blogak

Allartean

Sozializazioa eta kolokializazioa

Semea bertso-udalekuetan egon da aurten. Euskara txukuna, aberatsa, malgua eta jatorra duela esango nuke nik; lagunartean nahi genukeen baina gaztelania gehiago egiten badute ere. Hala ere, itzulkeran komentario bitxia egin zidan: Gipuzkoa eta Bizkaitik joandakok hobeto moldatzen ote ziren, euskalkia zutelako. Komentario bat besterik ez da izan. Ez dio aparteko garrantziarik eman, baina, niri deigarria egin zait.

Iñaki Larranaga kazetariak Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoaren gaiak landu ditu Euskadi Irratian urte osoan. 9. saioan Gasteizen izan dira, eta elkarrizketa interesgarria egin diote GEU elkarteko Irati Iciarri: https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/ekt/audioak/osoa/6570699/ekt-7-9-saioa-gasteiz/

Araba eta Gasteizko euskaldunei buruz jardun du Iratik. Bere esanetan, Arabako euskaldunok badugu euskara bizitzeko eta praktikatzeko modu propio bat. Arabako euskalduna, sarri, hiztun berria da, edo bikote misto batetik dator. Hiztun berri baten ezaugarriak ditu: uste du ez duela erraztasun nahikoa; gutxiagotasun sentimendua du; ahozkotasuna falta duela uste du; batua artifiziala egiten zaio; euskalkiaren gabezia sentitzen du. Hori guzti hor da, baina bere praktika lingustikoak ere bai. Iratiren ustez, praktika horietatik euskaldun legitimoa sortzen ari da Araban, euskara bizitzeko bere modua aldarrikatzen duena.

Pello Jauregik esan ohi du pertsona bat euskalduna izateko ez dela nahikoa eskolan edo euskaltegian izandako prozesua. Euskara ikastea ez da nahikoa. Sozializazio prozesu bat ere beharrekoa da. Haren esanetan, euskaltegian (edo eskolan) euskara ikasi duen pertsona bat ez da benetako euskalduna izango, harik eta euskarazko harreman sare informal edota afektibo batean parte hartzen ez duen bitartean. Ezinbesteko esperientzia da, hizkuntza sozioalizazioan.

Helduen euskalduntzean, barnetegiak izan dira sozializazio prozesu horren parte garrantzitsu bat. Euskaltegian geundela, bitxia egiten zitzaigun ikasleek barnetegitik zekarten mintzamoldea: “ingo det”, “oraindiño”, “emongoustazu”… Bitxia iruditzen zitzaigun guk geuk 20 urte lehenago gauza bera egiten genuelako. Esango nuke sozializazio prozesuaren alderdi linguistikoa dela: kolokializazioa. Tarteko hizkuntza bat dela esan daiteke, hizkuntza-garapenaren etapa bat: batueraz eremu informalean eroso erabiltzeko moduko erregistro bat sortzen dugun bitartean, imitaziora jotzen dugu eta inguruan “funtzionatzen” duten formulak kopiatzen ditugu.

Eskoletan eta kalean ez dakit fenomeno horrek nola funtzionatzen duen. Ez dut horretaz gehiegi pentsatu., baina orain jakin-mina sortu zait.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07