blogak

Angelu itsua

Autopsiarako frogak

CAFeko langileak beste behin kalera atera dira, amiantoak hildako lankide eta senideak oroitzeko. (Arg.: LAB-CAF)

Amiantoarekin gertatzen ari denak gero eta antza gehiago dauka gerraosteko eszenatoki ilun batekin, konpondu beharreko osasun arazo larri batekin baino. Orain jakin berri dugu Irungo familia baten historia: CAFen lan egiten zuen gizon batek bere birikak gordetzeko eskatu zuen hil aurretik, eta horri esker jakin dute amiantoa izan zela bere heriotza eragin zuena.

Celestino Tolosa Irungo CAF lantegian aritzen zen galdaragile, eta 1980an gaizki sentitzen hasi zen. Hurrengo hamarkadak sufrimendu askokoak izan ziren, biriketako gaixotasun butxatzaile kronikoa diagnostikatu zioten eta 2006an, oso larri zegoela, transplantea egin zioten. Ez zuen funtzionatu eta 2008an hil zen.

Urte asko igaro ondoren, haren alaba Otsanda Tolosak aitaren heriotza ikertzea erabaki zuen, amiantoak zerikusia izan zezakeelakoan. Celestinori kendu zizkioten birikak izan dira hori baieztatu duten frogak, Santanderreko ospitale batek ondorioztatu du amiantoak sorturiko asbestosiak jota hil zela: “Berak beti izan zuen susmoa lanaren ondorioz gaixotu zela, horregatik eskatu zuen birikak gordetzeko”, azaldu dio alabak El Diario Vasco egunkariari.

Egia jakitearekin, heriotza hark sorturiko dolua amaitzeko aukera dauka orain familiak, eta justizia egiteko bide berriak zabaldu dizkie senidearen organoei egindako autopsiak: laneko gaixotasunagatik dagokien prestazioa eskatuko dute epaitegian, baina batez ere, eragindako minaren “aitortza” nahi dute.

Tamalez, amiantoaren biktimek epaitegietan egin ohi duten bidegurutzea luzea izaten da oso –enpresek eta osasun administrazioak jarritako oztopoengatik–, eta askotan, hil ondoren lortzen dute aitortza hori. Penagarria da muturreko egoera horretara iritsi beharra, gerra baten bide bazterrean desagertutako biktimak bailiran, haren memoria berreskuratuko duen antropologo edo auzi-medikuak lurpetik noiz aterako zain.

Zapalduak antolatzen ari dira ordea: Irun eta Beasaingo CAFen lanuzte eta manifestazioak, “hiltzaile isilak” berekin eramandako biktimen alde; Nafarroan laguntza eta defentsa elkarte berria; Laudion amiantoa eskolatik kentzeko sinadura bilketa… Idazle hark zioen bezala, oraino ez garela hil esateko modua baita menpekoon hizkuntzan goraki aritzea.

 

[Eguneraketa]:

Analisi hau idatzi eta ARGIAren asteroko paperezko bertsioan argitaratu ondoren, jakin dugu Celestino Tolosaren senideek Donostiako auzitegian jarritako salaketa atzera bota duela epaileak “ospitaleko txostenak ez duelako froga edo datu gehiago ematen aurreko espezialistek egindako diagnostikoa aldatzeko”. Hala, ukatu egin du CAFeko langilea laneko gaixotasunagatik hil zenik, gaixotasun “arruntagatik” baizik. Senideek baina, justiziaren bideari segituko diote eta EAEko Auzitegi Nagusian helegitea jarriko dute. Amiantoaren biktimen Asviamie elkarteak epailearen sententzia salatu du.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07