blogak

Angelu itsua

Askatasunaren ibilaldia: herri bat martxan

2

1977ko udan askatasun aldarria Euskal Herriko lau bazterretara hedatu zuen martxa erraldoi batek. “Amnistia osoa” eskatzen zuten: presoak kaleratzea ez ezik, gatazka politikoa benetan konpontzeko baldintzak sortu nahi zituzten. Horretarako baina, aurreko erregimenak jarritako kateak apurtzea zen bide bakarra askorentzat.

1977ko uztailaren 10ean Euskal Herrian inoiz izandako mobilizazio handienetako bati ekin zioten herritarrek. Agurain, Lodosa, Gernika eta Zarauztik zutabe bana abiatu zen Askatasunaren Ibilaldia deiturikoan eta Iruñea ondoko Arazuriko zelaietan amaitu zuten, milaka lagun bildu zituen bilkurarekin.

Frankismoaren atzaparretatik atera nahian zebilen euskal jendarteak oinarrizko hainbat aldarrikapen zuen: amnistia osoa, autonomia estatutua, indar errepresiboak desegitea eta euskal nazio identitatearen onarpena.

Franco hilez geroztik indultuak eta amnistia partzialak egon ziren arren, oraindik preso politiko asko zegoen kartzelan “terrorismo” delituekin. Hala, “amnistia osoaren” eskaerak intentsitate ez ohikoa hartu zuen udaberri hartan: jada ez zen soilik preso eta errefuxiatu guztiak etxean izateko leloa, halako gehiago ez izateko beharra ere bazegoen atzean, eta horretarako egiazko demokrazia baten oinarriak nahi ziren, ez Francoren diktadura zuritzeko erreforma politiko bat.

 

Amnistiaren aldeko kanpaina eta sinadura bilketa 1977ko martxoan (Argazkia: Argia artxiboa / Arturo Delgado)

Amnistiaren aldeko kanpaina eta sinadura bilketa 1977ko martxoan (Argazkia: Argia artxiboa / Kepa Loubet)

 

Herrietan sortu berri ziren amnistiaren aldeko batzordeek aldarrikapen asteak antolatu zituzten eta protesta oso bortitzak izan ziren. Bereziki odoltsua izan zen maiatzean antolatutakoa: poliziek balaz eraso zituzten herritarrak, eta Errenterian adibidez, errepresio indiskriminatua eta arpilatzeak nagusitu ziren.

Egun gutxiren buruan zazpi lagun hil zituzten Estatuaren funtzionario armatuek; inor ez zuten zigortu. Inpunitatea erabatekoa zen garai horietan eta inkontrolatuak ere euren kasa ibiltzen ziren auzo eta herrietan.

 

Amnistiaren aldeko bigarren astean 1977ko maiatzean Legazpian. Ikurrina dolu ikurrarekin, egun horietan hildako lagunen omenez (Argazkia: Argia Artxiboa)

Amnistiaren aldeko bigarren astean 1977ko maiatzean Legazpian. Ikurrina dolu ikurrarekin, egun horietan hildako lagunen omenez (Argazkia: Argia Artxiboa)

Asanblada irekia 'Apala'-ren egoeraz informatzeko Errenterian (Argazkia: Argia artxiboa / Arturo Delgado)

Asanblada irekia ‘Apala’-ren egoeraz informatzeko Errenterian (Argazkia: Argia artxiboa / Arturo Delgado)

 

Giro biolento horren erdian –ETAren adar desberdinek ere erasoak areagotu zituzten–, Europa eta munduaren aurrean euskaldunen batasuna eta indarra irudikatuko zuen mobilizazio baketsu baten asmoa iradoki zuen Telesforo Monzon buruzagi abertzaleak uztaila hasieran.

Mahatma Gandhiren Gatzaren martxa, edo hori baino askoz hurbilago, aurreko urtean Katalunian egin zen Marxa de la Llibertat izan zituzten inspirazio iturri, besteak beste.

 

19

Kataluniako ‘Marxa de la Llibertat’ aurrekari garrantzitsua izan zen 1976ko irailean, euskaldunek ere hartu zuten parte bertan eta ‘Azkatasun Joanaldia’ deitu zioten. (Argazkia: Argia artxiboa)

 

Ekimenak alderdi ugariren babesa izan zuen (ORT, EIA, LKI, LAIA, PCE…), horietako zenbait oraindik legalizatu gabe, baita auzo elkarte eta beste talde askorena ere. PSOEk eta EAJk aldiz ez zuten begi onez ikusi, azkeneko honen ustetan “desegokia” zelako une horietan.

