blogak

Angelu itsua

Frankismoa deseraikitzeko lanak

Hamarkada luzez errukirik gabe herritarrak erreprimitu zituen Francisco Franco diktadorearen hezurrak Erorien Haranetik ateratzeko eztabaidak, agerian utzi du faxistak ez zirela marmolezko lauza baten azpian lurperatuta geratu.

Espainiako Gobernu aldaketarekin, Pedro Sánchezen exekutiboa lanean jarri zen ahalik eta azkarren Francoren gorpuzkinak Erorien Haranetik atera eta tokiari beste izaera bat emateko, Kongresuaren gehiengoak hala eskatu baitzuen 2017an. Horretarako, diktadore faxista baten oinordekoekin negoziatu du Estatuak, baita Eliza Katolikoko arduradunekin ere.

Bidean traba legal ugari aurkitu du ordea, tenplua kudeatzen duen komunitate beneditarra gotortu egin da eta familiak ere ez du “baimena” eman. Duela aste batzuk Iruñeko administrazioarekiko auzien 2. epaitegiak agindu zuen Sanjurjo jeneral faxistaren gorpuzkinak itzuli zitzatela hiri hartako Erorien Monumentura; Iruñeko Udalak handik atera zituen 2016an –Mola jeneralaren eta beste hainbat frankisten hezurrekin batera– baina familiak helegitea jarri ondoren etorri da epaia. Kasuak itzal gehiago ekarri zion Francoren deshobiratze asmoari.

1940an errepublikar esklaboen lan eta odolez eraikitzen hasia, 1958an amaitu zuten Madrilgo Cuelgamuros natur gunean El Valle de los Caídos (Erorien Harana) monumentu multzoa. Hainbatek baliatu zuten abagunea diktaduraren eta langileen baldintza penagarrien abaroan dirua egiteko, tartean Felix Huarte enpresari nafarrak –Huarte y Cía-ren jabea zena, egun OHL konpainia barruan–.

Felix Huarte nafarraren konpainiak eraiki zuen Erorien Harana, errepublikar esklaboen miseriazko lan baldintzak baliatuz.

Pedro Muguruza elgoibartarrak diseinatua –erregimenaren arkitekto kuttuna izan zen eta Falangeko buru, besteak beste–, Francoren proiektu pertsonal hura bere gorpuzkinak jasotzeko ez ezik, erregimen eta ideia faxistak gurtzeko toki ere bihurtu zen segituan. Hala, talde ultrakatoliko eta neofaxisten bilgune da, diktadoreari mezak eskaintzen dizkiote eta loreak jarri bere hilobian egunero.

Baina Erorien Haranean gutxienez 33.000 lagunen hezurrak ere badaude –teorian 1936ko gerrako “bi bandoetan” hildakoak jasotzeko egin zen– egoera oso kaskarrean. Hilotz horietako asko senideen baimenik gabe eta askoren ezezagutzaz eraman zituzten hara. Kaperako kolunbarioan, nahasita dauden hezur zati mordoak atzeman dituzte eta zenbait kasutan femurrak eta tibiak hezetasunak irekitako zirrikituetatik erortzen dira.

Galtzaileak umiliatu eta faxismoa goraipatzen den eraikin horrek urtean 2,5 milioi euroko gastua dauka, eta zati handiena diru publikotik datorkio. Halakorik zaila izango litzateke ulertzea Alemanian edo Argentinan.

“Segi esaten faxistak lau friki nostalgiko direla…”, zioen Jonathan Martínez kazetariak txio batean. Jordi Borràs El Món-eko fotokazetari eta ARGIAren kolaboratzaile katalanak jasandako erasoaz ari zen. Pertsona bat –gero jakin zen polizia zela– Viva Franco! oihukatuz kolpeka oldartu zitzaion odoletan utzi arte.
Diktadore bati bibaka jendea egurtzen eta haren aurpegia daramaten afixak Madrilgo bazter guztietan paratzen dituen eskuin muturra uste baino antolatuago dago, Francisco Franco fundazioa eta antzeko erakundeen babesa dauka, boterearena.

Frankismoa nunca máis

Lerro hauek idazten ari gara uztailaren 18an. Egun horretan, bederatzi galiziar auzitegira deituta zeuden –epaiketa atzeratu egin da azkenean– Francoren
A Coruñako etxea sinbolikoki okupatzeagatik. Gerra garaian espoliatutako ondasun publikoa galiziar herriari itzultzea eskatzen dute. Beste hemeretzi lagun ere salatu ditu Francisco Franco fundazioak, Meirásko pazo ezagunean egindako ekintzagatik: 13 urte arteko kartzela zigorra eskatzen du.

“Ba al dago Alemanian Hitler fundaziorik? Ez. Badago Portugalen Salazar fundaziorik? Ez. Eta Italian Mussolini fundaziorik? Ezta ere jaun-andreak, baina Espainian Franco fundazioa dago eta faxismoaren apologia egiten du”. Horrelaxe mintzatu zen Ana Miranda Paz BNGko europarlamentaria Bruselako pleno aretoan. “Fundazio horrek hemeretzi lagun salatu ditu gorroto delituagatik. Mundua alderantziz. Sánchez presidenteak aukera historikoa dauka fundazioa ilegalizatzeko. Frankismoa nunca máis”.

Gerraosteko arpilatzeetan oinarrituriko botere ekonomikoa desmuntatu behar da. Eraldaketa sozial eta ekonomikorik gabe nekez lortuko dugu iraganeko frankismoko loturetatik askatzea

Baina 40 urteko diktaduraren loturak ez dira hain erraz haustekoak. Ez gurutze bat kenduz, ez hezur batzuk tokiz aldatuz, ezta elkarte bat legez kanpo utziaz ere. Iragan frankistak jarraitzen du espainiar sistemaren erroetan –zer izan zen Trantsizioa bestela?– eta tick ugari antzeman daitezke hargatik: uztailaren 18aren ingurumarian, baita ere, Iruñeko hainbat lagun telefono bidez galdekatu ditu poliziak, duela 40 urteko Sanferminetako gertaerak eta German Rodriguezen hilketa “Estatu krimena” izan zirela jartzen zuen pankarta batzuen karira. Espainiako Konstituzioa bozkatu gabe zegoen eta erregimen zaharreko kolore berak zituzten indar armatuek Iruñeko zezen-plazan sartu zirenean.

Frankismoa ideologikoki deseraiki behar da, neokontserbadurismoaren edo liberalismoaren mozorroa kendu behar zaio, eta gerraosteko arpilatzeetan oinarrituriko botere ekonomikoa desmuntatu. Eraldaketa sozial eta ekonomikorik gabe nekez lortuko dugu iragan horretatik askatzea.

Baina Erorien Harana bezalako ikur bati bestelako esanahia ematea pauso sinboliko garrantzitsua da, egin beharreko urratsa. 1975ean Franco hil zenean milaka lagun izan ziren bere hilobiaren aurretik pasatakoak, Haien artean bazegoen ANVko gudari zahar bat. Ez zen Madrileraino joan bizitza izorratu zion diktadoreari azken agurra egitera, baizik eta marmolezko lauza ondo itxita zegoela ziurtatzera.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07