blogak

Angelu itsua

“Ez dadila entzun gehiago ‘askatuta’ hitz nazkagarria”

Larunbatean Hernaniko Udalak beharrezkoa den oroimen ekitaldia egingo du herriko hilerrian 1936an frankistek hildako 200 lagunak gogoratzeko. Baina zeintzuk izan ziren krimen horien arduradunak? Zeinek sustatu eta agindu zituen fusilatzeak? Komeni da izen horiek ere ez ahaztea.

 

1936ko urriaren 19an, José María Arellano Gipuzkoako gobernadore zibil falangistak halaxe amaitu zuen Donostian Diputazioaren jauregian emandako hitzaldi gogorra, Diario Vasco-ren biharamuneko kronikan irakur dezakegunez: “Ez dadila entzun gehiago askatuta hitz nazkagarria”. Odolez zipriztindutako heriotza-orgia baten azken hitzak dira, ordu batzuk lehenago hogei lagun fusilatu baitzituzten Hernaniko hilerriko horman, tartean Aitzol  apaiz euskaltzalea. Errepresio giro likatsu hartan, ez ziren fusilatze haiek lehenak izan, ezta tamalez azkenak izango ere.

1936ko udazkenean frankistek Hernaniko hilerrian 200 pertsona hil zituzten, eta haien izenak gogoratzeko oroimen ekitaldia egingo du larunbatean Hernaniko Udalak, eguerdiko 11:45ean hasita. Ekitaldian izango dira Hernaniko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, baita biktimen senideak ere: “Eta zer esanik ez, hernaniarrak ere gonbidatu nahi ditugu, askok eta askok, edo haien senideek, sufritu baitzuten frankismoaren errepresioa”, azaldu du Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak.

Gertaera haietatik 86 urte betetzen direnean, omenaldia oso beharrezkoa ikusten dute. Izan ere Txuso Gómez Hernaniko artxibozainak gogorarazi duen moduan, Hernani izan zen Gipuzkoako fusilatze gune nagusietakoa, baina “inpunitateak estalarazi zituen krimen haiek eta isilduak izan ziren”. Izen horiek gogoratu eta “zor hori kitatu beharra dagoelako” antolatu dute omenaldia, udaletik azaldu dutenez.

Erreketeak Hernaniko Kale Nagusian gora 1936an; hango hilerria fusilatze gune nagusi bilakatu zen (argazkia: Hernaniko Udala)

Beste izenak: nork agindu eta gidatzen zituen fusilatzeak?

Azken urteetan hainbat ikerketa egin dira Hernanin frankistek egindako fusilatzeen biktimak identifikatu eta haien izenak duintzeko. Gehienak epaiketarik gabe hil zituzten, Ondarretako kartzelatik “libre” atera ondoren. Apenas utzi zuten froga dokumentalik gertaera horien inguruan, baina horrek ez du esan nahi hiltzaileak euren kabuz aritu zirenik: ongi pentsatutako eta hierarkia baten arabera antolatutako estrategia bat izan zen.

Zeintzuk izan ziren estrategia horren erantzuleak? Zeinek sinatzen zuen agindua eta zeinek gidatzen zituen fusilatzeak? Akaso Arellano gobernadore zibilak ez zekien ezer Diputazioko jauregian gaurko egunez hitz horiekin oka egin zuenean? Hauek dira, berak bezala, 1936an Hernaniko eta Donostia inguruetako frankisten krimenetan ardura zuzena izan zuten pertsonetako batzuen izenak:

 

Ramiro Llamas del Toro: Infanteriako komandantea, 1934ko iraultza erreprimitzeko auzi-epaile izan zen Gipuzkoako hainbat herritan eta militarrek estatu kolpea jo zutenean Movimiento-aren jarraitzaile sutsu aitortu zuen bere burua. Irailaren14an Donostiako “epaile berezi” izendatu zuten, baita Ondarretako lurralde kartzelako zuzendari ere. Berak sinatzen zituzten presoak “aske” uzteko dokumentuak. Gelasio Aranburu Pasaiako apaizari hitzez hitz esan zion Celestino Onaindia elizgizona bere aginduz fusilatu zutela. Beste exekuzio askoren ardura zuzena izan zuen: Gobernu Militarreko Donostiako egoitzan zeukan epaitegiko bulegoan, liburu batean kontsultatzen zuen zeintzuk ziren bere aginduz hildakoak. 1936ko azaroan Tolosako kartzelatik Ondarretara 25 preso eramateko agindu zuen eta horietatik 19 fusilatu egin zituzten, 1936ko gerrako oroitzapenak Tolosaldean eta Leitzaldean liburuan agertzen denez.

