blogak

Angelu itsua

Amiantoa? Bost inporta…

Zaldibarko luizia gertaturikoan suhiltzaileek ez zekiten zabortegi bat zenik ere, baina usainagatik igerri zuten: “Hori kimikoa zen, kimiko-kimikoa” azaldu dio haietako batek ‘Berria’ egunkariari.

Lehenago edo geroago azaleratzen dela, hori du amiantoak, izan heriotza aurpegiarekin, izan gobernu krisi itxura hartuta. Esku artean dugun arazo potoloenetako bat lurpean gordetzeak ez du askorako balio.

Zaldibarko luiziaren larrialdiari beste dimentsio bat eman dio mineral kantzerijenoa tartean izateak. Nahikoa dira 0,0001 zuntz/cm amianto, mesotelioma bat edo pleurako minbizia sortzeko, politikari arduragabe batzuek kontrakoa esan arren. Egiaz ez dago balore segururik, “ezin izan delako zehaztu amiantoarekiko esposizioak minbizi-arriskurik eragiten ez duen mailarik”, Espainiako Laneko Osasun eta Segurtasun Institutuak berak aitortu duenez.

Horregatik, zabortegi batean amiantoa pilatzeko neurri oso zorrotzak ezartzen ditu araudiak. Eusko Jaurlaritzaren 49/2009 Dekretuak zehazten du, hondakin ez-arriskutsuentzako zabortegi batean amiantoa uzteko, uralita eta bestelako materialak osorik eta hauts gabe egon behar direla, zakutan itxita eta plastikozko zorrotan “guztiz babestuta”, eta ertzik gabeko tumulutan lurperatuta, puskatu ez daitezen.

Gure “Gorlenben” partikularra

Zaldibarren urtetan pilatutako zabor piloa amiltzerakoan, ordea, bistan da amiantoaren zuntzak barreiatu egin direla. Horrek sekulako arazoa ekarri du, eta okerrena dena, bi langileren gorpuak erreskatatu ezinik dabiltza orain, euren senideen sufrimendurako.

Verter Reciclyng enpresak ba omen zuen baimena amiantoa gordetzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren arabera, azken hiru urtetan 10.000 tona eraman zituzten Zaldibarrera–konparazio baterako, Espainiako Estatuan amianto gehien jasotzen duen Kataluniako Castellolí zabortegian batez beste 11.000 tona sartzen dira urtero–. Ez da nolanahiko zifra, ez zen depositu arrunta.

Castellolíko zabortegiak bi milioi metro kuborentzako gaitasuna du eta Kataluniako bakarra da hondakin arriskutsuak jaso ditzakeena. Zaldibarren milioi metro kubo lur daude kutsaturik.

Milioi erdi metro kubo lur kutsaturik geratu dira luiziaren ondorioz. Nora eramango dituzte orain? Ulergarria da Mallabia edo Zallako herritarren haserrea, gure Gorlenben¹ partikularra bihurtzeko hautagai baitira. Edo akaso kanpora eramango ditugu hondakin arriskutsuok, Indiako itsasontzi-hilerrietara eraman izan diren gisan?

Tamalez, basoa zabalgoa da: Euskal Herria puntu beltza da amiantoari dagokionez. Espainiako Estatura hamarkadatan inportaturiko 2,5 milioi tona amianto hutsen %10 hemen dago. Nafarroako Gobernuaren kalkuluaren arabera, lurralde horretan gutxienez 6 milioi metro koadro estalpe dago fibrozementuz egina eta 566 kilometro kanalizatu dira material berarekin. 2040rako amianto horren bizitza baliagarria %100ean amaitu eta oso arriskutsu bilakatuko da. Orain arteko arduragabekeriaz kudeatzen badute, hondamendi gehiago eta handiagoak etorriko direla esan beharrik ez dago.

Arduragabekeria hori ondo ezagutzen dute amiantoaren biktimek –Euskal Herrian 25.000 pertsona hilko dituela uste da–. Gaixotzen direnak bigarren aldiz kondenatzen dituzte labirinto judizial batera. Bitartean, enpresek inpunitate osoa dute. Berriki jakin dugu Uralita SAk eskuak garbitu nahi dituela eta Eternit ahaltsuak amianto produkzioari ekingo diola berriro². Pleurako minbiziak eta mesoteliomak ez dira azaltzen 30, 40, 50 urte geroago arte. Isiltasun hilgarri horrekin jokatu izan dute orain arte osasun arduradunek, biktimei kasu zipitzik ez egiteko.

Jarrera hori ezinbestekoa da ulertzeko Zaldibarren gertatutakoa –albo batera utzita hondakinen kudeaketan dauden interes ekonomiko ilunak–. Irregulartasunak, kontrol falta, garbitu gabeko kamioiak, kutsadura neurketa eskasak, arduradun politikoen arinkeria arriskurik ez dagoela esanez… Amiantoaren arazoak ez die sekula bost inporta izan, beraien arazo bihurtu den arte.

 


¹Alemaniako herri horretan urte luzetako borroka daramate hondakin nuklearrentzako biltegiaren kontra eta nazioartean ezaguna da horregatik.
² Uralita SAren oinordeko den Coemac enpresak kiebra jo du urtarrilaren 30ean, amiantoaren biktimei indemnizazioak ez ordaindu behar izateko. Bestalde Eternitek iragarri du berriz amiantoa produzitzen hasiko dela Brasilgo Goiás-eko plantan, Asiako hainbat herrialdetara gai kutsagarri hori esportatzeko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07