako aipamen txiki batekin konformatu beharko gara oraingoz, gaztelaniaz. Noiz ikusiko dugu Les modes de vie euskarara ekarrita?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07