blogak

Angelu itsua

Frankismoaren apologia, askatasunaren izenean?

Ceaqua kereila argentinarraren aldeko plataformako eta Amnistia Internazionaleko kideak Espainiako Kongresu atarian bilduta, Memoria Demokratikoaren Legeak aurrera egin dezala eskatu eta CGJPren jarrera gaitzesteko. (arg: Ceaqua)

“Uste al duzu adierazpen askatasunak frankismoa, nazismoa edo faxismoa bezalako ideologia totalitarioak babestu behar dituela?”. Galdera hori luzatu diote Unidas Podemos, ERC, EAJ, Junts eta EH Bilduko europarlamentariek Europako Batzordeari. Izan ere, Espainiako Estatuko Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko (CGPJ) bokalen arabera, Francisco Franco bezalako fundazioek apologia frankista egitea adierazpen askatasunak babesturik dago, “biktimak ez badira umiliatzen”, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen inguruko ebazpen proposamenean idatzi dutenez.

Europarlamentariek uste dute baieztapen horrek talka egiten duela 2018an Estrasburgoko ganberak indarkeria neofaxistaz onartutako erresoluzioarekin –“Ideologia eta intolerantzia faxistak demokraziaren beraren aurkako erasoarekin lotuta daude beti”, zioen testuak–. Espainiako Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak, bere aldetik, CGJPri leporatu dio biktimen artean “apartheida” sortzea eta frankismoaren biktimei ez ematea terrorismoarenei aitortzen dien babes bera, gorazarre eta umiliatzeen aurrean.

Memoria Demokratikoaren Legeak jasotzen duen puntuetako bat da fundazio frankistak ilegalizatzea; baina legea onartzeko prozesua geldi doa eta oztopoz beteta dago. Ceaquak eta Amnistia Internazionalak CGPJri eskatu diote bere ebazpena lehenbailehen eman dezala –ekainaren 7an bilduko da plenoa–, “debate parlamentarioak segi dezan”. Izan ere, erakunde horien ustez, lege proposamenak aurrerapausoak dakartzan arren, hobekuntzak behar ditu egia, justizia eta erreparazioaren arloan: “Ezin da gizarte bezala aurrera egin gizateriaren kontrako krimenek inpunitatean jarraitzen badute”.

Botere judizialaren jarrerak erakusten du oraindik kristalezko sabai asko dagoela gainditzeko. Antzeko zerbait ikusi dugu Gasteizen Terrorismoaren Biktimen Memorialarekin: milaka biktima “diskriminatu” eta kanpoan utzi dituela salatu du Memoria Osoa plataformak. Galtzaileen eta garaileen errelato frankista hezurretaraino sartuta dago oraindik, askatasunaren izenean oihal ustez demokratiko batez estali nahi bada ere.

The post Frankismoaren apologia, askatasunaren izenean? appeared first on Angelu itsua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07