blogak

Angelu itsua

1979ko Tuterako gertaerak: Espainiako Gobernuak “harreman estuagoa” eskatu zien AEBei tiro poligonoa erabiltzearen truke

 

Tuteran poliziaren erasoa gertatu eta Gladys Del Estal hil baina lau aste lehenago, Manuel Gutierrez Mellado Espainiako presidenteordeak AEBetako goi ordezkari batekin hitz egin zuen Bardeako tiro eremuaren inguruan. Zer ari ziren negoziatzen? Zer zegoen jokoan Erriberako bazter hartan, festa baketsu bat tragedia bihurtarazteko?

 

1979ko ekainaren 3an mugimendu antinuklearrak Tuteran antolaturiko jaialdian poliziak zentzurik gabeko oldarraldia hasi zuen festa giroan zegoen jendearen kontra –herri eragileek programa zabala antolatu dute gertatutakoa gogoratzeko–. Bardeako tiro eremura arratsaldez egitekoa zen ibilaldi baketsua ere bertan behera geratu zen, hain justu guardia zibil batek Gladys Del Estal ekintzaile donostiarra hil zuen ordu berean.

Berrogei urte geroago eskura dauzkagun informazioetatik –besteak beste AEBetako enbaxadoreak Estatu Departamentura bidalitako mezu sekretuak– antzeman daiteke interes militarrek eta AEBrekiko harremanak zerikusia izan zutela jazarpen horrekin.

WikiLeaksek filtraturiko kableetako batek azaltzen duenez, lau aste lehenago, 1979ko apirilaren 30ean Manuel Gutierrez Mellado espainiar presidenteordea telefonoz aritu zen Edmund Muskie AEBetako senatariarekin tiro eremuaren inguruan: Bardeako azpiegituraren kontzesiorako baldintza bezala jarri zion bi herrialdeen arteko “harreman berezia” estutzea. Muskie eragin handiko politikaria zen eta Jimmy Carter estatubatuar presidentearen gertukoa; hortik gutxira Estatu Idazkari izendatu zuen honek.

 

 

“Bankura sartu eta bankariarekin hitz egin nahi dugu, ilaran itxaron beharrean”, esan zion espainiarrak senatariari, harreman berezi hori zela-eta. Gogorarazi zion aspaldi zeudela hitzemandako guda-ontzi batzuen zain –itsas armada amerikarraren Bigarren Mundu Gerrako barku zaharrekin egindako tratua– eta kontuan eduki behar zutela “AEBak etengabe aritu direla erabiltzen Bardeako tiro eremua entrenamenduetarako”.

 

Quid pro quo: gauza bat bestearen truke

 

AEBetako Estatu Departamentuari “Bardenas Reales Range”-rekin zerikusia zuen orok sortzen zion kezka –urte hartan bertan, poligonoan beste herrialde batzuetako pilotuak ari ote ziren zurrumurrua ezeztatu behar izan zuen, Wikileaksen filtrazioen arabera–. Espainiako Estatuarekin zituen “quid pro quo” (gauza bat beste baten trukean) akordioen ardatzetako bat zen Bardeako eremua: mantenua, hornidura, formazioa eta bestelako zerbitzuen ordainetan erabiltzen zuten yankiek instalazioa.

 

F-111F borroka taktikorako hegazkina Bardean bonba botatzen, AEBetako Agiritegi Nazionaleko irudian.

 

Espainiak eta AEBek 1976an sinatu zuten “Adiskidetasun eta Kooperaziorako Tratatua”, eta urte gutxira iraungitzear zegoenez, kontaktuak azkartu egin ziren. Hala, erdian sartu ziren NATOra sartzeko prozesua edo “defentsarako artikuluen produkziorako” eskaerak. Zehazki, US Navy-ren hiru fragata ekipatzeko aukera zuten jokoan espainiar industrialariek, AEBetako enbaxadoreak 1978an bidalitako kable batean ageri denez.

Kutsu militarra zuten mezu konfidentzial guztietan Bardeako tiro poligonoa ageri da negoziazioaren osagai bezala, dela espainiar hegazkinek aire maniobretan parte hartzeko, dela finantziazioa lortzeko.

 

Zablocki kongresistaren bisita 1979ko udaran

 

1979ko abuztuan, Gladysen hilketaren ondoren, Clement Zablockiren bisita jaso zuten Madrilen, AEBetako Kongresuko Kanpo Aferen Batzordeko presidentea. Gutierrez Melladok kexa azaldu zion, 1976an hitzemandakoa baina diru gutxiago jaso zutelako eta AEBek utzitako guda-ontziek “konpontzen kostu handiagoa” zutelako. Eurek antzera jokatuz gero, pilotu amerikarrei Bardeako “entrenamendu-misioen kopurua murriztu” ziezaieketen, bere hitzetan.

 

Eskuinean Jimmy Carter AEBetako presidentea eta Edmund Muskie senataria 1980ko argazkian. Ezkerrean, Manuel Gutierrez Mellado eta Adolfo Suarez, 1979an Espainiako presidenteordea eta presidentea. Haien irudia demokraziara emandako pausuekin lotu izan dute hedabide handiek, negoziazio militar ilunetan ibili ziren baina.

