blogak

Amildegiaren ertzetik

Arrakalak

Bada eskultura mota bat nik ulertzen ez dudana. Abstraktua, alegia. Edo kontzeptuala, beste adiera bat erabiltzearren. Eskulturaren aurrean jarri, eta nik ezin asmatu zer den, zer adierazi nahi duen artistak, beronen ahotik azalpenak jariotzen ez diren bitartean. Eta azalpenak azalpen, hasiera bezain hotz eta motz geratu ohi naiz. Arte mota hori artelanetan jantzita dauden eruditoentzako egina balego bezala da, edo, bestela, bere buruari galderak egiten ohituta dagoen ikuslearentzako. Artea  ezingo baita gozatu bihotzak eta urdailak sentiaratzen dizunarekin bakarrik. Arte mota horrek duen funtzio nagusiena ikuslea pentsatzen jartzea baita. Sentimendu eta emozioetatik haratago doan lanak, hunkitu barik, pentsarazi egin behar dizu, arte egilearen arabera. Bada baina, artea benetakoa bada, hunkitu egin behar zaituen iritzia duenik. Eta kontzeptualak ez dizu bihotza ukitzen.

Gauza bera gertatzen da urriaren 30erako adostuta dagoen Greba Orokorrarekin. Deialdia ez da bihotzera iritsi. Emozioak eta sentimenduak ez dira galdatan jarri eta eratzun premiazko bat eman behar dugula sentiarazi. Planteiamendu abstraktua da, kontzeptuala, azalpen amaigabeen beharra duena, arrazoimenara iritsi ahal izateko. Greba hau arrazoi aunitzez jantzi behar dute, langileen eta herriaren bihotza beratzen jartzeko. Pentsioak aipatu eta nor ez da asaldatzen pentsiodunen eskabide duina lortzeko, erretiroan daudenak daramaten borrokarekin? Nork ez du gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakalaz amaitzea nahi? Prekarizazio-formula oro kentzea? Lan-Harremanetarako gure eredu propioa eta negoziazio kolektiboko marko propioa erabakitzeko eskubidea izatea? Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna?

Arazoak egon badaude; injustiziak indarrean dirau gizarte neoliberal guztietan, eta baita komunistatzat jotzen dituztenetan ere. Euskal Herrian, Espainian, Frantzian zein Palestinan kontzientzia sozial eta nazionalek badute lanik (greba orokorrak -altxamendu iraultzaileak) eta motiborik gora-goraka jartzeko eta irtenbiderik edo konponbiderik bilatzen hasteko. Mundua hankaz gora dago: gerrak, altxamenduak, aldaketa klimatikoa, arazo soazialak eta politikoak… Grebaren erabilera azken urratsa da borrokan. Eta ondorio guztiekin egin beharko litzateke helburuak lortuko badira. Frantzian hiru hilabete daramate borrokan. Eta ez dute amore emateko asmorik. Galdu edo irabazi. Ezin da beraz,  greba sinbolikorik egin. Bestela, borroka mota horrek duen zentzua, indarra eta balioa galduko luke.

Eta hala eta guztiz ere, eta gurera etorrita, ez dakit nik bada, grebaren sustatzaileek nahikorik goratu duten ahotsa, herrian entzun ahal izateko beste. Artelan kontzeptualarekin gertatu bezala ez ote den gertatzen ari greba planteiamendu honekin: aldarri eta aldarrikapen asko, azken finean, elkartasuna adierazteko baino izango ez den borroka erabiltzea. Helburu asko mahai gainean, greba soil batek bideratu edo konpondu ahal izateko.

Kontzientzia izatea buru ganbarako toki ezkutuenean lagata dugun garaiotan, inoiz baino premiazko ikusten dut hari astinaldia ematea, borroka egiteko bada ezezik, zergatik ez dugun egingo argudiatzeko ere, elkarrengandik urruntzen diren iritziak eta pentsamenduak kontzientziak berbideratu ditzan.

The post Arrakalak appeared first on Amildegiaren ertzetik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07