blogak

Angelu itsua

Gerretako ikusezinak

Mugimendu feministak martxa antimilitarista egin zuen larunbatean Santurtziko kaian (arg: Marisol Ramirez / Argazki Press)

Ahotsak: Hernaniko emakumeen testigantzak dokumentala lehen aldiz ikusteko aukera izan genuen joan den astean. Jadanik ezaguna zaigun Ahotsak.eus proiektuak sarean eskura utzi digun ondaretik abiatuta, Beñat Iturrioz zinegileak historia ikusezin hori bildu eta emakumeek garai zailenetan izandako paper garrantzitsua agerian utzi du. Hernaniko Udalak “andreen iragan biziaz” antolatutako ekimenaren baitan egin zen emanaldia, eta horren aurretik emakumeek lan munduan izandako esperientziak ere errepasatu genituen hainbat ikerketaren bidez.

Ondorioa garbia da: teoriak eta botereak “osagarri” jotzen dituen horiek, praktikan giltzarri (izan) dira jendartearen biziraupenerako. “Emakumeak ez zuen firmarik, baina buruarekin egiten zuen lan” zioen pantailako amona batek irribarrea galdu gabe. Gerra osteko unerik gogorrenetan ere, estraperloan edo merkatuan erakutsi zuten adorea ikaragarria da, triskantzari aurre egin zioten “makina bat arrasta eginda”.

Eta triskantzari aurre egiten segitzen dute belaunaldiz belaunaldi, transmisioaren txirikordari esker. Abenduaren 16an Euskal Herriko mugimendu feministak martxa antimilitarista egin zuen Santurtzin, Bilboko Porturaino. Han zamatzen dituzte itsasontziak hilero Ekialde Hurbileko gerretan erabilitako armaz.

 

Ahotsak dokumentalean, azal gogorreko emakume horiek gosea, debekuak eta oztopoak gogoratzen dituzte, ez biktimaren malkoekin, baizik eta patuari ziria sartu dionaren konbentzimenduz

 

Antolatzaileek nabarmendu zuten feminismoa historian zehar gerraren kontrako agente aktibo izan dela. Beharko, emakumeen gorputzak baitira patriarkatuak inposatutako indarkeria horren “lehen harrapakinak”. Lagun mordoa bildu da Santurtziko kaiko lotsaren harresian kateatuta, salatzeko Euskal Herrian duela 80 urte bezala gaur Siria edo Yemengo gerretan emakumeak ikusezinak direla eta “biktima rola” dutela.

Frontearen atzealdeko sufrimenduari, baina, ertzekoek egunerokoan aurre egin ohi diete jarrera indartsu batekin: umoreaz. Ahotsak dokumentalean, dozenaka urte eta mila bizipen soinean dituzten azal gogorreko emakume horiek gosea, debekuak eta oztopoak gogoratzen dituzte, ez biktimaren malkoekin, baizik eta patuari ziria sartu dionaren konbentzimenduz.

Eta seguru Alepoko kale horretan zutik geratu diren lau etxeen artean belarria jarriz gero, algara bat entzungo duzula, gaurkoengandik  gerokoentzat.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07