blogak

Angelu itsua

Gerrak, makinak eta pertsonak

Tranbia Jerusalem erdigunean, linea berri batek palestinar lurraldeetara eramango du.

 

CAFeko enpresa batzordeak berretsi du Jerusalemgo tranbia ez eraikitzeko jarrera. Otsailean, Beasaingo tren konpainia lizitazio lehian sartu zenean, langileak aurka agertu ziren esanez ez zutela parte hartu nahi giza eskubideak errespetatzen ez dituen proiektu batean –palestinar lurraldeetako judutarren asentamendu ilegalak lotuko ditu tranbiak–. Europako beste konpainia garrantzitsu ugarik ez bezala, CAFeko enpresako zuzendaritzak aurrera egin zuen ordea, eta abuztuan Israelek 500 milioi euroko lotea esleitu dio.

Elkarrizketa batean, CAFeko presidente izendatu berri Andres Arizkorretak azaldu du azterketa “etikoa” eginda onartu dutela esleipena. Baina langileek ez dute apoa irentsi eta kontrako iritzia agertu dute berriz ere, salatuz Palestinaren okupatzaileei “normalizatutako” azpiegiturak eskainiko dizkiotela eta eurak ere gatazkaren erdigunean kokatzen dituela.

Mundu merkantilista honetan, ez da ohikoa CAFeko langileak izaten ari diren jokabidea. Ariketa bera egin beharko lukete armagintzan dabiltzan euskal enpresetakoek. Edo beste maila batean, adibidez, estraktibismoak sorturiko gatazken erdian petrolioa eta gasa erauzteko balbulak egiten munduko liderra den Ampo kooperatibak. Produzitzen dugun hori ere bagara, eta askotan erraza ez den arren, badago zer hausnartua.

Beharrezkoa da produkzio-kate osoan aldagai etikoa kontuan edukitzea: giza eskubideak, klima larrialdia… ARGIAn pauso txiki bat eman dugu, eta orain arte plastikoz bilduta zihoazen astekariak, patata-azal konpostagarriz iritsiko dira orain etxeetara –Euskal Herrian klima gehien kaltetzen duten zortzi enpresatik lau erraustegiak dira–, jakin badakigun arren pauso gehiago eman beharko ditugula aurrerantzean ere.

Enpresetan langileen “parte-hartzea” sustatzen ari diren honetan, zer parte-hartzaileagoa halako eztabaidak sustatu eta erabakiak hartzea baino? Beharginak eskulan hutsa edo makinak direla uste dutenen aurrean, CAFeko langileek erakutsi digute trenak pertsonek egiten dituztela oraindik, beraien behar, gogo eta ideiekin.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07