blogak

Angelu itsua

Emakume langileak Araban, ezinbesteko irudiak

Sin título-1web

XX. mendean emakumeek lurralde horretako ekonomiaren garapenean izan zuten garrantzia erakusten du argazki erakusketa batek, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

44 iruditan Arabako emakume langileen historia hurbilean bidaia bat eta hausnarketa. Hori da erakusketa honek proposatzen duena. Eta bisitaria konturatuko da ezinbestekoa izan zela emakumeen parte-hartzea nekazaritzan, zerbitzu publikoetan eta baita industrian ere.

Oihaneder Euskararen Etxearen ekimenez paratu dute mostra, Iker Durana teknikaria aritu da zeregin horretan, eta Aritza Saenz del Castillo ikerlariaren aholkularitza jaso du. Saenz del Castillok frankismo garaian emakumeek Gasteizko bizitza laboralean egindako ekarpenaz tesia dauka idatzia eta erakusketa osatzeko abiapuntua izan da lan hori: “Gaia beste modu batean jorratzeko proposamena luzatu zigun berak, publiko zabalagora iritsi aldera”, dio Duranak.

1890etik 2000 urte arteko argazkiak bildu dituzte Gasteizko hainbat artxibo historikotatik, ia 400 izateraino, eta hortik 44 aukeratu dituzte, hamarkada bakoitzeko launa argazki daude ikusgai. Denek uzten dute agerian emakumeak lan merkatuan izandako garrantzia, baina baita diskriminazio egoerak ere.

Lau garaitan banandu dituzte irudiak, baina agian, oso nabarmena da gerraosteko industrializaziotik aurrera emandako aldaketa. Hori baino lehen emakumeak ageri dira neskametza lanak egiten, laborantzan, irakasle eta Bigarren Errepublikan ferrokarrileko lanpostu publikoak betetzen ere bai.

 

IMG_0484web

 

 

Arabako industria, emakumearen lan-esku merkearen bila

Gerraren ondoren, diktadurarekin, zapalkuntza patriarkalean barneratzen gara berriz. Frankismoan eskubide oro ukatu zitzaien emakumeei: kontratu bat sinatzeko gizonezkoaren baimena behar zuten, ezin zuten kontu korronterik eduki eta jabetzarik ere ez. Legeak eginda zeuden emakumea etxean geratu zedin ezkondu bezain laster.

Industrializazioa 1950eko hamarkadarekin hasi zen Araban. Saenz del Castillok Las damas de hierro tesian azaldu duenez, Gipuzkoa eta batez ere Bizkaikoarekin konparatuta ezaugarri ezberdinak zituen ordea: transformazio metalikorako eskulana eskatzen zuten lantegiak ziren. Emakumeek trebezia handiagoa omen horretan eta presentzia handia izan zuten.

Egiaz interes ekonomikoak zeuden tarteko, jakina, hitzarmen eta kategoria bera edukita, emakumeari %15-40 soldata baxuagoa ordaintzen zitzaion.

Egoera horretan, emakumeek bete-betean hartu zuten parte Trantsizio garaian Gasteizeko auzoetan eta Arabako beste hainbat tokitan ugaritu ziren langile borroka eta grebetan, eta mugimendu feministaren agerpenak ere lagundu zuen ahalduntze prozesuan. Erakusketako azken argazkietan ikus daitezke emakumeak lanbide eta kargu garrantzitsuetan lanean: aurrezki kutxako presidente, Radio Vitoriako esatari, eta zinegotzi moduan ere bai.

 

IMG_0556web

Bisita gidatuarekin zabaldu zuten erakusketa martxoaren 2an;Aritz Saenz del Castillok eta Iker Duranak testuinguru historikoaren eta argazkien inguruko azalpenak eman zituzten bertan.

 

Bistan da oraindik asko dagoela egiteko –zaintza eta etxeko lanak emakumeen gain geratzen dira oraindik, adibidez–, baita aldarrikatzeko ere: martxoaren 8an milaka lagun bildu ziren Gasteizen “basakeria heteropatriarkalaren kontra” mugimendu feministak deituriko manifestazioan.

Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak, hain justu, Emakume Langilearen Egunaren testuinguruan lagundu du erakusketa: “Hausnartzera garamatza, askotan isilduarazitako gogoetara”, azaldu du Jaione Agirre Berdintasun zinegotziak.

Erakusketa apirilaren 2ra arte dago zabalik eta asteburuan ere ateak irekita dauzka. Oihanederren webgunean dituzu ordutegia eta informazio guztia.

(*Post honetan erabilitako argazkiak Oihanederrek utzi dizkigu)

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07