blogak

Angelu itsua

Ez da ondo aterako

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua, Astigarraga eta Hernani arteko oinezko igarobidean (arg.: Irekia.eus)

Hernani eta Astigarraga artean, Okendotegi bidean, oinezkoek trenbidea gainetik gurutzatzeko eraiki duten aldamiozko igarobide erraldoia aukeratu du Iñaki Arriola EAEko Garraio sailburuak AHTren inguruko azken xehetasunak emateko. Ez dakit jakingo ote duen hortik metro gutxira Donostiako eraikin zibil zaharrenetakoa bota eta hainbat familia kale gorrian utzi dituztela duela apenas aste batzuk, trenbidearen trazatuan enbarazu egiten zutelako.

Obren eta kamioien burrunbak eten du behin baino gehiagotan sailburua –aldirietan prentsaurrekoak emateak hori dauka–, baina pixkanaka irakurri ahal izan du prestaturik zuen testua. “Gauzatzen ari garen azken zatietako bat da”, esan du.  Astigarraga eta Hernani arteko AHTren obrak 2012an hasi zituzten eta hainbat atzerapen eta arazo izan dituzte urte guztiotan –tartean baita lan-esplotazio salaketa larriak ere–. Baina badirudi udan aldamiozko behin behineko azpiegitura desmuntatu ahal izango dutela, “orain arte Okendotegiko bizilagunei pasatzen utzi diena”. Zenbat bizilagun geratzen da baina? Adifek euren etxeetatik kanporatu dituenak ez behintzat

Arriolak, bere hitzartzean, inplizituki azpimarratu nahi izan du dena ondo aterako dela, AHTren obrak martxa onean doazela eta aurki amaituko direla. Baina galderen txanda iritsi denean, aitortu du Espainiako Sustapen ministerioak 2027 urteko “ortzi-muga” duela buruan, ñabardura garrantzitsu batekin: Bilbo eta Gasteizko sarbideak ez dira ordurako prest egongo. Ez ote dute Europar Batasunak exijitzen duen 2030 urtearen muga gaindituko?

Sailburuak esan dezake nahi duena, baina datuak hor daude: Euskal Y proiektuaren inbertsioen %58 egiteke daude oraindik, Iñaki Petxarromanek Berria-n emandako datuen arabera –Nafarroan %92–. Horrela ikusita, ez dirudi trenbidea amaitzear denik… Gainera, lanek %40ko gain-kostua izan dute eta 6.000 milioi euro baino gehiago gastatuko dira. Hamabost urte dira Arabako Urbinan AHTren lanak hasi zituztela, eta obra faraonikoa amildegi beltz sakon bat bihurtu da jadanik. Ez, ez da ondo aterako, besoak astinduta ere.

The post Ez da ondo aterako appeared first on Angelu itsua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07