blogak

Angelu itsua

Belaguako aterpea, mendizaleentzako zubi berriz ere

Pirinioetako Lan Batzordeak argi berdea eman dio 2004tik itxita dagoen Erronkariko aterpe mitikoa berreskuratzeari. Nafarroa eta Biarnoa mendizaleentzat lotuko dituzte Belarouat proiektuarekin.

Zazpi kurba handiren ostean mendizale eta piriniozale orori tristurak barrena hartzen dio, arbelezko teilatu pikoak urrunean ikusten dituenean. “Roncalia” eski estaziora zenbat kilometro falta diren jartzen duen kartela baizik ez dago aldamenean. Angel Oloron Belaguako aterpeak aspaldi itxi zituen ateak eta pixkanaka hondatzen ari da, mendiak ez baitu barkatzen.

Baina gaur albiste on batekin esnatu gara. Aspaldi girabiran zebilen zurrumurrua baieztatu da: aterpea berreraikitzeko proiektua onartu dute. Erronkariko Juntak aterpea 20 urterako ustiatzeko baimena eman zion Nafarroako Mendi Federazioari, eta orain pauso erabakigarriena lortu dute: finantzazioa.

Europako erregio arteko Poctefa programarekin diruaren %65 lortuko du Pirinioetako Lan Batzordetik Belarouat izeneko proiektuak; gainerakoa nafar gobernuak eta mendi federazioak berak jarriko dute. Ostegunean egin zuten bilera Miarritzen lan batzordeko kideek (Pirinio inguruko erkidego eta erregio guztietako ordezkariak biltzen ditu) eta erabakia hartuta dago.

‘Angel Oloron’ Belaguako aterpea eraikitzen 1970ean. Bere ezaugarri arkitektoniko ikusgarriek eta toki estrategikoak euskal mendizaletasunaren ikonoetako bat bihurtu zuten laster eraikina (arg: ‘Gure Mendiak’, Club Deportivo Navarra)

Proiektua baina ez da nostalgiak bultzatutakoa. Aterpea egungo eskaerara moldatzeaz gain –espazio ireki handiak beharrean talde txikiagoentzako gelak izango ditu, formakuntza gunea…– Pirinioez gaindiko lurralde arteko harremana sustatu eta despopulazioak erasandako bailaren berraktibazio ekonomiko eta soziala bultza lezake.

Belaguakoaz gain, Biarnoko Lescun herrian dagoen Laberouat aterpea berritzea aurreikusi dute, eta Larrako parajeetan barrena Auñamendiren alde banatan dauden bi aterpeak lotzeko mendi-bideak markatuko dituzte. Pirinioetako beste toki askotan ohikoak dira aterpe arteko ibilaldiak eta elkarlana. Belaguakoa da, hain zuzen, Nafarroako Pirinioetan dagoen goi-mendiko aterpe bakarra.

1971n Club Deportivo Navarrak irekia, hainbat hamarkadaz mendizale gazte eta ez hain gazteen bilgune izan zen. Haren ateak ireki eta sutondoan ikus zenitzakeen pareta ezinezkoetan zaildutako eskalatzaileak, elurretan ibilaldiak egiten hasi berriak eta Txamantxoiako mazeletako oihanetan galtzea gustuko zuen jendea. Txoko eta zubi.

2004an itxi zutenez geroztik egoera gero eta tamalgarriagoan geratu da aterpea, ateak eta kristalak hautsita, hormak eta teilatuak erorita… 2015ean ondoko garajean aterpe ireki probisionala zabaldu zuen mendi federazioak 20 lagunentzako tokiarekin, baina beti aterpe osoaren errehabilitazioa ortzi-mugan zuela.

Koldo Aldaz Belaguako aterpeko arduradun izan zen urte askoan eta egun Nafarroako Mendi Federazioko lehendakariorde da. Proiektu edo “amets” honen muina ederki asko azaltzen du segidako bideoan: “XX. mendeko mendizaleek aterpe hau amestu zuten bezala, guk orain berriro martxan jartzeko ametsa dugu. Iraganean izan zen erreferentzia berriro izan dadila, eta mendian bizitzeko, ikasteko eta gozatzeko tokia izan dadila”.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07