blogak

Angelu itsua

Barrikadetako oihartzuna

Barrikada bat sutan asteazken gauean Bartzelonan, edukiontziz eta hesiz osaturik (arg: Jordi Borràs)

 

Ez, ez da egunotan Katalunian bizitzen ari direnaren lehen lerroko kronika baten izenburua. Madrilen 1854an publikaturiko egunkari batena baizik: El Eco de las Barricadas. Hoja democrática. Aurreneko sozialista eta errepublikar espainiarren topaleku izan zen kazeta hura, monarkiaren eta orduko agintarien kontrako herritar matxinadatik sortua.

1854ko uztailean Madrilgo kaleak barrikadaz bete ziren, baita Bartzelonakoak ere, preso politikoentzako amnistia eta “konstituzio” atzerakoia bertan behera uzteko eskatuz. Militarren zati bat ere altxatu zen eta hala hasi zen historiografia ofizialak biurteko progresista deitu diona, Canovas del Castillo eta Espartero liberalek gidatuta.

Baina iraultza hura ez zuten politikoek eta militarrek egin, herritarrek baizik. Bartzelonan langileek ehuntzeko makinak erre zituzten eta Madrilen su eman zieten jauregi eta barrikadei. Demokrazia barrikaden eskutik zetorren beraz.

Archivo:1854-08-21, La Ilustración, La barricada de la calle de la Montera, levantada en medio del fuego.jpg

 

Parisen 1870ean komuna sortu zenean ere barrikadak izan ziren herritarren defentsarako arma nagusia, eta Berlinen 1918-1918ko iraultzan denetariko objektuz bete zituzten kaleak espartakistek.

Orain, Kataluniako politikari independentisten kontra Espainiako Auzitegi Gorenak jarritako zigor gogorrek kaleak irakiten jarri dituzte, eta askok eskuak burura eraman dituzte etorbideetan garrak ikusi orduko. Sánchezen gobernuak azkar egin du inbentarioa: 157 barrikada sutan astearte gauean Bartzelonan eta beste 50 hurrengoan. “Protestak biolentzia olatu bihurtu dira Katalunian”, esan du hango egunkari monarkiko nagusiak. Biolentzia barrikaden eskutik beraz.

Baina indarkeriarekin lotura hori besterik gabe egitea, Bartzelonako historian eta herritarren imajinarioan barrikadek izan duten esanahia ahaztea da. Ahaztea, esaterako, 1909ko Aste Tragikoa gertatu zenean dozenaka barrikada altxa zituztela gerra arrotz baten injustiziaren kontra, eta ahaztea 1936an faxistei aurre egiteko adokinez bete zituztela ramblak eta paseoak, Axel Österberg kazetari norvegiarrak Bartzelonako barrikaden atzean liburuan deskribatu zuen gisan. Barrikaden federazio bat sortzera iritsi ziren.

semana trafica barricadas bilaketarekin bat datozen irudiak

3.jpg

Barrikadek espazio urbanoa okupatu eta bereganatzeko funtzio praktikoa zuten, defentsa koordinatzeko, baina funtzio sinboliko bat ere bazuten: klaseen arteko fronterak ezartzea eta hiriaren mapa alternatibo bat sortzea.

Adibide garaikideak ere baditugu: 2006an  Oaxacan milaka lagun kalera atera zirenean poliziak eta militarrak ospa egin behar izan zuten barrikaden laberinto artean, zientoka jaso baitzituzten Mexikoko hiri hartan. Estatuaren ezinaren aurrean, segurtasunerako azpisistema moduko bat sortu zuten, hezkuntzako manifestarien kontrako erasoak saihesteko.

Alde batera utziz biolentzia zer den eta nork sortzen duen –Hedoi Etxartek aurrekoan Euskadi Irratian gogorarazi zuen moduan, egunotako Bartzelonako gertaeren sekuentzia guztia oso ondo kontatzen ari da Vilaweb ataria–, barrikada bat hori da, barrikada bat, eta horren atzean dagoenaz hitz egin beharko litzateke.

1854ko matxinada hartan, Madrilen eraikinek su hartu zuten, eta barrikadaz barrikada zebilen jendetzak Saladeroko espetxea –hango kartzela nagusia– asaltatu eta presoak askatu zituzten.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07