blogak

Angelu itsua

Aniceto Agirrebeitia milizianoaren azken orduak

Euskal Prospekzio Taldeak Bizkargin aurkituriko plaka honi esker lortu dute hildako gudaria identifikatzea (arg.: Mauro Saravia)

Abenduaren 20an lurpetik atera zituzten Aniceto Agirrebeitia berriztar milizianoaren hezurrak Zornotzako Bizkargi mendian. 1937an borrokaldi batean hila, ahanztura ofizialak irentsita egon da orain arte, Aranzadiko teknikariek berreskuratu eta erakundeen aitortza jaso duen arte.

 

Albistea azkar zabaldu da egunkari eta telebista nagusietan: 1936ko Gerrako gudari baten hezurrak aurkitu dituzte Bizkargin, batailoi komunista batekoak antza. Ez da lehen aldia halako aurkikuntza bat egiten dutena, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, 2003tik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gerran hildako 108 lagunen gorpuzkinak berreskuratu dituzte 51 hobitan. Baina, hala ere, oraindik halako zirrara bat sortzen zaio bati gorputzean, 83 urte igaro badira ere, oso gertukoa den zerbait balitz bezala, arrastaka gugana iritsi den min baten antzera.

Aniceto Agirrebeitia Lapiztaren gorputza non zegoen jakiteko lehen pista 2020ko uztailean azaldu zen, Euskal Prospekzio Taldeko kideek 58.331 zenbakia zeraman Euskadiko Gudarosteko nortasun plaka topatu zutenean Bizkargi mendian, gerra frontea egon zen tokian. Horren bidez jakin zuten Esteban Salsamendi 44. Batailoiko kide baten gorpuzkinak gertu zeudela, Eusko Gudarosteko lansarien zerrendetan ageri baitzen identifikatuta Agirrebeitia zenbaki horrekin.

Abenduaren 20an, Aranzadiko Land Roverrak inguru hartara hurbildu ziren, Agirrebeitiaren senide eta erakundeetako ordezkariez lagunduta, gudariaren hezurrak lurpetik ateratzeko. Momentu berezi eta hunkigarri horiek ezin hobeto jaso ditu Mauro Saravia argazkilariak, artikulu honekin batera dakarzkigun irudietan.

1937an hildako miliziano komunistaren gorpuzkinak eramateko autoa Bizkargiko gainetan. (arg.: Mauro Saravia)

Indusketak hasteko materiala garraiatzen (arg.: Mauro Saravia)

Aniceto Agirrebeitiaren ilobak izan ziren gorpuzkinak eta bere objektuak ateratzeko unean. Lourdes Errasti Aranzadiko arduradunak eskuetan duen plaka jakinminaz begiratzen (arg.: Mauro Saravia)

Beatriz Artolazabal sailburuaren hitzetan, “kendu zieten duintasuna itzultzea” da erakundeen betebeharra. Baina horretarako, ahal den neurrian ase behar da senitartekoen jakin nahia, hildakoei zer gertatu zitzaien eta nola sentitu ziren ulertu behar hori, erreparazioaren zati giltzarria baita. Zein izan ziren Agirrebeitiaren azken egun eta orduak?

Berrizen jaioa, bost anai-arrebetan zaharrena, Salsamendi batailoi komunistan eman zuen izena eta 1937an Bilbo defendatzeko borrokaldi odoltsuenetan hartu zuen parte. Salsamendikoei egokitu zitzaien Bizkargiko fronte-lerroari eustea. 1937ko apirilean frankistek egindako erasoaldi gogorrarekin atzeraka zihoazen errepublikarrak; eta Bizkargi zen azken defentsa guneetako bat, burdinazko hesiaz inguraturiko Bilbo eta bere industriak babesteko.

Errepublikarren artean animoak oso baxu zeuden: Eibar eta Gernikako bonbardaketa masiboek, Gipuzkoako frontearen erorketak eta abiazio faxistaren erasoaldiek Eusko Gudarosteko talde ugari desegin zituzten, izua eta kaosa nagusi izan zen hainbat egunez. Hala ere, batailoiak berrantolatu zituzten eta Salsamendi 14. Euskal Brigadan integratu zen Bizkargi defenditzeko; hor borrokatu zuen Agirrebeitiak.

Bizkargin gora. Mendi estrategikoa izan zen Bilbo defenditzeko; zientoka lagunek galdu zuten bizia paraje hauetan 1937ko maiatzean. (arg: Mauro Saravia)

Pako Etxeberria forentsea indusketa begiztatzen. Erakundeetako arduradunak ere bertan izan ziren (arg.: Mauro Saravia)

Ilobak Agrrebeitiaren plaka eskuetan dutela. Bost anai-arrebetan zaharrena zen eta 26 urterekin hil zen. (arg.: Mauro Saravia)

1937ko maiatzaren11n nafar erreketeak gailur ingurura iristea lortu zutenean, korrika eta erdi sakabanatuta jaitsi ziren Salsamendikoak Larrabetzu aldera ematen duten amildegietatik, ihesean. Baina gero, berriz bildu eta kontraesasoari ekin zioten. Maiatzaren 14an jadanik galdutzat jo zen mendi estrategikoa, horren ondoren zenbait borrokaldi gehiago erregistratu baziren ere. Hildako ugari izan ziren –hainbat kontaketen arabera, bi bandoetan mila baino gehiago– eta atxilotuak eta desagertuak ere zientoka.

Urtero egiten dute Larrabetzun Bizkargi Eguna maiatza hasieran, borrokaldi hura eta han hildakoak gogoratzeko. Aurten tamalez ez da posible izan, baina omenaldi eta bertso birtualak ez dira faltatu koronabirus garaian,  Etxahun Lekuek kantatu bezala:

…halan da bere oroitzen doguz
egin ebenak borroka
oindino be ere desagertu ez dan
beste birus baten kontra
.

Kanpainan Hildakoen erregistroan, 1937ko maiatzaren 16ko datarekin ageri da Anicetoren heriotza, 26 urte zituela. “Amarekin gogoratzen naiz –azaldu du Javierrek, ilobetako batek–, makina bat aldiz galdetzen zion bere buruari: Non ote da gure Aniceto?”. Bizkargiko pinudi horretan hil edo lurperatu zutela, ez dakigu askoz gehiago, baina azaldutako objektuekin irudika ditzakegu bere azken momentuak: plaka, Eusko Gudarosteko berokiaren botoiak, arrantxoa hartzeko koilara… eta bi hezur puska, DNA froga bidez erakutsi dezaketenak hau dena egiatan gertatu zela.

Milizianoaren objektu pertsonalekin irudika ditzakegu bere azken uneak: plaka, botoiak, koilara… (arg.: Mauro Saravia)

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07