blogak

Amildegiaren ertzetik

Xantaia

Azken hauteskunde samaldan bakar batean soilik eman dut bozka. Esango nuke politikak eta politikariek dezepzionatuta naukatela; esango nuke nire apatia politikoak eraman nauela “demokraziaren jaia” omen den bozka eguna hiltegira doazen txahalen irudiarekin parekatzera, azkenik, politikari hautatuek egin dezaten bazka txahalaren zatiekin: solomilloa niretzat, buztana zuretzat, biribilkia harentzat, besokia honentzat… Ez dut aipatuko, beraz, geratzen zaizkidan hondakin ideoligiko apurrek izan dutela garrantzirik hartu dudan erabaki murritz horretan. Baina litekeena da, halaber, sentimendu ideologikoa dela eta, ez onartzea, esaterako, Espainiarako hauteskunde orokorretan eta Europarakoetan parte hartzea, deus gutxitarako balio dutelakoan nire asmo ideologikoak gauza daitezen (Europan, estaturik gabeko nazio txikiak mespreziatu egiten dituzte; eta Espainian, beste hainbeste). Inbisibilizatu egin nahi gaitu demokrazia hipokrita mendebaldar honek.

Inoren lotsa eta amorrua ematen du, gainera, bozka emandako hurrengo egunetan politikariek txahalon banaketaz egiten dituzten tranpak, amarruak eta azpikeriak zati handiena ahora nork eramango duen erabakitzeko orduan.

Merkatu txiki lohi eta zikin bilakatzen dituzte politikariek bozketako emaitzak. Eta Espainian zer egiten duten kasu handiririk ez eginagantik ere, gurean zabalduta dagoen merkatu txiki zarrapastrosoak ematen digu min, desezpio eta azkura. Zeren izan badugu oraindik ere bihozño ideologikorik, eta aurretik jakinagatik naturalak ez diren loturak eta matrimonioak aurrera darraitela, min ematen digu esaterako, PNVk PSOErekin darabilen ika-mika deitoragarria, esaterako, Iruneko alkatetza dela eta. Egibarrek “xantaia” hitza erabaili du PSOEk egin dion mehatxuari, eta matrimonioa puskatuko dutela entzun du, Irungo alkatetza PSOEren eskuetara iristen ez bada.

Eta Urkulluk men egin du, prakak jaitsi eta era umiliagarrian amore eman PSOEren eskakizunei. Egonkortasunaren izenean. Gobernagarritasunaren aitzakian.
Xantaia egiten diotenarekin fido dira pnvtarrak. Edota Arrasate, Azkoitia, Zarautz eta Tolosako udalak trukean bereganatuko dituztelako makurtu dute burua, Irungo alkatetza PSOEren eskuetan lagata. Mafiosoen harteko txahal banaketa baino ez da bozka osteko zirku hau.

Gure herriak merezi ez dituen politikariak ditu: xantaia egileak eta koldarrak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07