blogak

Angelu itsua

Erlojuaren kontra

Lore sorta Intxortako lubakietan hil zuten Gallartako Clara Morán militante komunista eta miliziana boluntarioaren omenez. Argazkia ‘Emeek Emana’ erakusketaren parte da (arg: Mauro Saravia)

Joan den larunbatean, hilak 20, Bergarako laugarren instrukzio-epaitegian deklaratu behar zuen Jesus Mari Txurrukak. Bere aitonaren anaia Hanburgoko kontzentrazio zelai batean hil zen 1945ean, eta birramona berriz, faxistek hil zuten bederatzi urte lehenago, Elgetako haren baserrian hotz-hotzean tirokaturik. Baina ez du deklaratuko. Ez berak ezta urtarrilean zehar epaitegitik igaro behar zuten frankismoko biktimen beste 13 senideek ere.

Elgetako Udalak frankistek herri horretan egindako krimenen kontra jarritako kereila tramitera onartu zuen Maider Imaz Bergarako ordezko epaileak azaroan. Erabaki historikoak harrabotsa sortu zuen, lehen aldiz Espainiako Estatuko Justizian zirrikitu bat irekitzen zuelako duela 80 urteko basakeriak epaitu ahal izateko.

Esperantzak gutxi iraun du ordea, Hugo Jacobo Calzon Mahia epaile titularrak artxibatu egin baitu auzia. Arrazoia, betikoa: 1977ko Amnistiaren Legeak ez duela uzten delitu horiek ikertzen eta preskribitu egin dutela. Frankismoaren Kontrako Kereilaren Euskal Plataformak iritzi aldaketa horren atzean “esku politikoa” ikusi du; plataformako bozeramaile Josu Ibargutxik Radio Euskadiko Ganbara saioan azaldu du, fiskaltza guztiek argudio bera erabiltzen dutela eta copy paste-a agerikoa dela. Urtarrilaren 15ean jakin dugu:Konstituzio Auzitegiak atzera bota duela Martxoaren 3ko gertaerez Arabako Batzar Nagusiek jarritako babes helegitea. Eta beste epaitegi batek gauza bera egin du 1937ko Durangoko bonbardaketa agindu zutenen kontrako kereilarekin.

Espainiar legediaren “harresi” hori gainditzeko, nazioarteko hitzarmenek gizateriaren kontrako krimenez diotena aintzat hartzeko eskatzen dute biktimen elkarteek, halakoek ez baitute preskribitzen. Genozidioa herritarren ezabatze kontzientea da, hitzarmen horien arabera.

Elgetan 1936ko urrian faxisten erasoaldia gerarazi eta errepublikarrek ustekabean fronte bat eratzea lortu zuten. Mendekua zitala izan zen elgetarren kontra, herri hartan 33 lagun hil zituzten. Gurasoak bere aurrean hil eta bortxatu zuten Anttoni Telleriaren kasua izan daiteke lazgarrienetakoa, baina hilketak, isunak eta errepresioa sistematikoak bezain kontzienteak izan ziren.

Biktimarioak badoaz, baina Estatuaren erantzukizun subsidiarioak bere horretan segitzen du. Arazoa da denborak aurrera egin ahala gero eta gaitzagoa dela testigantzak lortzea eta egia frogatzea, eta soilik egiaren atzetik etor liteke justizia.

Jesus Mari Txurrukari aitona-osabaren erlojua itzuli zioten Alemaniatik, naziek 1944an konfiskatua. Kristala hautsita zuen, baina haren orratzek berdin-berdin egiten dute aurrera Elgetako memoriaren museoko horman.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07