blogak

Angelu itsua

Ekonomia eraldatzailea, inteligentziaz muga zulatzen

Lurralde izaera eta jendeen harremanak kontuan izango dituen ekonomia baten alde lanean diharduten eragile ugari dago gurean. Halaxe ikusi genuen Hendaian, Euskal Herriko Ekonomia Eraldatzailearen Lehen Topaketan. Bidasoako urak banatzen dituen lerro ikusezin hori zulatu eta denon ongizaterako pentsaturiko proiektu eta asmoak aurkeztu zituzten.

 

OlatuKoopek Hendaiako Herriko Etxeko enplegu zentroarekin eta Ipar Euskal Herriko hainbat eragile sozioekonomikorekin elkarlanean (Andere Nahia eta ALB), jardunaldia antolatu zuen ekainaren 21ean Hendaiako Autoportuaren salan.

Jadanik 40 enpresa komunitario baina gehiagok osatzen duten OlatuKoop sareak bost urte egin ditu aurten eta pauso bat gehiago eman nahi izan du topaketa honekin, “harreman horiek trinkotzen jarraitzeko”, Beñat Irasuegi sareko kideak Antxeta Irratian azaldu zuenez. Ez da kasualitatez egin lehen topaketa Hendaian: “Ekonomia eraldatzailea eraikitzeko marko geografikoa eta harremanen markoa Euskal Herria da guretzat”, zioen Irasuegik.

Hain zuzen, ekonomia sozial eraldatzaileak (ESE) mugak zulatu edo harresiak gainditzeko beste balio lezake marko horren barruko eragileak kohesionatzeko. Bokale, Iruñea eta Arrasate artean 1,3 milioi lagun bizi dira, Imanol Esnaolak Gaindegiaren lurralde diagnostikoa aurkezterakoan azpimarratu zuenez: “Autoz ordubetean egin daitekeen bidean, hiri handi bat dugu”. Diagnostiko honen arabera, bizi eremu horretan badago masa kritiko handi bat eta ESEren ekosistemak “inteligentzia erakundeak” eskaini diezazkioke, sortzen ari diren premiei erantzuteko.

2008ko krisitik ekonomiak gero eta gehiago eskatzen du inteligentzia handiagoa, eta aldi berean, aldatzen ari da bizi garen espazioa bera: Gaindegiaren azken txostenaren arabera, 2008 eta 2017 bitartean 375.500 lagun etorri ziren Hego Euskal Herrira, baina egoera sozioekonomiko eta juridiko oso desberdinekin: “Horrek  harrera  kultura  berria  eta  indartsua  eskatzen  du,  kohesio  soziala,  aukera  berdintasuna  eta  gizarteratze egokia izatera heltzeko”, ondorioztatzen du txostenak. Esnaolaren aburuz, erronka horri eutsi behar lioke ekonomia eraldatzaileak tokiko inteligentziaren bidez, zeren bestela “nork ekarriko ditu sozialki iraunkorrak diren joerak ekonomiara?”.

 

Bizi eremu bat

 

Mugetatik haragoko berezko espazioak errespetatzen dituzten proiektuak abian jartzekotan dira. Horietako bat da “Translanekin”, mugaz gaindiko lan duina sustatzeko tresna digitalak sortu eta formazioa eskaintzeko egitasmoa. Erregioen Garapenerako Europar Funtsak finantzaturik, 600.000 euroko aurrekontua du proiektuak eta eragile eta instituzio ugari daude tartean.

Besteak beste, Angeluko Atelier Lan Berri (ALB) kooperatiba ari da buru-belarri horrekin. Horko kide den Amandine Lafferrairieren hitzetan,proiektuaren asmoa da “bizi-eremu dena lan-eremu ere bilakatzea”; konkretuki Bidasoa eta Txingudiko arrotik hasi eta Larraun-Leitzalderaino doa bizi eremu hori. Eskualde bakoitzak dituen beharren inguruko elkarren arteko ezezagutza murriztu nahi dute eta horretarako lanbide integraziorako programak abian jarri, talde pedagogiko bat osatu eta lan poltsa bat izateko datu basea eratu.

