blogak

Allartean

Frikia naiz, eta harro nago

Friki hitza ingelesetik dator: “itxuraz edo jokamoldez ezohikoa” esan nahi omen du. Zaletasun, jokaera edo itxura ezohikoak dituzten pertsonak dira (beste kontu bat da ezohikoa zer den definitzea). Frikiek informatika maite dute, eta elektronikoa, zientzia, matematika, filatelia, bideo-jolasak, komikiak, manga, zientzia fikzioa eta abar. Beren zaletasunean badute obsesio ikutu bat.

Friki izatea da gai batekin apasionaturik bizitzea, horrenbeste non xehetasun eta txikikeria guzti-guztiak garrantzitsu bihurtzen diren.

Semeari entzun diodanez, bertso eskoletan zaletasun gehien erakusten duten ikasleei bertso-frikiak deitzen diete. Ez da iraina. Ikasleek izen hori errebindikatu egiten dute, harrotasun puntu batekin. Toponimiarekin antzeko zerbait ikusi dut. Zaletu asko dago Euskal Euskal Herrian, eta benetako frikiak dira.

Duela aste pare bat Manu Ruiz Urrestarazu ezagutzeko parada izan nuen. Mendiaz eta toponimiaz ari zela, Gasteiz inguruan behin baino gehiagotan ageri den KAPILDUI izenaz galdetu nion. Luzaz jardun zuen. Ezin erantzuna oso-osorik buruan gorde. Zorionez idatzirik ere badu (gerora aurkitu dut):

Izkitik iparraldera Kapildui mendia jaikitzen da. Kapildui kapilez osatutako landareduia izango zen. Eta zer da ba kapil hori? Okarizen, Lautadako ekialdean, badago mendi bat Gabilamendi dena. Kapil(a), gabila. Arabako Lautada eta Mendialdeko hizkeraz, «abillurri» eta baita «abilarri» ere (Kontrastan) deritzate arantza edo elorri zuri landareari (Crataegus spp.); «abillurri» edo «abilarri» horiek «ahabi-elorri» konposaketatik ote datoz?

Kapil izenera bueltatuz, antzeko edo sinonimo litezkeen gabila, kabila izenak, izen horien erabilpen batzuetan egur multzo edo mota batekin erlazionatuta agertzen zaizkigu. Naturan, elorri edo arantza zuriz osatutako basotxoak (Crataegus monogyna zein Crataegus laevigata-koak) harizti eta pagadi basoen alternatiba edo laguntzaileak izaten dira. Azken mendeetako espezieen distribuzioan elordiek atzerapen nabarmena izan dute; orain mende batzuk eta ganadua edonondik ibiltzen zenean, elorria nahikoa ondo defendatzen zen bere arantza mingarriak zirela medio; basogintza modernoa sortzen denean, XVIII. eta XIX. mendeetan eta ordutik hona, gizonak baso-basoak nahiago izan ditu, zur eta egurretan ekoizpen handiagokoak direnak, zuhaiznoz betetako basotxoak baino eta elorri asko moztuak izango ziren azken bi mendeetan; horrez gain, baso itxietan, harizti eta pagadietan, azken hauetan batez ere, arbolen itzala lagun txarra da basoko arbola mota nagusia baino tamaina txikiagoa duten espezieen bizitzarako. Baina hala eta guztiz ere, basoa irekitzen zen guneetan eta larreetan elorriak landare arruntak ziren Kapilduin, baita Gabilamendin ere.

Berroztegietako hariztietan Kapilduia toponimoa bi tokitan topatzen dugu eta hor ere elorri zuriak agertzen dira multzoka. Litekeena da ba, nire ustez, gabila, kapil(a) izen hori egurrari lotuta izatea edo espezifikoki elorri zuriari zuzenduta izatea aipatu ditugun Arabako oikonimo hauetan.

Testu osoa hemen eta antzeko beste bat hemen.

Fenomeno bat da Urrestarazu. Donostian jaioa; Mendi Ingeniaritzan doktorea; Arabako Foru Aldundiko Basogintza Zerbitzuko buru, erretiroa hartu arte; eta Euskaltzain urgazle, 1969az geroztik. Toponima landu du sarri.

Frikia? Baliteke… baina nor naiz ni hori esateko. Azken batean, gaur egun, ba al da blog bat idaztea baina gauza frikiagorik?

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07