blogak

Allartean

Erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia

Estrategia hirukoitza izan ohi dute mugimendu sozialek: erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia.

Mugimenduak, sarritan, erresistentziarako sortu ohi dira. Egonezinean eta haserrealdian kimatu, eta protestaren logikari lotzen zaizkio.

Gerora, batzuek intzidentziaren estrategiari jarraitzen diote. Esfera publikoan eragin nahi dute, eta influentzia lortu, sistemaren parte bat aldatzeko. Litekeena da bide horretan erresistentzia-grina galtzea, Edo agian ez.

Hirugarren espazio bat ere zabaltzen da: arazoei irtenbideak ematea, botere publikoetatik harago. «Ez, erresistentzia ez da aski. Gure burua antolatu nahi dugu, gure buruaren jabe izateko. Gu geu gara erantzuna. Autogestioan sakondu, eta disidentzia sortu nahi dugu».

Lehengo begiratu batean irudi lezake euskalgintzak bere burua dibertsifikatzea hautatu izan duela. Irudi lezake antolakunde batzuk erresistentziarako jaio direla; beste batzuk, intzidentziarako; eta badirela, halaber, disidentziarako bokazioa dutenak. Hori horrela, antolakunde horiek guztiek sistema bat osatuko lukete, eta sistema gisa ondo funtzionatu, hiru estrategiak barnebiltzen dituztelako. Arreta gehiagorekin begiratuz gero, ezetz ikusten da. Ez da erabat horrela. Hiru estrategiaren zantzuak ikusten dira antolakunde guzti-guztietan.

Edgar Morinek printzipio hologramatikoa deitu zion horri: zati guztiek osotasun bat eratzen dute, baina osotasun hori zati bakoitzaren baitan ere bada. Zelula baten adibidea aipatu ohi da. Organismoa zelulaz osatu dago, baina zelula bakoitzaren barruan organismoaren ADN oso-osoa dago txertatua. Mugimendu euskaltzalea ere horrelakoxea da. Erakunde bakoitzak mugimendu osoaren ADNa biltzen du bere baitan: erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07