blogak

Allartean

Hizkuntza gutxituak eta garapen iraunkorra

Nazio Batuen Erakundeak abian du 2030 Garapen Iraunkorrerako Agenda. Marko horren baitan, mundua hobetzeko estrategia gisa, 17 helburu definitu ditu: Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIHs).

Hizkuntza aniztasuna modu esplizituan aipatzen ez badu ere, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak horren beharra aldarrikatu du, eta 17+1. helburua proposatu du, hizkuntza eta kultura aniztasunaren berme moduan. Izan ere, Unesco Katedraren ustez: “doktrinak eta esperientziak behin eta berriro erakutsi dute hizkuntzak ekonomiaren motore direla, giza-kohesioaren eta bakearen bultzatzaile eta azken batean giza eskubide kontu bat, horregatik garapen iraunkorrak nahitanahiez kontuan hartu behar ditu.”

Proposamena erakusketa baten bidez zabaldu zuten iaz. Itziar Ibarzabal irakasleak haren berri eman zuen bideo honetan:

GIH helburu horiek maila mikrora eta tokian tokikora jaistea da hurrengo urratsa: gobernuek, udalek, enpresek eta gainerako entitateek ere helburu horiek lortzeko zer egin ahal duten definitzea alegia. Instituzioen kasuan, agintaldiko planak eta GIH helburuak ondo lerrokatzea eskatu da. Bide horretan, jakina, 17+1 helburua inbisibilizaturik geratu da erabat.

Katalunian, Respon.cat Erakundeen Gizarte-Erantzukizuna sustatu eta bultzatzen duen entitate bat da. Enpresen eta entitateen lehiakortasuna eta jasangarritasuna lantzen ditu, eta, besteak beste, enpresetan Garapen Iraunkarrerako Helburuak sustatu nahi ditu, enpresen Gizarte-Erantzukizunean integratuz. Euren ustez, berezko nortasuna duten gizarteetan, bi arrazoirengatik da funtsezkoa enpresentzat nortasun hori balioestea: (a) aniztasunaren defentsa enpresaren etikan txertatu behar delako, eta (b) bezeroen eta hartzaileen espektatibak kontuan hartu eta ase behar direlako.

Hori guztia GIHetako 11. helburuari lotuta dagoela argudiatzen dute: hiri eta komunitate iraunkorrak, alegia. Alde horretatik, erantzukizun linguistikoa gizarte-erantzukizunaren parte dela defendatzen dute, eta erabat lerratuta dagoela garapen iraunkorrerako helburuekin. Topaketa bat egin dute gaia lantzeko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07