blogak

Angelu itsua

‘Eguna’, lehen euskal egunkaria sortu zutela gogoan

portadarako80 urte dira, 1937ko urtarrilaren 1ean euskara hutsezko Eguna berripapera sortu zutela, besteak beste Lauaxeta-k sustaturik. Ekitaldi mordoa egiten ari dira efemeridea gogoratzeko; ostiralean hainbat erakundek jardunaldia antolatu dute Bilbon.

Gerrak sortu zuen eta gerrak desagerrarazi. Eguna lehen euskal egunkariaren bizitza laburra izan zen oso, sei hilabete baino ez zuen iraun, ekainaren 13an, faxistek Bilbo hartu baino egun batzuk lehenago utzi zioten argitaratzeari.

Hala ere, bere sorrera eta ibilbidea itu moduan hartu izan dute askok, erakutsi baitzuen borondate politikoa izanez gero –Agirre lehendakariaren gobernuarena– posible zela euskara hutsezko egunkari bat aurrera ateratzea, baliabideak urriak eta testuingurua gogorra izanagatik ere. Ez da harritzekoa 80 urte geroago han eta hemen Eguna-ren sorrera gogoratzeko ekimen eta omenaldiak egitea.

Esaterako, Berria-k egunez egun Eguna-ren zenbaki bat plazaratzen dihardu paperean eta webgunean. Bilboko Udalak, bestalde, berrikitan oroigarri bat jarri du Posta kalean eta bertan izan dira Juan Mari Aburto alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta baita Euskaltzaindia, Deia, Euskal Pen Kluba eta Sabino Arana fundazioko ordezkariak ere.

Eragileok jardunaldia antolatu dute otsailaren 10ean, Euskaltzaindiaren egoitzan. Hainbat hitzaldi eta mahai-ingururen bidez 1937ko egunkaria, 1980ko hamarkadan egosi zen proiektua eta gaur egungo euskal hedabideak izango dituzte hizketa gai. Hizlarien artean dira, Joseba Agirreazkuenaga Eguna egunkaria gertutik ikertu duen historia katedraduna eta Juan Mari Torrealdai Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko kide izandakoa besteak beste.

Aitzindaria euskararentzat

Lehen egunkariaren sorreran bete-betean ibili zen Esteban Urkiaga Lauaxeta olerkaria. Euzkadi-n argitaratzen zen euskarazko orrialde bakarraren arduraduna izan zen ordura arte, baina gerra medio atal hori kendu zuen periodiko jeltzaleak, eta haren ordez euskarazko egunkari bat sortzea agindu zuen alderdiak, altxatutakoen aldeko hainbat hedabideren azpiegiturak konfiskatu zituztela probestuz.

"Emen gara!" esanez agurtu zituen egunkari berriak euskaldunak 1937ko urtarrilaren 1ean.

“Emen gara!” esanez agurtu zituen egunkari berriak euskaldunak 1937ko urtarrilaren 1ean.

Eguna-n ibili ziren kazetari Agustin Zubirikai, Eusebio Erkiaga, Alejandro Mendizabal eta Jose Mari Arizmendiarreta. Horrez gain, kolaboratzaile sare bat ere bazuten, tartean Julia Gabilondo, Julene Azpeitia eta Rosa Bustinzaren lanak argitaratu zituzten, baita Basarri bertsolariarenak ere. Egoera erabat prekarioan egin zuten lan, gerrak baldintzaturik, eta bestelako informazioa ere eskaintzen zuen arren, fronteko albisteen eguneroko bilakatu zen. Javier Diaz Noci Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko irakasle eta euskal prentsaren historian adituak Euskal Irratietan azaldu duenez “tonua eta estiloa informatiboa” zuen, hala ere.

Euskara idatziari ere ekarpen aberatsa egin zion egunkari gazteak. Kazetari bakoitza bere euskalkian aritzen zen arren, denek irakurtzeko moduan idazten saiatu ziren. Batez ere Bizkaian, aranismorako joera zegoen, erdal hitzak baztertze aldera euskarazkoak asmatzea alegia: “Baina Eguna-n denetariko kazetariak zeuden –dio Diaz Nocik– frankisten esku geratutako Gipuzkoatik etorriak, bizkaitarrak… Horregatik, ahalegina egin zuten euskara ulergarrian idazten”.

1937-2017: Gu gara euskal prentsa

Eguna-ren aurretik izan ziren beste saiakera batzuk euskarazko egunkaria sortzeko. 1936ko gerra baino lehen hainbat hedabide euskaldun zeuden Ipar eta Hego Euskal Herrian. Kazetaritza lanetan gehien nabarmendu zena, baina, Donostian argitaraturiko Argia zen: egunkari formatuko astekari honetan orotariko gaien inguruko informazioa ematen zen.

Esperientzia horretatik abiatuta, Xabier Lizardi idazleak esku artean izan zuen euskarazko egunkari bat sortzeko proiektua, ekonomikoki azterturik zeukan eta izena ere jarri zion: Bai. Bere alderdikide jeltzaleen erantzuna “ez” izan zen ordea. Izan ere, EAJk erabaki zuen Gipuzkoan argitaratzen zuen El Día egunkariak euskarazko orri bat kaleratzea –Bizkaian Euzkadi-k egiten zuen moduan– estrategia horrekin jende gehiagorengana iritsiko zelakoan-edo, eta euskal egunkariaren ametsa zapuztu egin zen.

1929an Egunkariaren "0" alea iragarri zuen Euskaltzaileak taldeak 'Argia' astekarian (ezkerrean). Ale horretan galdera ikurrez zetorren haren izena. Tamalez proiektua bertan behera geratu zen.

1929an Egunkariaren “0” alea iragarri zuen Euskaltzaleak taldeak ‘Argia’ astekarian (ezkerrean). Lehen ale horretan, baina, galdera ikurrez zetorren haren izena (eskuinean). Tamalez proiektua bertan behera geratu zen.

Deigarria da jokabide horrek zer antzekotasun duen 40 urte geroago, Trantsizio garaian ezker zein eskuineko indar abertzaleek hartutako erabakiarekin. Behin frankismoaren zentsura amaituta, euskarazko egunkari bat sortu beharrean, prentsa elebidunaren alde jo zuten –Egin eta Deia– eta euskara hutsean aritzen ziren hedabideak airean utzi zituzten, tartean Anaitasuna eta Zeruko Argia bera.

Denborak erakutsi du baina, euskara hutsezko prentsa izan dela euskararen normalizaziorako tresnarik efektiboena. Hala izan zen 1937an Eguna-rekin –gerrako lubakietaraino iristen ziren euskarazko orrialdeak– eta hala izan zen 1990ean Argia astekariaren magaletik sortutako Euskaldunon Egunkaria-rekin ere.

Galdera bakarra da: beste 40 urte igarota, Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoa eta estrategia zein ote da? Kezkaturik irakurri berri ditugu interneten euskara sustatzeko hedabideentzako diru-laguntzak nola bideratzen dituen administrazio autonomikoak.

 


 

Egunaren ale guztiak digitalizaturik eta kontsultatzeko moduan daude Armiarma atariaren Euskal Prentsaren Lanak atalean. Haien bidez ikus dezakegu 1937an gerraren bilakaera zein izan zen abertzale errepublikarren ikuspegitik eta gertaera garrantzitsuenen berri ere jakin dezakegu, tartean Gernika eta Durangoren bonbardaketak eta borrokaldiak. Hemen duzue Eguna esanguratsu batzuen bilduma:

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07