Amandine Lafferrairie, Atelier Lan Berri kooperatiba (argazkia: OlatuKoop)

 

Burujabetza oinarri

 

Aholkularitza eta formaziotik harago, modu praktikoan ere saretzen ari dira ekonomia eraldatzailean dihardutenak oso alor ezberdinetan. Esaterako, Maitena Urretabizkaiak (SkuraMobile) eta Gorka Juliok (Talaios) berriki eratu den eta oraingoz Oarsoaldeko hainbat partaide dituen TekS sareaz mintzatu ziren. Teknologia burujabetzan sakondu nahi dute sozialki eragiteko: “Merkatal irizpideen gainetik kulturalki antolatuta dagoen komunitateak teknologia erabili eta ekoizteko eskubidea du”, azaldu zuen Juliok. Urretabizkaiaren aburuz, hain justu, teknologia hori “gure beharretatik abiatuta erabili behar da”, teknologia soziala bihurturik, beraz.

Maitena Urretabizkaia, Skuramobile (argazkia: OlatuKoop)

Burujabetza da ekonomia eraldatzailearen zutabe nagusietako bat, izan teknologikoa, nola informazio burujabetza –Lander Arbelaitzek horri buruz idatzi du ARGIAren azkeneko Larrun– edo Vía Campesinak duela ia 25 urte abiarazitako “elikadura burujabetza” delakoa. Azken honi lotuta, hurbileko kontsumoaren eta “zirkuito laburren” inguruan hausnartu zuten Hendaian.

Topaketako parte hartzaileen artean izan zen Franck Laharrague –gero eta gehiago hedatzen ari den Baionako Otsokop supermerkatu kooperatibistaren sortzaileetakoa–  eta Ipar Euskal Herrian zirkuitu labur oso bat izateko logistikoki antolatzeko proposamena luzatu zuen, nekazaritza ekologikoaren sektoreak bizi duen azkartzeari banaketaren arloan ere erantzuna emateko. Zentzu horretan, Bidasoa Km0 proiektuko Ione Fernandezek garrantzitsutzat jo zuen pauso bat gehiago ematea: “Muga arrotz honek sortu dituen kultura desberdinak gainditzeko ahalegina egin behar dugu agroekologiaren ikuspegitik. Talka hori ikusi dugu gaur hemen ere. Eko-kapitalismotik harago dauden ekimenek denoi laguntzen digute”.

 

Kultur talkatik, elkar zaintzara

 

Topaketan bertan bizi izan zen kultur eta hizkuntza “talkaz” ari zen Fernandez. Izan ere, euskara ardatz izan zuen jardunaldian –frantsesez eta gaztelaniaz ere mintzatu ziren partaideak– ez zen aldibereko itzulpenik izan. Egunerokoan euskaraz bizi den OlatuKoopen eta antolakuntzako beste eragileen erabaki kontziente horrek kexaren bat edo beste sorrarazi zuen, baina Iker Elizalde Hendaiako auzapezordeak azaldu gisan apustu bat egin nahi izan zuten “erraztasunetik harago” joateko.

Arrakala kulturala gainditzea ere beharrezkotzat jotzen dute zaintzaren larreetan dabiltzanek: “Salto handi bat egiten dugu kultura mailan, eta hori ere ulertu behar du profesionalak, gizartearen beharrak zein diren, gero zaintza egoki bat eman ahal izateko”, zihoen Josune Sanz Plaiaundi BHI-ko osasun arloko irakasleak, erizaintzako laguntzaileen ikasketetan Mugigain kooperazio ildoaz mintzatzean. Cáser Residencialeko harreman instituzionalen arduradun Nerea Manterolak ere hala uste du: “Adineko pertsona, Iparraldeko zein Hegoaldeko, berdina da, eta ekonomia mailan hori ere kontuan edukitzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu”. Adinekoen zaintzaren inguruko proiektu batekin dabiltza zaintzako eragileak Txingudiko eskualdean, eta dokumentala egin dute egitasmoa azaltzeko.

Amandine Dumont, Haizpean egoitza; Josune Sanz, Plaiaundi BHI; eta Nerea Manterola, Caser Residencial (argazkia: OlatuKoop)

 

Komunitario-kooperatibo-publiko aliantza

 

Hasierara itzuliz, Esnaolak aipaturiko lurralde inteligentzia kolektiboa izan zuen hizpide Irasuegik amaierako hitzetan. Nabarmendu zuen ez dela erraza halako zerbait eraikitzea, egin ohi ditugun “inteligentzia ariketak” gero enpresa handien interes eta zerbitzura jartzen ditugulako sarritan. Horregatik, ezinbesteko jo zuen “konpromiso partekatua” edukitzea.

Zentzu horretan, Hendaian gauzatzen ari den “paradigma komunitario-kooperatibo-publikoa” izan liteke bidea egiteko aukeretako bat, ekainaren 21ean ikusi genuen bezala, harremanak estutu eta mugak zulatzeko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07