blogak

Allartean

Hizkuntza eta subjektibitatea

Joan Puyolar irakasleak Treballs de Socioling√ľ√≠stica Catalana aldizkariaren azken zenbakian dioenaren arabera [Nous parlants: llengua i subjectivitat], soziolinguistikak beste diziplinen ideiak eta metodoak hartu eta egokitu egin ditu, baina oso berrikuntza gutxi eragin ditu. Haren ustez soziolinguistika oso aparte egon da soziologian piztu izan diren debate garrantzitsuenetatik.

Artikuluan subjektibitatea kontzeptua lantzen du. Subjektibitatea hainbat debateren erdigunean dagoen kontzeptua dela azaldu du, eta hizkuntza biziberritzearen aldeko mugimendua gai horietan sartu behar dela defendatu. Mugimendu sozialak, boterea, aktibismo kulturala, neoliberalismo eta desberdintasuna, intersekzionalitatea… interesatzen zaigu horiek guztiak gure baitatik lantzea.

Subjektibitatea eta identitatea terminoak solapatu egiten dira sarri: txanpon beraren bi aldeak dira, baina debate paraleloak sortzen dituzte. Subjektibitateak agentzian jartzen du fokoa, agentibitatean, eragiletzan. Hautatzeko margena azpimarratzen du. Identitatea, ordea, determinazio estrukturalari buruz ari da.

Estruktura ala agentzia? Zein nagusitzen da? Debate interesgarria da, baina ezin du erantzun erabatekorik izan. Estrukturak aukerak eta hautuak baldintzatzen dituzten pautak dira: aski egonkorrak eta aski erreiteratiboak. Sozializazio-prozesuaren ondorio dira. Agentzia, bestalde, norbanakoek beren kabuz jarduteko ahalmena da: hautatzeko, egiteko eta eragiteko ahalmena… Autonomia, azken batean.

Gurera etorrita, interesgarria izan daiteke erabilera-arauei buruz gogoeta txiki bat egitea. Erabilera-arauak arau sozialak dira eta hiztunen hizkuntza-erabilera arautzen dute; hau da, eremu jakin batean eta pertsona jakin batekin erabili beharreko hizkuntza, barietatea edo erregistroa zehazten dute. Erabilera-arauak hautua kondizionatzen duten baldintza estrukturalak dira, baina ez dute hiztunaren agentzia erabat ezabatzen. Hiztunak bere identitatea egunero negoziatzen du bere jardunean. Erabilera-arauei, gure artean, “hizkuntza-ohiturak” deitzen ohitu gara, nahiz eta, izen horrekin, atzean dagoen botere-harremana lausotzen dugun.

Erabilera-arauak aldatu daitezke. Inork ez digu esan hori nola egin behar den, baina susmatzen dugu hiztunen agentzia indartzea dela horretako gakoa.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07