Ez ziren hiru hilabete ere igaro Xibertan indar abertzaleen arteko elkarrizketek –horiek ere Monzonek sustaturik– porrot egin zutela eta ekainean egindako Espainiako lehen hauteskundeek garbi utzi zituzten batzuen eta besteen arteko diferentziak: KAS inguruko sektore zabal batek abstentziora jo zuen, amnistiarik eta eskubide demokratikorik ez zegoelako, jeltzaleek ostera bai ala bai parte hartu nahi zuten estatu egitura berrietan.

 

1b

Zutabeetako batean pankarta eta lelo ugari; antolakuntzaren kontsignetatik haragokoek ekarri zuten eztabaidarik (Argazkia: Argia Artxiboa / Arturo Delgado)

‘Matalaz-Apala-Txirrita’ zutabea Aguraindik irten zen unea; 492 kilometro egin zituzten. (Argazkia: Argia Artxiboa)

‘Matalaz-Apala-Txirrita’ zutabea Aguraindik irten zen unea; 492 kilometro egin zituzten. (Argazkia: Argia Artxiboa)

 

Nolanahi ere, martxak sekulako jendetza bildu zuen igaro zen herrietan eta hein batean lortu zuen transbertsalitate hori, EAJko jarraitzaile ugarik ere bat egin baitzuten harekin. Gasteizen, adibidez 20.000 lagun elkartu zituen ibilaldiak Andra Mari Zuriaren plazan: “Ikurrinak, Catalunyako banderak eta Polisarioarena dabiltza jendearen artean. Apalaren aldeko pankarta bat ere bai kolumna batetan…”, dio Zeruko Argiaren orduko kronikak.

Atzerriratuen itzulera

Miguel Angel Apalategi atxilotu eta epaitzeko zorian zen Frantziako Gobernua, Espainiakoarekin tratuan, eta gose greban jarri zen. Aurrekari arriskutsuak sekulako protesta oldea sorrarazi zuen: sinadura bilketa, manifestazioak… Askatasunaren Ibilaldian ere oihartzun berezia izan zuen bere kasuak.

 

Baionan hiru lagun kateatu ziren 'Apala' aske uztea eskatzeko 1977ko abuztuaren 31n. Hortik egun gutxira 150.000 laguneko manifestazioa egin zen gose greban larri zegoen presoaren egoera salatzeko. (Argazkia: Argia Artxiboa / Enbata)

Baionan hiru lagun kateatu ziren ‘Apala’ aske uztea eskatzeko 1977ko abuztuaren 31n. Hortik egun gutxira 150.000 laguneko manifestazioa egin zen gose greban larri zegoen presoaren egoera salatzeko. (Argazkia: Argia Artxiboa / Enbata)

'Apala'-ren aldeko mobilizazioek ez zuten etenik izan uda hartan. Argazkian, Baionan manifestazioa Panecau kalean poliziek geldituta, irailaren 2an (Argazkia: Argia artxiboa)

‘Apala’-ren aldeko mobilizazioek ez zuten etenik izan uda hartan. Argazkian, Baionan manifestazioa Panecau kalean poliziek geldituta, irailaren 2an (Argazkia: Argia artxiboa)

 

Beste momentu hunkigarri bat Durangon gertatu zen: Belgikan atzerriratuta zeuden ETAko hamar lagun (Mario Onaindia, Jokin Gorostidi, Xabier Larena…) jendaurrean agertu ziren, etxera itzuli zirela esateko. Haiekin batera igaro zuen Bidasoa Telesforo Monzonek ere; bergararra ibilaldiaren bultzatzaile nagusietakoa izan zen, “Maltzagaraino elkarrekin” adierari fidel.

Orain bezala orduan ere, ordea, leizea handiegia zen hausturaren eta erreformaren artean edo… aldebakartasunaren eta aldebikotasunaren artean.

