blogak

Angelu itsua

Errautsak

1936ko fusilatuei monumentua Hernaniko hilerrian (arg.: Kronika)

1936ko urriaren 30ean Hernaniko alkate frankista Julian Madinak bando harrigarria publikatu zuen: “Jakinarazten dut, aurten debekatuta dagoela hilerrira joatea Santu Guztien eta Arimen egunean”. Toki hura Gipuzkoako fusilatze gune nagusi bilakatu zen, eta hainbestekoa zen odol festa –200 lagun inguru hil zituzten aste gutxiren buruan–, ezen nahiago izan zutela ateak ixtea, euren krimenak agerian gera ez zitezen. Geroztik, urte hura kenduta, beti egon izan da zabalik kanposantua azaroaren 1ean. Aurten ere hala izango da, baina osasun larrialdiaren ondorioz baldintza oso zorrotzak ezarri dituzte, eta askok ezinezko izango du bere hildakoak bisitatzeko hitzorduan egotea.

Martxoan hau dena hasi zenean, herri mugimendu eta sindikatuak oso kritiko agertu ziren erabilitako hiztegi beliko eta neurri militaristekin, arrazoi osoz gainera –“pandemia ez da gerra bat”, zioten–. Baina tamalez, gure aiton amonek duela 80 urte nozitutakoarekin baditu antzekotasun batzuk orain bizitzen ari garenak. Orduan, fusilatuak gau beltzean eraman eta desagerrarazi egin zituzten, senideei dolurako aukerarik eman gabe eta zauri sakon bat irekiz. Oraingoan ere, beste maila batean, egoera latzak ikusi ditugu ospitale eta beilatokietan: bizirik zegoena errauts eginda itzuli diete askori, ez musu eta ez azken agurrik eman gabe.

Gerra urteetako gutun pertsonal eta dokumentu epistolarretan, sarritan esaldi bat agertzen da: “Hau dena amaitzen denean…”; konfinatu gintuztenean oihukatu genuen “dena ondo amaituko da” ezagunaren antza handia dauka. Esperantzari lotzeko esaldiak dira. Eta bai, gerra amaitu zen –pandemia noizbait amaituko den gisan–, baina bere ondorioek hamarkadak iraun zituzten, besteak beste, galtzaileei ordainarazi zietelako jazotakoa eta hildakoen oroimena bide-bazterretan ahaztu nahi izan zutelako.

Covid-19aren krisiak utziko dituen ondorio ekonomikoez asko hitz egiten da, aldiz, ez hainbeste zein arrakala sozial eta psikologiko geratuko diren guzti honetatik. Zein dira benetako galtzaileak? Gure esku dago iraganeko trauma bera ez errepikatzea eta hemendik 80 urtera gaurko hildakoen memoria berreskuratzen egon behar ez izatea.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07