blogak

Angelu itsua

Euskaldunaren kolapsoa

Abenduaren 1ean, duela 35 urte, Euskaldunako langileen emazteek 24 orduko itxialdia egin zuten. Itzaleko borroka horren lekuko da Nosotras las mujeres de Euskalduna dokumentala. Euskaldunako beharginek egunak zeramatzaten poliziari ahal zuten guztiarekin aurre egiten –tiragomak sinbolo bihurtu ziren–. Bestaldean, tankeak eta benetako su-balak. Espainiako polizia iritsi zen egunero 400 ke-pote eta 1.000 gomazko pilota jaurtitzera.

1984ko azaroaren 23a. Borroka gogor eta ausart baten alde mingotsena bizi behar izan zuten egun hartan langileek, polizia jo eta su sartu baitzen Olabeagako Euskalduna ontziola barrura eta hainbat pertsona larri zauritu zituen; Pablo Gonzalez Larrazabal bihotzekoak jota hil zen oldarraldian. Handik gutxira egindako La Batalla de Euskalduna dokumentalean ezin hobeto arnastu daiteke langileen sumindura eta etsipena.

Ontzigintzaren birmoldaketa mamu baten itzala bezala ari zen zabaltzen. Sektorea krisian zen 70eko hamarkadatik, Europako Ekonomia Erkidegoak bultzatutako politikaren ondorioz. Ez zen nolanahiko arazoa, soilik Nerbioi ezkerraldean zuzeneko 4.000 lanpostu eta zeharkako beste 20.000 zeuden jokoan. 1983an PSOEren Gobernuak “birmoldaketa eta berrindustrializaziorako” dekretua onartu zuen. Eufemismo horrekin, errentagarriak ez ziren ontziolak itxi eta soberan zeuden langileak Enplegu Sustapenerako Funtsera batu nahi zituen.

INI eta Euskalduna ontziolaren jabe zen AESAren planen kontrako manifestazioa Bilbon (arg.: Argia artxiboa)

Euskaldunako borrokaldian nabarmentzeko ezer badago, hori da langileak abangoardian jarri zirela, eta ondorioz, lortu zutela sindikatu gehienak eta baita EAJ alderdia bera ere euren aldera eramatea. UGTk, ordea, akordioa sinatu zuen Industria Institutuarekin 1984ko azaroaren 15ean –Estatuan 11.000 lanpostu murriztu eta praktikan Euskalduna ixtea zekarren–. Hurrengo egunetan Deustuko zubian denok gogoan ditugun irudi ikusgarriak ematen hasi ziren.

Giro hartan, Bilboko sarbide nagusietakoa kolapsatu edo Sondikako aireportua okupatzea ez ziren oztopo izan EAJren Eusko Jaurlaritzak tsunami eta mobilizazio haiek –aho txikiarekin bada ere– babesteko. Akaso, gaur egun Behobiako “joan-etorri librea eta askatasun ekonomikoa” –Josu Erkoreka bozeramaileak esan bezala– inportanteagoak ote dira?–.

Azaroaren 20an, Santi Brouarden hilketak oraindik gehiago piztu zuen haserrea. Greba orokorraren hurrengo egunean Euskaldunaren asaltoa hasi zuen poliziak; José Barrionuevo Espainiako Barne sailburua –eta GALen ekintzengatik kondenatua– omen zegoen operazioaren atzean, Bizkaitik kanpoko indar armatuak eramanda. Azaroaren 23an Miranda de Ebroko erreserba orokorreko konpainia batek metrailetak ere erabili zituen: bala zaurituak eta langile bat hilda –irakurri hemen Daniel Udalaitzen testigantza–.

Sekuentzia kronologiko horretako atentatu eta erasoen arteko lotura argitu gabe dago, eta lotsagarria da oraindik polizia horien Facebookean irakurtzea “arrastoan sartu genituen” eta antzeko aipuak; gaurko “a por ellos” ezagunaren starringak izan zitezkeen. Inpunitatea gogor ainguraturik dago estatu-aparatuetan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07