blogak

Altzoa

Azken 10 hileotan ikasitakoak

Agroekologia amaitzen ez den ikasketa bide isila dela ikasten ari gara. Lurra behatzen, zaintzen, gero eta bizitza gehiago izan dezan laguntzen… Dibertsitatea bizitzarako behar dugula ikasten ari gara, birus kolpez ikasi ere. Egunerokoan baserri batean bizitzea beti preziatu dugunok ere, lurrarekin bizitzea benetako pribilejioa dela ikasi dugu orain, luxuzko konfinamenduan izanik.

Horren parean, ikasten ari gara baserria bizimodu bat badela, baina asko kostatzen dela ogibide ere izatea. Horregatik, 2019a aproba urtea izan zen; ikasi genuen etxetik kanpoko jardun erdiko lana eta Altzoako zereginak (ostatua + ortugintza) batera egiten. Ikasi genuen moldatzen ahal ginela, baina lanaldi amaitezinen truke…

2020an, aldiz, kanpoko lanik ezean, bete-betean Altzoan murgilduta abiatu genuen urtea; baina ez genuen sekula pentsatuko gainera zetorkigun ikasketaldi pandemikoa… Ostatua martxoaren 13an itxi genuen, eta maiatzaren 29an irekitzeko itxaropena dugu, behar diren neurri guztiekin, eta txikitasunak ematen duen segurtasun gehigarriaz. Eta Musikorta gure audio-estudioa ere itxita dago, konponketa elektronikoen tailerra martxan mantendu dugun arren. Ortuan jarraitu dugu lanean, geure txikitasunean, Lekeitioko Amaren Kontsumo Arduratsurako Elkartean eta Lekeitioko Azoka dendan jeneroa salduz. Ikasi dugu, beraz, diru sarrera oso-oso txikiekin egunerokotasuna eroaten (zorrik ez izatearen abantaila itzelarekin, hori bai!). Ikasi dugu hileroko gastuak lupaz begiratzen, eta soilik beharrezkoa dena erosten. Eta, lehen ere hala bazen, egunero gure mahaian jaten dugunaren zati handi bat etxean egina izatea zein handia den are gehiago apreziatzen ikasi dugu.

Ikasten ari gara denbora gutxiago eskaintzen pantailei eta beharbada horregatik Altzoa-ren webgune honetan eta sareetan isilune luzeak dira nagusi… Isilik egoten ere ikasten ari gara-eta. Isilago egon, eta gehiago egin.

Aro berri bat etorri da. Ikasi ote dugu zerbait?

Oparotasuna denontzako izango den aroa eraikitzeko bideari egunero ekiten diozuen txinaurri guztioi, osasuna eta maitasuna!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07