blogak

Angelu itsua

Gero eta zaharragoak, gero eta solidarioagoak

Bizi itxaropena orain baino askoz gehiago igo da azken mende eta laurdenean, sistemaren kolapsorik ekarri gabe. Irudian, pentsiodunak protestan Bilbon (arg: Foku /Jaizki Fontaneda)

Bilboko udaletxe aurrean txistu eta oihu artean hartu zituzten Magdalena Valerio Espainiako Lan ministroaren hitzak astelehenean: “Gobernuak ezin du konpromisorik hartu”, esan zuen 1.080 euroko gutxieneko pentsio duinaren aldarrikapenaren aurrean.

Euskal Herrian pentsionistak erakusten ari diren indarraldia itzela da, eta astelehenean beste behin Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian bildutako milaka lagunak dira horren erakusgarri. Ministroen agenda mugitu eta Gobernuak presiopean jartzea lortu dute. Toledoko Itunean ere pentsioak KPIren arabera igotzea onartu behar izan dute alderdi guztiek.

Baina neurri hori ez da nahikoa pentsiodunentzat, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezinbestekoa da bizitza duin bat eramateko, eta ez diote haiek, Europako Eskubide Sozialen Kartak baizik.

Badira ordea aspaldion eta, are gehiago oraingo protesta egoera aprobetxatuz, pentsio sistema publikoaren “jasangarritasuna” zalantzan jartzen dutenak. Argudio nagusi bat erabiltzen da horretarako: gero eta zaharragoak gara.

Hori da, esaterako Nuria Lopez de Guereñu Confebaskeko idazkari nagusi ohiaren ustea. Euskadi Irratiko iritzi tartean hitz egin du, asteleheneko pentsiodunen olatu masiboa gertatu baina ordu batzuk lehenago.

Azken 40 urtetan bizi itxaropena hamar urte hazi dela gogorarazi du Lopez de Guereñuk, “gastu gero eta handiagoa”, alegia.

Baina bizi itxaropenaren hazkuntza ez da gaurko kontu bat, Espainiako Estatuan 120 urtez hazi da, orain baino erritmo handiagoan. Juan Antonio Fernández Cordón demografoaren arabera, hurrengo 35 urtetan azkeneko 35 urtetan baino gutxiago haziko da gainera. Honen ustez, ekonomista neoliberalek erabiltzen duten tranpa da zaharkitzearena, pentsio publikoaren irudia kaltetu eta pentsio pribatuak sustatzeko. Bakoitzak bere astoari arre!

Pentsiodunek ministroen agenda mugitu eta Gobernuak presiopean jartzea lortu dute euren mobilizazioekin (arg: Foku / Luis Jauregialtzo)

1958 eta 1977 urte arteko baby boom-ean jaiotakoak orain hasiko dira jubilatzen, hori ei da problema. Baina belaunaldi horren kotizazioei esker hornitu dira Espainiako Aurrekontu Orokorrak urte luzez eta sortu da “pentsioen itsulapikoa”. 1977tik langileek 843.000 milioi euro ekarri dituztela kalkulatu izan da.

Itsulapikoa ordea hondarretan dago, eta pentsio sistemaren defizita 19.000 milioi eurokoa da. Baina kotizazioetatik ekarritako dirua soilik pentsioak ordaintzeko erabiliko balitz –eta ez zeharkako beste gastu batzuetarako–, defizita 7.000 milioi eurokoa litzateke Economistas Frente a la Crisis kolektiboaren arabera; Espainiako BPGa kontuan edukita zifra onargarria.

Nola ordaindu  gainerakoa? Aurrekontu Orokorren bidez agian –defizitaren langa hor dagoen arren–, baita egungo langile prekarioen kotizazioa hobetuz ere, eta jakina, zergak erabiliz.

“Edozein sistema, publiko zein pribatuk, ez luke enpresen lehiakortasuna mugatu behar”, jo du abisua Lopez de Guereñuk. Bere esanetan, Espainian kotizazio sozialen %73 enpresen ekarpenei dagokio, eta Europar Batasuneko batez bestekoa %58 da. Ahaztu zaizkio enpresa horiei Gizarte Segurantzak ematen dizkien hobariak –kasu askotan iruzur direnak Baleren Bakaikoak dioen gisan– eta ahaztu zaio esatea Espainiako presio fiskala Europakoa baino askoz baxuagoa dela edo EAEn sozietate zerga hamar urtean erdira jaitsi dela, bere alderdiak (EAJ), PPrekin egindako itunei esker.

Nolanahi ere, beste parametro batzuetan jarri beharko genuke begirada. Gogoan eduki behar dugu krisiak gogorren jo duenean pentsiodunak izan direla familia askoren sostengu bakarra, eta haien laguntzari esker kontsumitu dutela herritarrek enpresek ekoitzitakoa. Ez gara lehiaz ari, belaunaldi arteko solidaritateaz ari gara.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07