Ramiro Llamasek epaile kargua hartu bezain pronto “gorriek egindako gehiegikerien” berri jakin nahi izan zuen. Bere jokabidea, diruzalekeria, eta apaiz abertzaleekiko gorrotoa ezagunak ziren. Hauek “despatxatu” egiten zituela idatzi zion Pacelli kardinalari. Nonbait, apaizen fusilatzeek sorturiko harrabotsaren ondorioz kendu zuten kargutik 1936ko azaroaren 22an, eta 1938an hil zen Castellongo frontean.

Hernaniko hilerrian “nazionalek” hildako 197 lagunen gorputzak daudela ziurtatzen duena Guardia Zibilaren 1958ko agiria (arg: Hernaniko Udala)

Agustin Prado Fraile: Abokatu donostiarra eta Artilleriako alfereza, Ramiro Llamas epailearen idazkaria izan zen. Donostiako Falangean aktiboki hartu zuen parte, bere anaia erakunde horren fundatzaile izan zen Donostian eta 1936ko udan hil zuten. Pradok matxinatuen alde borrokatu zuen lehen momentutik eta irailean Llamasen ondoan aurkituko dugu. Manuel Gabarain mediku donostiarrak Asi asesina la Falange liburuan ziurtatu zuen Pradok Donostiako Café Madrid txeka falangista bisitatzen zuela, non preso errepublikarrak galdekatu, torturatu eta fusilatzera eramaten zituzten. Pradok ondo zekien, beraz, zer ari zen gertatzen egoitza ofizialetatik kanpo, baina hala ere Gomá kardinalari esan zion atxilo harturikoak “justizia azkar eta eredugarriarekin” epaitu zituztela. 1937ko martxora arte izan zen idazkari postuan eta ondoren maila altuagoko karguetara aldatu zuten.

Jose María Arellano Igea: Corellan jaioa 1885ean, abokatua, Madrilen eta Bilbon aritu zen irakasle lanean eta Luz y Taquígrafos astekari eskuindarraren zuzendari izan zen. 1936ko urriaren 7an Gipuzkoako eta Bizkaiko Gobernadore Zibil izendatu zuten. Kargu horretan zela “garbiketa” prozesu basatia eraman zuen aurrera: euskararekin zerikusia zuen testu oro ezabarazi zuen, esaterako. Bere agintaldian gertatu ziren Hernaniko eta Donostia inguruetako exekuzio paralegal gehienak, Gobernu Militarraren esanetara beti ere.

Arellanok, lehen egunetan ihes egin ondoren Donostiara itzuli ziren “susmagarriak” atzemateko eta salatzeko agindua eman zien herritarrei. Errepresioa zentralizatzeko Ordena Publikoko Junta sorrarazi zuen eta honengan utzi zuen atxiloketak egin eta “aske uzteko” eskumena.

Desfile militarra Donostiako kaleetan (arg: Kutxa Fototeka)

Miguel Cabanellas Ferrer: Espainiako Ejertzitoko jenerala eta militarrek II. Errepublikaren kontra egindako estatu kolpearen buruetako bat, Donostiara 1936ko irailaren 20an heldu zen. Matxinoek hiria bereganatu eta lehen egunetan izandako jarrera “txepela” kritikatu zuen eta esku gogorragoa eskatu zien gobernadoreei eta agintariei.

Hortik gutxira, fusilatzeen erritmoa izugarri azkartu zen, eta urrian bakarrik aurreko beste hilabetetan adina pertsona hil zituzten Hernanin. Cabanellasek Ramiro Llamasen lana txalotu zuen orduan: “Probintzia honetan zegoen iraganeko giroa eta autoritate falta asko hobetu du”. 1938an hil zen buruko isuri baten ondorioz. 2008an Baltasar Garzón epaile espainiarrak gizateriaren kontrako krimenak egiteagatik inputatu zuen beste hainbat agintari frankistarekin batera.

Miguel Cabanellasen bisita Donostiara irailaren erdialdean (argazkia: Kutxa Fototeka)

Arturo Cebrian y Sevilla: Infanteriako koronela, Gobernadore Militar izan zen Donostian 1936ko iraila amaieratik aurrera. Erabateko kontrol eta zorroztasunarekin jardun zuen; El Diario Vasco-ko zuzendari izandako José Berruezoren arabera 1936ko udazkenean Gipuzkoan bizi izandako errepresioaren erantzulea izan zen. 1936ko azaroaren 20an karguz aldatu zuten, baina ez egindako gehiegikeriengatik, baizik eta falangistekin zituen desadostasunengatik.

Roman Lizarriturry Martinez: Vastameroliko kondea, aristokrata, monarkikoa eta Renovación Españolako kidea zen. 1936ko udaran errepublikarrek Hondarribian preso izan zuten, baina ihes egin ahal izan zuen eta urrian Arellano gobernadore zibilak Diputazioko lehendakariorde izendatu zuen, bere ondoan langileen “garbiketa” egiteko. Gainera, Gipuzkoako Ordena Publikoko Juntako presidente jarri zen. Junta horrek egiten zituen bilera ilunen eta hartutako erabakien dokumenturik ez da inon agertu.

