blogak

Allartean

Hizkuntzaren kultura eraiki

OSO BEREZIA da kognizioaren eta diskurtsoaren aldeko erlazioa. Harreman zirkularra da: kognizioak —ikuskerak, alegia— diskurtsoa baldintzaten du, eta diskurtsoak ikuskera. Gainera, beste ezeren gainetik kognizioa fenomeno soziala denez, erlazioa gehienetan hiruki baten moduan ageri izan da: kognizioa, gizartea eta diskurtsoa. Modu sinple (baina inkonpleto) batean esateagatik: gauzak nolakoak diren, gauzak nola pertzibitzen ditugun eta gauzak gure buruari nola kontatzen dizkiogun.

Euskarari buruzko diskurtsoaz ari garenean ere, oso begi-bistan izan beharreko ikuspegia iruditzen zait.

  • Lakoff eta enparauen planteamendutik abiatuta, Mtz de Lunak FRAMING deitu izan dio erlazio horri. Euskararen kasua aztertu du eta euskal gizartean nagusi diren “markoak” identifikatu ondoren (aldarrikatzailea eta uzkurra), diskurtso berri baterako oinarriak proposatu ditu. Hemen.
  • Lorea Agirreri euskararen ekibalentzia-katearen ideia entzun diogu: euskarari zein ideia edo zein hitz lotzen diogun. Euskara entzun eta zeintzuk balore, zeintzuk ideia, zeintzuk erreferente piztu nahi ditugun… horixe da ekibalentzia-katea.
  • Van Dijk hizkuntzalariak askotxo teorizatu du kognizioa-gizartea-diskurtsoa loturaz, eta —azken buruan— ideologiaz hitz egiten amaitu zen, bere ustez, ideologia horixe baita: kognizio sistema partekatu bat.

Jone Miren Hernandezek, antropologoa den heinean, kulturaz hitz egitea nahiago du. Deigarria egin zitzaidan “gu gazteok” (pdf) lanean irakurri nion paragrafo hau:

Hiztun berrien belaunaldi bat sortu dugu, euskara ikasi dute eta euskararen (hizkuntzaren) kulturan sozializatu dira. Baina ez dakigu euskarak eta euskararen kulturak gazteei zer eskaintzen dien, edo nola artikulatzen / txertatzen duten kultura hori beraien gazte izaeretan.

Ideia interesgarria iruditzen zait, sakondu beharrekoa…. Litekeena da kontu terminologiko hutsa izatea, baina atsegingarriago egiten zait euskararen kulturaz hitz egitea, diskurtsoaz, framingez edo prestigioz hitz egitea baino. Jone Mirenen ustez, sarri hitz egin izan da euskal kulturari buruz, baina gutxi edo batere ez hizkuntzek sortzen duten edota hizkuntzen bitartez sortzen eta garatzen den kulturari buruz.

Jone Mirenek hizkuntzaren hiru dimentsio proposatzen ditu hizkuntzaren gaineko kultura bat eraikitzeko: materiala, kolektiboa eta ideologikoa. Haren ustez, hiru dimentsio horiek behar-beharrezkoak dira euskararekiko atxikimendua (jarrera, motibazioa…) garatzeko:

a) korpus bat, erreferente materialak, fisikoak eta gorpuztuak (literatura, kantak, hiztegiak, gramatika bat, Euskaraz bizi nahi dut afixa, Korrika, euskaltegiak, euskara irakasleak, bertsolariak, eta abar);

b) talde, gune edo komunitate ezberdinak zeinetan hizkuntz harremanak gauzatzen diren (mintzalagunak, euskara elkarteak, hezkuntza komunitateak, ikasleak, lankideak, dendariak, tabernariak, seme-alabak, eta abar luze bat)

c)  ideiak, irudikapenak, argudioak, metaforak hizkuntzaren inguruko diskurtsoa(k) osatuko dutenak (maitagarria, nirea, gurea, praktikoa edo pragmatikoa, politikoa, negozioa, sexista, beharrezkoa, etxekoa, eta horrelakoak).

Hiru dimentsio horiek osatuko lukete hizkuntzaren. Ikuspegi interesgarria iruditzen zait, orain arteko perspektibak integratu eta osatu egiten dituelako. Gazteei buruz ari delarik, Jone Mirenek “euskararen kulturari erreparatzeko beharra eta euskararen kultura erreparatzeko beharra” aldarrikatu izan du. Harek esan bezala, “euskarak eta euskararen kulturak gazteei zer eskaintzen dien” aztertzea eta… egokitu dezaten uztea.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07