Gure bizilekua den Goiogane baserria jendeari zabalik dagoen altzoa edo magala izatea nahi genuen. Lurrarekin kontaktua izateko altzoa, elikadura sanoa dastatzeko altzoa, lasaitasunarena, natura eta lurra hobeto ezagutzeko lekua, pentsatzeko-proiektatzeko behar den kontzentraziorako altzoa, musika edo bestelako adierazpide artistikoak sortzeko behar den pizgarriaren altzoa, Lea-Artibai eskualdea eta bere historia hobeto ezagutzeko altzoa… Azken finean, bizitza soil eta benetakoa preziatzeko altzoa.
Dimentsio xumea izango du, horregatik, proiektuak. Altzo baten goxotasuna bilatzen dugulako. Etxekotasuna. Benetakotasuna. Gu geu bizi garen etxea eta ingurua partekatuko dugu. Gu geu garena eskaini, datozen guztiengandik ere jasoz eta ikasiz.
Elikagai ekologikoen ekoizpena eta merkaturatzea, bisitariei ostatua ematearekin eta lurraren zein eskualdearen ezagutzarekin lotutako jarduerak eskaintzearekin uztartuko dugu. Era berean, lehendik ere Goioganen kokatzen den Musikorta audio gunea ere eskaintzaren parte izango da, era guztietako audio eta musika grabaketak egin ahal izateko.
Zuek ezagutzeko eta zaintzeko irrikitan gaude.
Uztailaren 1etik aurrera, gure etxea zuen Altzoa da. Ongi etorri!
The post Uztailaren 1etik aurrera, gure etxea zuen Altzoa da appeared first on Altzoa Ostatua.