blogak

Angelu itsua

150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta… ihes egin zuela

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.

Mende eta erdi igaro da guardia zibilak Hernialden Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi atxilotzen saiatu zirela. Elduainen jaioa 1842an, Hernialdeko erretore zen apaiz ezaguna 1866az geroztik, eta 1870eko urriaren 6an joan ziren bere bila karlismoaren aldeko sermoiak eman eta propaganda egiteagatik. Baina atxiloturik eraman aurretik Urrutikoetxea baserrian hamaiketakoa egiteko aukera eman zioten: sotana kendu eta kale arropa jantzita ihes egin zuen arto sail baten babesean.

150 urte geroago, Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute, egun hori gogoratu eta Santa Kruz apaizaren ibilerei errepasoa emateko. Manuel Arroyo Hernialdeko kultur zinegotzi eta bildumazaleak osatu du erakusketa, besteak beste Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko eta Lizarrako Karlismoaren museoko materiala ere paratu dute horretarako.

Arroyoren ustez, Urrutikoetxea baserriaren eszena eta kontakizun hori funtsezkoa da, gerrillariaren “mitoa” sortzeko. Giroa gaiztoturik zegoen erabat Euskal Herrian eta handik gutxira Bigarren Karlistaldia lehertu zenean, Santa Kruzen borroka moldeek ataka zailean jarri zituen Espainiako Gobernuko soldaduak: “Kapilau zebilela ikusten zuen ejertzito nazionalari aurre egiteko modua ez zela hori eta soldadu-partida osatu zuenean, beste molde bat hartu zuen borrokarako, gerrilla gisara antolatu zituen bere gizonak”, azaldu dio Arroyok Tolosaldeko Atariari.

Manuel Arroyo erakusketaren arduraduna Hernialdeko udaletxeko kultur aretoan (arg.: Tolosaldeko Ataria)

Erakusketa urriaren 10a arte egongo da ikusgai Hernialdeko Udaletxeko Kultur Aretoan, 10:00etatik 13.00etara, eta bertan, norbanakoek utzitako objektuak, irudiak, filmetarako erabilitako jantziak, liburuak eta hemerotekako dokumentuak ikus daitezke besteak beste. Apaiz mitikoaz aipamen asko egin izan dira mende eta erdi honetan literatura bibliografikoan, Pio Barojatik hasi eta Gabai-ren bildumara arte.

Tolosaldeko Atarian azaldu du Arroyok bere famaren zergatia: pertsona polemikoa zen guztiz, bai liberalentzat, baina baita karlisten artean ere. “Egon ziren apaiz gehiago ere borrokara jo zutenak, baina Santa Kruz apaizak bildu zuen fama, gaitz guztiak egozten zizkioten eta irudi beldurgarria sortu zuten bere inguruan”.

1873ko abenduan behin betiko Euskal Herritik erbesteratua, Frantzian izan zen lehenik, Nantesen eta Lillen, eta azkenik Jamaikan eta Kolonbian aritu zen misiolari, 1926an hil zen arte Pasto hirian.

The post 150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta… ihes egin zuela appeared first on Angelu itsua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07