blogak

Amildegiaren ertzetik

ELA, udal gobernuaren manporreroa

Zalantzan jartzen dut Gernika-Lumoko ELAko udal ordezkari liberatuek jakingo ote duten zer den klase borroka edo langileen aldeko borroka, ustez hauen ordezkari sindikal badira ere.
Zalantzan jartzen dut, halaber, jakingo ote duten zer den ekitatea (dagokionari ematea merezi duena dituen meritu eta baldintzen arabera), berdintasuna (desorekarik ez izatea maila eta kategoria bera dutenen artean –lanpostuen balorazioa-) eta justizia (lanaren onurak eta kostuak langileen artean banatzea, irizpide baten edo irizpide eskala baten arabera, gutxien duenari gehiago emanez, ekitatea eta berdintasuna lortze aldera).
Gurean, behintzat, ez dut uste desberdintzen dakiten nor den enpresa eta nor langile, edo beste era batera esanda, gure udaleko ELAko ordezkari sindikal liberatuak distantziakide dira batzuetan, hau da, distantzia beretik begiratzen eta aztertzen dute patronalaren eta langileen egoera, hau dena delakoa izanda ere. Edo, bestela, gehienetan, argiago esanda, patronalaren filosofiatik hurbilago daude, langileenetik baino.
Gurean ELAko ordezkari liberatuek bat egiten dute udal gobernuaren izaera neoliberalarekin eta lan-injustizien aurrean kikildu eta amore ematen dute, aurretik ahoa zabaldu barik, enpresak proposatzen dituen apurrekin. Egin berri den lanpostuen balorazioan, kasu.
Eta sektario jokatzen dute. Langileen batzarrak proposatu ordez, afiliatuen txutxu-mutxu mono-pertsonalak antolatzen dituzte, batzar orokor serioan planteatu daitezkeen zalantza eta kezkei erantzuten jakin ez eta ikaratan jartzen direlako. Eta badira kontuan hartzen ez dituzten langile afiliatuak ere. Kaka praketan jartzen direlako hauen haserre biziari erantzun koherente eta sinesgarririk ematea ezinezko zaielako. Eta zergatik haserre bizia? Bada, udaleko ELAko ordezkari sindikal liberatuek ondoriorik gabeko zeregin motela egiten dutelako, edo bestela esanda, zer egiten duten langileek jakin ez dakitelako (konfiantzazko afiliatuak izan ezik), sen sindikalistarik ez dutelako, eta bilatzen duten bakarra delako sekzio sindikal sendoa izatea liberatu gehiago izan ahal izateko. Eta zenbat eta liberatu sindikal gehiago izan, orduan eta jai egun gehiago liberatu sindikalistentzat.
Eta bada, gainera, sekzio sindikal honetan egoera onartezina, liberatu sindikal izainarena, espartzu toxikoz burua jantzia, sekzio sindikalak ezta langile afiliatuek ere aukeratu ez dutena, eta astean behin egokitzen zaion egun sindikal librea igerilekura joateko profitatzen duena. Patronalak ere onartu egiten du egoera hau ezer esan barik. Hona, bada, distantziakidetasunarena. Eta injustiziarena. Eta salagarria.
Honegatik guztiagatik, bada, labur lotu beharko lituzke Txiki jaunak jauntxo trazak hartu nahi dituzten tokian tokiko zenbait liberatu sindikal, sindikatu bertikala bilaka ez dakion.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07