blogak

Angelu itsua

Engainatu gaituzte

Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia prentsaurreko batean (arg.: Irekia)

Arantxa Tapiaren hitzak atzetik jotako aizkorakada izan dira askorentzat. Deseskalatzearen fase honetan ez digute utziko beste herri batera mugitzen. Ez da harritzekoa haserrea eta amorrua. Engainatu gaituzte.

Hemengo agintariek egunak zeramatzaten esaten euskal lurraldeek aise gaindituko zutela froga, datu onenak genituela. Nekane Murga Osasun sailburuak berak horixe berretsi zuen larunbat eguerdiko agerraldian, kontraesana ageriago utziz.

Herritarrek espektatiba handiak zituzten. Baina BOEren dekretua atera eta gutxira, presazko prentsaurrekoan, aurretik abisurik ere eman gabe, askok euren senideak ikusteko zituzten itxaropenak zapuztu ditu Tapiak.

Komunikazio estrategian hanka sartze itzela egin du Jaurlaritzak, lehenago Zaldibarrekin egin zuen bezala. Noiztik zekiten hori? Zergatik ezkutatu dute? Inprobisazioak, ezkutukeriak eta herritarrak tuntuntzat hartzeak, guztiok gogaitu eta askok arauak desobeditzea besterik ez du ekarriko.

Biharamunean, irrati publikoan konpondu nahi izan du jokaldia sailburuak, aurreko egunean esandakoa justifikatuz –herritarroi “garen bezalakoak garelako” debekatu digute mugitzea– eta karamelutxoak banatuz: etxeko kide guztiek elkarrekin paseatu ahal izango dugu orain, neurri horrek inoiz zentzurik izan balu bezala.

Lehen Sánchezek esaten zuen zer egin behar genuen. Orain Tapiak. Beren eskuetan al gaude? Kazeroladak gutxi izango dira gure eskubideak berreskuratu nahi baditugu.

Herritarren amorrua handitu baizik ez da egin, atzean interes partidista hutsak daudela jabetuta. Alarma egoera luzatzeko Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioetan, orain badakigu ahalik eta azkarren hauteskundeak egin ahal izatea egon dela mahai gainean –BOEko luzapen dekretuak salatzen ditu beste behin jeltzaleak–. Eta horretarako, Urkulluk beharrezkoa zuen EAE osoa egotea lehen fasean sartuta, bozetarako deialdia aurretik egin behar baita.

Beraz, ofizialki lehen fasean gaude, baina de facto zerogarrenean jarraitzen dugu, jarduera ekonomikoak izan ezik. Tabernara joan gaitezke, baina mendira ez. Mezetara joan gaitezke, baina liburuak ezin ditugu mailegatu. Lanera joan gaitezke beste herri batera, baina hurbilekoak bisitatzera, ez.

Zuhurtzia argudiatu dute, “garantistak” izan nahi dutela. Baina ze garantiarekin bidali nahi izan zituzten milaka langile fabriketara pandemiaren okerrenean? Ze berme eskaintzen dute ikasgeletara eraman nahi dituzten 90.000 ikaslerentzat? Eta bulegoetara itzularaztea agindu dieten funtzionarientzat?

Bistan da pertsonen beharrizan sozialak eta jendearekiko konfiantza baztertu dituztela, produzitu-kontsumitu paradigma lehenesteko. Ez direna konturatzen da, eredu horrek berak eraman gintuela martxoaren 13ra, eta bide horretatik, berriz itzuliko garela hasierako puntura.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07