blogak

Alter kaiera

AlterAkzioak

 Antropologian hain erabilia den alteritate sozial eta kultural kontzeptuaz hitz egitean, “besteaz” ari gara, hau da, norberarena ez den beste edozein gizarte eta kulturaz. Alteritatea “ni” eta “bestea”-ren banaketatik abiatzen da, ondoren “beste” horren lekuan jarri eta ikuspuntu propio eta arrotza konbinatuz bizimodu, kultura edo gizartea ulertzeko. Kepa Fernandez de Larrinoaren “Alteritatea” irakurgaian oinarrituz, antropologiak alteritatearen inguruan egindako gogoeten eboluzioa iker dezakegu, eta baita antropologiaren ikergaien bilakaera nabarmena ere.

Antropologia, disziplina bezala, XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendeko hasierako urteetan sortu zen. Garai hartan, “beste” hori mendebaldetarrak ez ziren gizarteak ziren, eta horiek bihurtu ziren aztergai. Kultura horien berezitasun soziokulturalei buruzko gogoeta egin zen konparaketaren bidez. Dena dela, antropologia ez zen toki guztietan era berean garatu, eta gaur egun desberdintasun horiek lausotu nahi diren arren, hasiera batean gaiak eta joerak askotarikoak izan ziren. Erresuma Batuan, esaterako, gizarte primitibo deitu zituztenak aztertu ziren XX. mendean. Amerikako Estatu Batuetako ikerketak, berriz, gizarte-psikologia eta hizkuntzarekin erlazio handiagoa izan zuen, eta sinbolizazioa eta kultur adierazpenak izan ziren ikergai nagusiak.

Egun, alteritatea aldatu egin da, edo hobe esanda, jada ez da hainbeste ikertzen arrotza zaiguna, eta gero eta antropologo gehiagok beren kultura propioa ikertzeari ekin diote, orain arte normaltzat zutena marko zabalago baten ikuspegitik begiratuz. Lehen esan bezala, antropologiak izan duen historia laburrean ikergaiak asko aldatu dira; britainiarrak, tribuak eta abar aztertzetik mendebaldeko gizartearen normaltasuna kuestionatzera igaro dira. AEBetan, gizarteen eta gizarteen baitako kolektibo desberdinen arteko harremanen ikerketa gailendu da. Hori ikusita, badirudi egungo antropologiak “beste” hori lurralde urrun eta ezezagunetan bilatzeari utzi eta mendebaldeko gizartearen baitan aurkitzen saiatzen ari dela hein handi batean.

Gaur egun egiten den antropologiak ekarpen berriak ematen dizkigu etengabe. Antropologiak hasieran aztertzailearen kultura ez zena aztertzen zuen (mendebaldekoak ez zirenak); honek beste kulturei buruzko jakintza berriak eta ezagutzak ekartzen zizkigun, gerora irakatsiak izango zirenak; baina ez zuten eragin zuzenik gizartean, gutxi batzuei irakasten zizkietelako. Gaur eguneko antropologia aztertuz ikus dezakegu mendebaldeko kulturak aztertzen direla, eta batik bat, gizarte jakin bateko faktore edo multzo bat. Honako honek, lehen ez bezala, guztizko eragina izango du gure gizartean, momentuko gertaerak eta gure egunerokoa aztertzen duelako. Honekin batera, gure gizartearen azterketaz baliatuz, bertan dauden arazoei nolabaiteko interpretazio bat eman diezaiokegu eta hauei aurre egiteko baliabideak bilatu.

Ikusten dugunez bi jarrera desberdin topatzen ditugu antropologian, baina honek ez du esan nahi guztiz kontrajarriak direnik. Bien arteko lanketa bateratu bat landu behar dela uste dugu, kultura datu ezberdinen konparaketan oinarrituz, ondorio askotara heltzeko aukera eman ahal digulako.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07