blogak

Angelu itsua

Escriváren proposamena pentsioentzako: Europako funtsen tranpan harrapatuta

José Luis Escrivá Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako ministroa (argazkia: Moncloa jauregia)

Espainiako Gizarte Segurantzako ministro José Luis Escrivák pentsio publikoen sistema berriz aldatzeko proposamena egin du: pentsioak kalkulatzeko epea kotizaturiko azken 25 urteak izan beharrean, azken 30ak izatea nahi du, baina horietatik 28 aukeratu ahal izan lituzke langileak, bi urte “okerrenak” kanpoan utzita. Gainera, soldata handienen kotizazio oinarria zabaltzea ere proposatu du.

Escrivaren arabera, urteak aukeratu ahal izateak mesede egiten die lan ibilbidean “hutsuneak” izan dituztenei, hala nola epe batez langabezian geratu direnei edo amatasunagatiko murrizketak eskatu dituztenei. Espainiako Bankuak egindako ikerketa batek (pdf) dio, bestalde, pentsio baxuenetan igoera suposatuko lukeela halako sistema batek –ikerketa 35 urte kalkulatuz egin da, sei urte okerrenak kenduta–, baina pentsioen gehiengoa murriztuko litzatekeela, batez ere altuenak. Ikusteke dago, ordea, lurraldeen arabera emaitza zein litzatekeen, kontuan izanik Hego Euskal Herrian batez besteko pentsioak beste erkidegotan baino altuagoak direla.

Sindikatuek ez dute begi onez ikusi proposamena, eta Gobernuko bazkide den Podemosek ere jadanik ezezkoa eman dio, kalkulua urte gehiagorekin eginda pentsioa baxuagoa izango dela ziur dutelako: “30 urtera zabaltzeak gogortu egiten du erretiro pentsioa lortzeko aukera”, adierazi du Yolanda Díaz Espainiako Lan ministroak.

Espainiako Gobernuari atzera kontaketa hasi zaio pentsioekin. 2021ean egindako aldaketek –KPIaren arabera igotzea– ez dute batere asebete Europako Batzordea, eta Escrivák honen nahierara egindako erreforma baten beharra dauka; bestak beste, 2021eko azaroan espresuki sinatu zuelako pentsioak kalkulatzeko urte kopurua zabalduko zuela. Zer dela eta egin zuen hori?

Next Generation diru funtsak jasotzeko Bruselak baldintza ugari jarri ditu, eta horiek bete ahala joan da “askatzen” dirua. Iaz, Espainiako lan erreforma egi ostean, 12.000 milioi euro izan ziren, eta orain, beste zati bat jasotzeko baldintzetako bat da pentsioen sisteman gastu publikoa ez handitzea, murrizketak egitea alegia.

Sindikatu eta eragile ugari aspalditik ari dira ohartarazten Europako funtsek badutela letra txikia, eta batzuk aukera bezala ikusten dutena, egiatan etorkizuneko belaunaldientzako zorra izango dela. Pentsioekin ezin garbiago ikusten da tranpa hori.

The post Escriváren proposamena pentsioentzako: Europako funtsen tranpan harrapatuta appeared first on Angelu itsua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07