blogak

Amildegiaren ertzetik

Latina

animal-skin-pattern-abstract-pixmac-vector-79670693

 

Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabileraren inguruko kale neurketak egiten dihardu aspaldi honetan Euskal Herriko herri eta hirietan barna. Eta gureari ere egokitu zaio eta emaitzek ez gaituztela harritu esan behar, gure ogibidea dela eta, erantsita eta jantzita daramagun defektu profesionalak (kuxkuxero linguistikoa) gure herriko emaitzak aurreikusten utzi dizkigulako, subjektibotasunetik aztertu izanagatik ere.
EGOERA
Makurra. Ez oso makurra. Ez zeharo makurra. Makurra baizik. Gure herrian 16.000 hiztun dago. Hauetatik ia 11.000 euskal hiztunak, gutxi gora behera. Neurtutako hiztun kopurua 3.211. Emaitzak dio erdara dela nagusi gure herrian eta duela bost urte egindako kale neurketatik atera dugun konparaketaren ondorio nagusia hauxe dela: zortzi puntu behera egin dugu orokorrean euskararen erabileran. Adin talde guztiek egin dute behera, gazteena izan ezik, bere horretan iraun duelarik azkeneko kale neurketatik hona, %51 alegia. Baina aho bete hortz utzi gaituen datua haurrena da. Duela bost urte egindako neurketan haurretan, bi eta hamalau urte bitartekoetan, euskararen erabilera oso ona zen, %68, hain zuzen ere. Baina oraingo honetan, aldiz, beherakada nabarmena eman du sektore honek, euskararen erabilerari dagokionez: %52. Hau da, hamasei puntu behera egin du adin talde horrek kalean darabilen euskara.
Helduek eta adinekoek ere behera egin dute erabileran, nahiz eta oso nabarmentzeko modukoa ez izan bilakaera.
ONDORIOAK
Oso larria haurren adin taldeari dagokionez. Hezkuntza sistemaren flotazio marran bete betean emandako tiroa adierazten dute emaitza hauek. Gurean ezarritako eredukako sistemaren porrota. Hezkuntzan jarri zuten itxaropena gure gizartea elebidun bilakatze aldera, euskarak har zezan gure herrian zegokion zabalkundea. Baina usteak ustel, ez erdi ustel eta bai, ostera, guztiz ustel. Aldaketa ezinbestekoa da, hezkuntza sistemarena eta politika linguistikoarena, besteak beste. Katalanen murgiltze linguistikoaren sistema beharko litzateke hemen ere, eta ez duela gutxi arte euskararen tenplu izan den ikastolan, esaterako, eguneko menua ele-bietan jartzea, euskara ez dakitenen umearen gurasoek hark zer jaten duen jakin dezaten. Euskara jakiteko beharra sortzen ez den bitartean gureak egiten jarraituko du. Eta jakina, egoeraren errudunak denok gara, baina erakunde politikoei dagokien ardura nagusia hartu ezean, galgarik gabeko aldapa-behera honetan euskarari geratuko zaion azken hatsa euskal museo linguistikoan emango du. Hizkuntza kultu bilakatuko da eta unibertsitateetan dinosauroen fosilak aztertzeko erabiltzen den interes bera jarriko dute hizkuntzalariek, munduan desagertutako azken hizkuntzaren zergatien azterlan akademikoak egiten.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07