Lizarriturry El Diario Vasco egunkariaren sortzaileetako bat ere bazen eta administrazio kontseiluko kidea. Egunkari horrek, preso hartutako ezkertiar eta abertzaleen kontrako mezuak jaurtitzen zituen etengabe egun horietan: 1936ko urriaren 17an, adibidez, Galerna ontzian “arrantzatutakoei” trufa egiten zien artikulua kaleratu zuen. Hurrengo egunean fusilatu zituzten horietako asko.

Juan José Pradera Ortega: Ordena Publikoko Juntako kidea, Victor Pradera ideologo karlista donostiarraren semea zen –1936ko irailean errepublikarrek hila– eta FET eta JONS alderdiko Gipuzkoako buruzagi izatera iritsi zen. Besteak beste, kontrol-sistema bat ezarri zuen susmagarri ziren herritarrak galdekatzeko. Jean Pelletier pilotu ohiak –haue ere Galerna ontzian harrapatua– ziurtatu zuen Alejandro Mendikute apaiz hernaniarraren hilketaren ardura zuzena Praderak zuela. Elías Querejeta Insaustik ordezkatu zuen FET eta JONSeko buruzagi karguan 1939an.

Julián Madina Muñoaga: Hernaniko alkate jarri zen matxinatu frankistak herrian sartu bezain pronto –Bilbon atxilo zegoen Pablo Morencos ordezkatuz– eta kargu horretan iraun zuen 1937ko martxora arte. Hainbat testigantzen arabera hilerrira joan etorriak egiten zituen eta 1936ko urriaren 31n bandoa kaleratu zuen, debekatuz Santu Guztien egunean herritarrak hilerrira joatea.

Paulino Uzcudun Eizmendi: Boxeolari ezaguna, Francoren aldeko jarrera berehala erakutsi zuen 1936ko Gerran eta Donostian ikusi ahal izan zen “Viva Cristo Rey!” oihukatuz, fusilatze pelotoietan. Madrilen ere aritu zen zeregin horretan zenbait lekukok gerora salatu zutenez. EAJk oharra kaleratu zuen Uzkuduni “Donostian fusilatzeen arduraduna” izatea egotziz.

Jose Luís Vilallonga Cabeza de Vaca: Aristokraten semea, gurasoek Bigarren Errepublikan Biarritzera ihes egin zuten eta 1936ko estatu kolpea gertatu zenean matxinatuen alde borrokatu zen alferez moduan erreketeekin. Fiesta izeneko liburuan zehatz-mehatz kontatzen du nola hartu zuen parte fusilatze pelotoietan Hernanin, 16 urte besterik ez zituela. Liburuan kontatutakoa, hainbat elkarrizketetan berretsi zuen ondoren.

Emilio Mola Vidal: 1936ko altxamendua antolatu zuen jenerala, Hego Euskal Herrian izandako errepresioaren barbarizazioaren diseinatzaile nagusietakoa izan zen, batez ere Nafarroako hegoaldean, baina baita gainerako lurraldeetan ere. Bere aginduak argi eta garbi esaten zuen: “Beharrezkoa da terrore atmosfera bat sortzea…”. Mola jakinaren gainean zegoen Hernanin gertatzen ari zenaz. Iñaki Egañak Los crímenes de Franco en Euskal Herria liburuan azaltzen duenez, exekuzioen eszenatokiak bisitatu zituen 1936ko urri amaieran, eta hortik egun gutxira gelditu egin ziren, dirudienez “diskrezio gehiagoz” fusilatzeko agindu zuelako. Diskrezio gehiagoz bai, baina hilketek jarraitu zuten, Oiartzunen eta Beran, esaterako.

Argi-horma eskultura Hernaniko hilerrian, 1936ko fusilatuen omenez (argazkia: Hernaniko Udala)

Hamar izen jarri ditugu hemen. Batzuk ezagunak, beste batzuk ardura postu handia zutenak. Baina askoz gehiago izan ziren fusilatzeen kate-sistema horretan parte hartu zuten borreroak, kolaboratzaileak eta salatzaileak. Batzuk fusilak eskuetan zituztela, eta beste batzuk, abizen aski ezagunekoak hedabide eta erakunde garrantzitsuetan, euren boterea nahieran erabiltzen zutela. Errepresiogileak azaleratzeko zenbait tokitan historialariak egiten ari diren lana –Nafarroan kasu–, Hernaniko eta Gipuzkoako kasuan ere beharrezkoa den seinale.

The post “Ez dadila entzun gehiago ‘askatuta’ hitz nazkagarria” appeared first on Angelu itsua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07