blogak

Allartean

Eraldaketaren Teoria bat

Balear Uharteetako Unibertsitateak Hizkuntza Dinamizazioari buruzko aditu-titulu berri bat abaiatu du: Curs d’Expert Universitari en Dinamització Lingüística, gure HIZNETen pareko zerbait. Isidor Mari irakasleak eman du inaugurazio hitzaldia: «La tasca del dinamitzador lingüístic». Bideoa ikusgai dago hemen. Perspektiba interesgarria iruditu zait, agian urrundu egiten delako gure ohiko ikuspegitik.

  • Hizkuntza dinamizatzaile baten zeregina da aldaketa soziolingustikoak erraztea:. Erraztatzailea izatea, alegia. Horretarako, funtsezkoa da aldaketa soziolinguistikoen prozesuak ulertzea, eta prozesu horietan esku-hartzeko mekanismoak ezagutzea.
  • Era borobilagoan esateko, teknikariak eraldaketaren agente izan behar du (change-maker). Hori da bere zeregina.
  • Teoria sistemiko-funtzionala defendatzen du. Pertsonek sistema baten barruan hartzen dituzte erabakiak, eta faktore estrukturalak funtsezkoak dira. Aldaketak adaptatiboak dira, sarri: sisteman gertatzen diren aldaketen ondorio dira.
  • Teknikariak sistema horretan duen botere erlatiboa garrantzitsua da. Agian botere hitza potoloegia da. Lidergoa, influentzia edota eragiteko gaitasuna da gakoa. Goitik behera, estrategien eskailera moduko bat marraztu daiteke, teknikariaren influentziaren arabera: a) agindu (edo inposatu); b) pertsuaditu (edo limurtu), c) aholkua eman, d) ardura partekatu eta eraldaketa ko-gestionatu, e) presionatu,lobbya osatu, d) iradoki, e) laguntza eskaini.
  • Arriskua da dinamizazioa animazio huts bihurtzea. Fokoa non jartzen dugun da kontua: edukietan ala prozesuetan. Prozesuetan arreta jartzen dugunean, gure proiektuak ondo joatea interesatzen zaigu: jendeak parte hartzea, gauzak egin daitezela… Helburuen perspektiba gehiegi lausotuz gero, animazio hutsa egiten amaitu ahal dugu. Eduki sustantiboetan fokalizatzen garenean, proiektu militanteagoak sorten ditugu, sakonagoak… baina baliteke oso minoritarioak izatea eta inork gutxik parte hartzea. Batean zein bestean, gaizki ari gara. Oreka bilatzea komeni da.

Deigarria egin zait. Duela gutxi (ber)begiratzen egon naizen testu bat ekarri dit gogora: La Teoría del Cambio (Eraldaketaren Teoria), Iñigo Retolazarena. Eraldaketaren teoriak, finean, proiektuak diseinatzeko metodologia bat izan nahi du. Gure ekintzek eta jarduerek (nahi dugun) eraldaketa zergatik eta nola bultzatuko duten azaltzen saiatzea da. Eraldaketaren ibilbide-orri bat egiteko ahalegina ere bada. Edozein proiekturen atzean hainbat uste, sinismen eta hipotesi daude, baita balio-sistema bat ere: horiek guztiak agerian jartzea da Eraldaketaren Teoria.

Eraldaketaren teoriak ere ikuspegi sistemikotik eragin nahi du: Sistema horretan zer aldatu nahi dugu? Horretarako zeintzuk baldintza behar ditugu? Zer egin ahal dugu baldintza horiek sortzeko? Nor dira aktore nagusiak? