blogak

Angelu itsua

AHTk itzuliko diguna

Atxondoko “maisu maestren etxea” zegoen tokian bildu dira herritarrak AHTrik ez dutela nahi adierazteko (arg: Atxondo AHTrik ez)

Hondeamakinek joan den astean Abadiñoko Mendilibiar-erdikoa baserria nola eraisten zuten ikustean, ziztada bat jasoko zuen batek baino gehiagok gorputzean. 500 urteko baserria, gure ondare arkitektonikoaren puska baliotsu bat, behera bota zuten minutu gutxitan. Abiadura Handiko Trena igarotzeko durangaldean egiten ari diren lanen ondorioz bota dute baserria, baita Atxondoko “maisuen-etxea” ere.

AHTren obrak halako altxor ugariren gainetik ari dira pasatzen gupidarik gabe. Donostian, esaterako, hango eraikin zibil zaharrenetarikoa den Erbetegi dorretxea arriskuan dago Urumearen ertzean egiten ari diren txikizioa dela-eta, nahiz eta Balizko Arkeologia Gune gisa katalogatua egon. Eta eraikin horiekin, han bizi zirenen oroimen puskak ere jausten dira ahanzturaren zulora. “Baten batek pentsatuko du pisu bateko etxebizitzaz aldatzea bezala dela. Niretzat, baina, ez da horrela”, adierazi du Mendilibiar-erdikoan jaiotako bizilagun batek.

Atxondo eta inguruetan, hamarkada bat daramate trenbidea egiteko desjabetze eta tramitazioek bueltaka. Baina, zer kasualitatea, alarma egoera betean ekin dio Adifek obraren fase mingarrienari. Teknikariak herri guztia marra horiz margotzera ere iritsi ziren… herri guztia obretan! Atxondo AHTren kontrako mugimenduaren abangoardian egon da beti ordea, eta orain ere hango herritarrak ez dira isilik geratu. Konfinamendua hasi eta berehala burrunbada handia egin zuten balkoietatik; eta joan den astean, garaiotan ohituta ez gauden irudiak ikusi genituen kalean, elkarretaratze eta protestekin.

Bostehun urteko baserria behera bota dute Abadiñon AHT egiteko (arg.: @durangondigital)

Batzuentzat AHTk jarraitzen du “lehentasunezko” izaten. Covid-19ren larrialdiarekin enpresa nagusienak itxi zituztenean ere, obrak ez ziren gelditu. Kontrako plataforma eta eragileek, aldiz, eskatu dute azpiegitura horretan gastatuko den dirua osasungintzara eta gizarte zerbitzuetara bideratzeko –Atxondo eta Abadiño arteko zatiak soilik, gutxienez 93 milioi euro kostako digu–. Hala ere, obrak bizkortu besterik ez dira egin, berdin EAEn nola Nafarroan, Tafallako Junkal natur gune babestua kaltetzeraino.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Euskadi Irratian esan du halako obrak estrategikoak direla retorno bat ekartzen dutelako –“lan horrek sortarazten du lan berria”–. Azpikontratetan ordua 6 euro kobratzen duten atzerriko langileez ari ote da? Oraingoz badakigu zer itzuli digun bueltan AHTk: lan prekarietatea, natur guneen suntsitzea, eta herri-ondarea galtzea.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07