blogak

Amildegiaren ertzetik

Zuhaizpe



Ez nator egun sargorian haritzaren babesak eskaini ahal duen itzal babesgarriaren gainean mintzatzera. Ezta ikuspuntu historikotik gure Euskal Herrian Zuhaitzak duen sinbolismo tradizionalaren gainean ere.

Zuhaizpe, Nafarroako Lizarra herritik hamar bat kilometrora dagoen eremu misteriotsua da; Ziritzako Etxolen albo-alboan kokatuta dago.


Zelan definitu zer den Zuhaizpe, gure barruko ur lasaiak asaldatu barik? Osasunerako berebiziko eremua dela esango nuke, zereal zelai handiez inguratutako lur eremu txiki berdea. Eraikin nagusi bat du Zuhaizpek, eta haren inguruan, zirkulu bat osatuz egituratzen da Zuhaizpe izena duen lur eremu pribilegiatua. Ene iduriz, Zuhaizpen dena dago ongi pentsatua, egituratua, ez da deus kasuala, dena da kausala. Naturarekin bat egiten du Zuhaizpek, zuhaitzaren erroak lurrean bezalaxe.


Zuhaizpe era zirkularrean eratuta egotea ez da txiriparen ondorio, irudi geometriko honek sekulako indarra baitu Zuhaizpe bizi duen jendearen sinesmenean.


Zuhaizpe ez da arkitektonikoki erakargarri, eta barrualdean duen lorategi luze-zabal guria ez da begi-niniak ñirñirka jartzeko bestekoa. Zuhaizpe ez da, izan ere, nire ustez, toki bat, eremu bat soilik, Zuhaizpe beste gauza bat da, gizarte honetan dauden gauzen sistematik kanpo dagoena. Zuhaizpe espazio fisikoa da. Eta eremuaren eraketa estrukturalean ez da ezer ausaz eraiki, egokitu edo atondu. Igerileku txiki bat du berdegunearen ertz batean, ur gesalez hornitua. Nork ez daki zelako onurak dituen ur gesalak gorputz fisikoan (azalaren toxinak garbitzen ditu, antiseptikoa da, D bitamina emendatzen du eguzkiaren indarrarekin batera)? Igerilekuko ura gazia da, eta zenbait jaki atontzeko ur gesala erabiltzen dute proportzio txikietan. Kanporako balio badu, zergatik ez du antiseptiko lana beteko barruan, logikoa ere badenez.


Zuhaizpe gauza gehiago ere bada. Zuhaizpe osasun bidea da. Giza osasuna zaintzen duen zentroa da Zuhaizpe. Osasun fisikoa eta emozionala, eta biak ala biak kudeatzen irakasten zaigu Zuhaizpen. Analfabetismo emozionala kudeatzen ikasteko lur-zati hobezina da Zuhaizpe.


Dakigunez, medizina tradizionalak gaixotasunari jartzen dio arreta. Zuhaizpek, ostera, osasunari. Gorputz fisikoaren toxinak garbitzen ditu Zuhaizpek, jaki higienista eta naturistaren bitartez. Eta baraualdiak proposatzen ditu gaixorik egon daitekeen gorputz fisikoa sendabidean jartzeko. Zuhaizpe ez da ekologista, beganoa edo begetarianoa. Eta hirurak batean da aldi berean.
Zuhaizpe oasi bat da sistema pentsamendu bakar ofizialaren erdigunean. Zuhaizpek osasuna hartzen du balioan, gaixotasuna hartu beharrean. Osasungintza ofizialaren aurkako txerto sendagarria da Zuhaizpe.


Zuhaizpe bat eta bakarra da, eta konektatuta dago guztiarekin. Zuhaizpe bat eta dena da, ni eta gu, gu eta ni, espazio bera okupatzen duen bakartasuna eta aniztasuna osatzen du Zuhaizpek.
Zuhaizpe jendeak bizi du. Zuhaizperen bihotz eta arima dira. Zuhaizpek sinesmen sendoko jendeak bizi du, eta pertsona likidoak ere bai. Pentsamendu sendo eta irmodunek, halaber. Konbikzioak ekarritako pertsonek bizi dute Zuhaizpeko oasi hau. Zuhaizperen filosofia eta metedologiaren sinesdunek bizi dute lur-eremu hau. Pertsona dogmatiko, agnostiko eta gaseosoak bizi ditu Zuhaizpek. Zuhaizpe energiadun lur eremua da, urre kolorerik gabeko espazio lurtiarra. Sinesmen beste sugestio bizi duena, galanki.


Zuhaizpe lur da, eta espazio siderala, halaber. Zuhaizpek ilusioa eragiten du, baita ilusionismoa ere. Baina bizi dugun mundu esperpentiko honen itxaropena ere bada Zuhaizpe.
Zuhaizpe jakinduria da, eta bizitzaren esperientziak ematen duen segurtasuna ere bada.