 

Nuklearren gaiak ere berebiziko garrantzia zuen. Morten Heirberg historialari danimarkarrak liburu batean azaldu berri duenez (US-Spanish Relations Afer Franco 1975-1989, Lexington Book, 2018), Zablockirekin izandako bileran espainiar ordezkariek argi utzi zioten “eskuak libre” nahi zituztela, “potentzia nuklearra izateko aukera eduki zezaten”.

Goi esferatan hori guztia egosten ari zen unean, euskal mugimendu antinuklear indartsu bat egoteak ez zion batere mesederik egiten Espainiako Gobernuari. Eta tiro poligonoaren kontrako aldarrikapenak ere ez.

 

Tiro poligonoak “tabu” izateari uzten dio

 

1951n Errege Bardeako Juntak ingurune natural hartako bi mila hektarea alokatu zizkion Espainiako Aire Armadari, Jose Lacalle teniente jeneral nafarrak “aholkatuta”. 1976an alokairua beste 25 urterako berritu zen eta ordurako yankiak bonbardaketetarako erabiltzen zuten, makina bat istripu eraginez.

Erriberan ordura arte tabua izan zen azpiegitura militarraren kontrako jarrera, baina gero eta nabarmenagoa zen herritarren haserrea: margoketak, mobilizazio klandestinoak… 1979an lehen udal demokratikoek mozioak onartu zituzten eskatuz tiro eremua ixteko eta Arguedaseko zentral nuklearraren proiektua bertan behera uzteko. Harrisburgeko istripu nuklear larria gertatu berria zen.

 

 

Hilabete batzuk lehenago, Suitzako Basilean egindako bilkuran mundu osoko koordinadora antinuklearrek adostu zuten ekainaren 3an energia eta arma atomikoen kontrako nazioarteko eguna ospatzea. Halaxe sortu zen Tuterako jaialdiaren ideia Euskal Herrian, ADMAR elkartearen eta Euskadiko Komite Antinuklearren eskutik.

Baina ikusi dugun bezala, jaialdi hori oso deserosoa zen Espainiako Estatuko aparatuentzat, AEBekin negoziazio betean ari zirelako –lurraldetasunari edo giro politikoari loturiko faktoreak baztertu gabe–. Hala, mobilizazio antinuklearretan inoiz ikusi gabeko operazio polizial-militarra abiatu zuten hura zapaltzeko.

 

Aurretik diseinaturiko oldarraldia

 

Nafarroako gobernadore zibil Eduardo Ameijidek geroago aitortu zuenez, Iruñeko Poliziaren komisario nagusia berak aginduta joan zen Tuterara, hango Goi Buruzagitzaren kargu egin zedin, baita Espainiako Poliziaren komandantea ere.

“Tuterako kontzentrazioa kontrolatzeko” plan bat diseinatu zuten: hiri barruan poliziek eta kanpoan guardia zibilek gune estrategikoak hartu zituzten. Kontrolen bidez, autobusei itzuli handiak eginarazi zizkieten Bardeako tiro eremu ondotik ez pasatzeko.

ARGIAren Larrun gehigarrian Gladys Del Estalen bizitza eta heriotzaz argitaratu dugun erreportajean azaldu bezala, orduko testigantzak bat datoz esatean “militarki” prestatu zutela hura. Poliziak Tuterako Prao pasealekura tiroka sartu zirenean, jendeak tranpa moduko batean aurkitu zuen bere burua, hiria banatzen zuen trenbidearen eta Ebro ibaiaren artean harrapatuta.

 

 

Zer agindu jaso zuten komisarioek jai eremuan gisa horretan oldarka sartzeko? Eta zer agindu zioten Angel Moreno Palma Tuterako Guardia Zibilaren tenienteordeari? Bere esanetara zeuden agenteek ez zuten dudarik izan subfusilei asegurua kentzeko, ekologistak Ebroko zubian modu baketsuan eserita ikusi zituztenean. Haietako baten balak hil zuen Gladys del Estal.

 

Inoiz baino bonbardaketa gehiago biharamunean

 

Hilketa haren erantzukizun katea luzea da: tiroa jo zion Jose Martínez Salas guardia zibilean hasi eta Iruñeko komisario nagusia, Ameijide gobernadore zibila, Antonio Ibañez Freire Barne ministroa eta Gutierrez Mellado espainiar presidenteorderaino iristen da. Azkeneko biak 1936ko altxamenduarekin bat egin zuten militar falangistak, bestalde.

Gladys Del Estal hil eta biharamunean, talde ekologistek salatu zuten inoiz baina bonbardaketa gehiago egin zituztela hegazkinek Bardean, “ejertzitoak gutxienez egun batez eten zitzakeen tiro praktikak, heriotza bat gertatu dela ikusita”.

Josep Fontanak Por el bien del Imperio liburuan dio, Jimmy Carterri bost axola zitzaiola Europan gertatzen zena. Kapaz izan zen beste 572 misil nuklear jartzeko kontinentean, sobietarrekin tentsio betean zeudenean ere. Baina halako txanpon txikiekin ordainduz lortzen zuten espainiar “demokrata” berriek Inperioaren anaia nagusiarekin “harreman estuagoa”, berdin tiro eremu nola herritar baten bizitza.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07