blogak

Angelu itsua

EAJrentzat puntu lodiak, mapa huts batean

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan izan dira udal hauteskundeak eta mapari begira aldaketa gutxi nabaritzen da duela lau urtekoarekin konparatuz gero, egon badauden arren kolorez mutatu diren udalerri asko. Foru hauteskundeekin edo autonomikoekin sintonian dauden emaitzak dira: EH Bilduk eta alderdi sozialistak gora egin dute orokorrean, baina gorakada hori EAJren arrakasta itzelaren itzalean geratu da, eta Nafarroako kasuan Navarra Sumaren atzean.

Gipuzkoan EH Bilduk hainbat udalerri berreskuratu ditu (Bergara, Zestoa, Ordizia…), baina EAJk eutsi dio zalantza gehien zituen lurraldean, esaterako Arrasate mantendu du eta Donostian hobetu egin ditu emaitzak. Bizkaian ere antzera gertatu da PSErekin: Ezkerraldean zuten lehian jeltzaleak garaile izan dira (Sestaon, Barakaldon, Santurtzin…) eta Bilbon gehiengo osotik zinegotzi bakarrera geratu da Aburto. Araban ere aldaketa nagusiena EAJren alde: Laudio poltsikoratu du. Eta Gasteizen ere garaile izan da, Urtaranen diskurtso soziala gogorra izanagatik ere.

Nafarroan berriz, Na+ gailendu da Iruñean, Tuteran, Barañainen, Tafallan… Iruñerriko hainbat udalerritan eta Nafarroa iparraldean EH Bilduk eutsi dio baina. Ager eta saltus-aren arteko lerroa gero eta nabarmenagoa ote da?

Azken lau urtetako diskurtso, politika eta estrategien ondorio dira emaitza hauek. Duela lau urteko udal hauteskundeetan Gipuzkoan izandako galeratik EH Bilduk interpretatu zuen ezin zuela arlo sozialean “herritarrak baina aurrerago” joan eta abertzaleen artean erreferentzialtasuna lortzeari ekin zion, gai eta eskubide orokor eta transbertsalak aldarrikatuz. Baina ezker abertzalearen indarra borroka lokaletan egon izan da bereziki, herri eragileekin bat eginda. Tokiko problematika zehatzen inguruko eztabaida gutxiago sumatu da hauteskundeotan, eta aztertu beharko litzateke horrek zer kalte edo onura ekarri dion alderdi bakoitzari.

Udal hauteskundeotan oraindik aztertzeke dagoen beste gai bat demografikoa da. Landa eta hiriburuen artean dagoen desproportzioak eta batez ere Nafarroako mendialdeko eta Arabako eremu zabaletan gertatzen ari den despopulazioak, eragin handia dauka udal politikan. Ez bakarrik hauteskunde zerrendak osatzeko garaian, baita mankomunitate eta bestelako entitateen bidez administratiboki gestionatzeko orduan ere. Saihestu behar da soilik puntu lodiak dituen mapa huts bat, herriak bizi daitezen.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07