Niri dagokidanean, helburu bakarrekin eta espektatibarik gabe hurbildu nintzen Zuhaizpera. Deskubrimenduak egin nituen iritsi eta berehalakoan: gorputz fisikoa neukala jakin nuen. Eta ez da gutxi! Pertsonek, oro har, minaren bat sentitu edo gaixotasunaren bat dutenean baino ez dute gorputz fisikoaren pertzepzioa. Aldaka ere banuela jakin nuen, eta mugimendu birakor sibilinoak egiteko gauza dela. Nire aldakak enbor estatiko mugigaitzaren atal baino ez direla uste izan dut nire bizitza guztian. Baina Zuhaizpen egin dudan deskubrimendurik handiena hidroterapia da. Teknika honek gure gorputzaren zokorik ezkutuenean pilatzen ditugun toxinak garbitzeko balio du. Esku-aurpegi lohiak garbitzeko ekandua badugu, zergatik ez askoz ere zikinduago eta intoxikatuago dugun kolona, germen, bakteria eta birusen habia, hain zuzen ere. Zuhaizperen goi-asmoa osasunaren bidea denez, azala garbitzea bezain garrantzitsua dute toxinaz beteriko organismoa araztea, terapia garbitzailearen bitartez.


Gauza asko ikasi ditut Zuhaizpen. Uste baino gehiago, nahiko nukeen baino gutxiago, agian. Ez dakit. Ni behi hausnarkaria naiz, pentsamendu eta hausnarketaren gida-lerroek eraman ohi naute sinesmenera. Agnostikoa ere banaizela esan dut arestian. Pertsona kriteriodun, zentzudun eta izaeraren konsziente bizia duen indibiduoa naiz.


Ez dira gauza bera kontzientzia eta konszientzia. Eta hau ere Zuhaizpen ikasi dut. Pertsonek inguruko errealitatea ezagutzeko eta harekin harremanetan jartzeko duten gaitasuna da konszientzia. Kontzientzia, ostera, aurreko adierazpenaz gain, norberaren barneko zerbaiten kualitatea edo ezagutza-egoera ere bada.


Eta gehiago ere ikasi dut, pertsonak askotarikoak eta bakarrak garela, desberdinak eta kontrajarriak, aurkakoak eta osagarriak. Eta gorputz fisikoa dugula, gorputz energetikoa eta gorputz emozionala… Eta ni gehiago naizela emozionala besterik baino, gorputz fisiko eta energetikoa baino gehiago. Ikasi dut, halaber, ni naizena izateko ez dudala inoren onespenik behar zer eta nor naizen adierazteko, banaizelako gai zer nahi dudan eta zer ez erabakitzeko, ezetz edo baietz esateko, norekin ibili eta zein bidaide aukeratzeko bizitzaren bidean. Pentsalari librea naiz eta albedrio libreari buruzko uste sendoak ditut. Ikasitakoagatik eta sentitutakoagatik naiz naizen bezalakoa, bizi izandakoagatik eta ibilitakoagatik. Zuhaizpen naizen bezalakoa agertu naiz, parodiarik eta antzezpenik gabe, maskara gabe, naturala eta boteretsua, nire izaeran ahaldundua. Eta, naizen bezalakoa naizelako, errespetatu behar dut, maitatu eta enpatizatu, bizitzea tokatu zaigun mundu honen aniztasuna sentituz. Unibertso urdinxkaren argitasunak haize etengabeak bultzatutako hodei beltz eta iragankorrek baino purifikazio-indar handiagoa du, izan ere. Negar egin dut Zuhaizpen, zirrara kontrolaezinetik sortutako malkoz bete dut igerileku hutsa; barre egin dut, maite, eta bidearen bazterrean utzi ditut bizitzea merezi ez duten pertsonak eta sentimenduak, emozioak eta inpultsoak. Aitortu behar dut horrek guztiak eta gehiagok sentiarazi nauela bakarra eta berezia. Osotasun unibertsal batekoa naizela ulertu dut, nire izate indibidualetik abiatuta. Ikasi dut pertsonok argia eta iluntasuna ditugula. Eta uste dut Zuhaizpek behin eta berriz berpizten duen zirkuluaren irudi geometrikoak ahulezia eta itolarria adina indar sor dezakeela. Argia bilatzeko bidean, haren intentsitateak itsututa gera zaitezkeela. Guztiaren orekan dago lortu nahi denaren neurria, ez dogmatismoan, sinesmenean baizik, ez inposaketan, proposizioan ez bada. Nire osasun fisiko, mental eta emozionalerako onuragarriak diren motxilez beteta itzuli naiz etxera.


Leku honetan ikasitako guztia (edo erdia edo laurdena) praktikara eramateko gai naizen gizona banaiz, pozarren hartuko dut Zuhaizperekiko nire bilakaera ebolutiboa.
Zorionak, Zuhaizpe! Eta garai ilun eta pandemiaz beteriko hauetan (plandemia, Karmelo Bizkarra doktorearen arabera), izan ezazu Zuhaizpe argitasun, indar, adore eta lasaitasun nahikoa, zure filosofia eta metodologiaren prostituzioa saihestuko duten erabaki zuzen eta gizatiarrak hartzeko, Zuhaizperen arima eta bihotza direnen itsukeriagatik libratzeko, eta inkisidore modernoen atzaparretatik alde egiteko.


Bizi luzea opa diot Zuhaizperi!

The post Zuhaizpe appeared first on Amildegiaren ertzetik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07