 

9

Telesforo Monzonen hitzartzea Durangoko ekitaldian 1977ko uztailaren 21ean. Atzerriratuekin batera agertu zen Bergarako buruzagi abertzalea Bidasoako muga gurutzatuta Askatasunaren Ibilaldian parte hartzeko (Argazkia: Argia artxiboa)

12

Frantziako Gobernuak Atlantikoko kostaldeko Yeu irlara konfinatu zituen hainbat euskal errefuxiatu. Jende multzo batek haraino iritsi nahi izan zuen baina Bordelen geldiarazi zituzten. Frantzia eta Espainiaren artean hasi berri zen kolaborazio horrek ezinegon handia sortu zuen sasian zebilen herritarren artean (Argazkia: Argia artxiboa)

 

Ibilaldian zehar aldarrikapenerako abaguneak, ekitaldiak eta omenaldiak etengabeak izan ziren. Esaterako, zenbait tokitan martxan ari zirenak gose greban jarri ziren Apalarekin elkartasunez.

Lekeition 16.000 lagunek minutu bateko isilunea egin zuten bost urte lehenago Guardia Zibilak hildako Benito Mujika Xenki eta Mikel Martinez de Murgia Mikelon ETAko militanteen omenez; Baionan Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea, epaiketa politiko bat hastear zelako…

 

5

Eusko Gudariak’ abesten Arazurin, ibilaldiaren amaieran: “Herriak deiari inoiz bezala erantzun zion, baina herri hori nahiko frustratua ere geratu zen”, zioen ARGIAk lekuaren desegokitasuna eta eguraldiaren eta Poliziaren trabak aipatzean. (Argazkia: Argia Artxiboa)

4

Askatasunaren Ibilaldiko partaideak Izaban atseden hartzen. (Argazkia: Argia artxiboa / Arturo Delgado)

Askatasunaren Ibialdia Ondarroatik igarotzen. Hogei urte geroago, 1997an antolatutako 'Abialdian' martxa ere leku beretik pasa zen. (Argazkia: Argia artxiboa / Arturo Delgado)

Askatasunaren Ibialdia Ondarroatik igarotzen. Hogei urte geroago, 1997an antolatutako ‘Abialdian’ martxa ere leku beretik pasa zen. (Argazkia: Argia artxiboa / Arturo Delgado)

 

Trabak eta debekuak ere izan zituen martxak –Ipar Euskal Herrian kasu–, eta beste batzuetan “probokatzaileen” erasoak jasan zituzten. Abuztuaren 28an iritsi ziren zutabeak bat eginda Arazurira; hasiera batean azken ekitaldia Iruñean egitekoa ziren, baina Gobernadore Zibilak debekatu egin zuen.

500 autobus pleitatu zituzten Ororbiako zelaietaraino, eta ARGIAko kronikariaren esanetan 300.000 lagun mugiarazi zituen ekimenak, haietako asko ezin iritsirik geratu ziren arren Espainiako Polizia Armatu edo grisen oztopoengatik.

 

muntaia

20

Ororbiako zelaietara igarotzeko zailtasun handiak izan ziren: hiru metro zabaleko zubitik igaro behar zuten milaka eta milaka lagunek; askok nahiago izan zuten belaunetaraino busti (Argazkia: Argia artxiboa / Beunza)

 

Ekitaldiaren amaieran polizien karga eta istiluak izan ziren, hurrengo garaietan etorriko zenaren iragarle: urriaren 15ean Espainiako Gobernuak Amnistia Legea onartu zuen, baina laster bete ziren kartzelak berriz ere preso politikoz.

 

Ibilaldia antolaketa aldetik erronka handia izan zen eta diru-galerak ere egon ziren. Irudian, urte horretako Donostiako Santo Tomasetan mahaia ekarpenak egiteko. (Argazkia: Argia artxiboa)

Ibilaldia antolaketa aldetik erronka handia izan zen eta diru-galerak ere egon ziren. Irudian, urte horretako Donostiako Santo Tomasetan mahaia ekarpenak egiteko. (Argazkia: Argia artxiboa)

 

Askatasunaren Ibilaldia mezu garbi batekin abiatuagatik, aldarrikapen sutsuagoen katalizatzaile ere izan zen, independentziaren eta borroka armatuaren aldekoak, esaterako. Kapital humano hori oso garrantzitsua izan zen hortik gutxira “Altsasuko Mahaia” osatu eta ezker abertzalea egituratzen hasteko.

Eta zer irakasgai atera zuen EAJk? Erantzuna begien aurrean daukagu, egungo bidegurutze politikoan, erabaki eskubidearen inguruan sorturiko zenbait mugimendu transbertsalen ondoan alderdi horrek harturiko jarrerak erakusten du, hain zuzen.

 

7

Donostian 1977 irailaren 3an egindako manifestaldi erraldoian ukabilak gorantz eta garaipen keinuak. (Argazkia: Argia artxiboa / Kepa Loubet)

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07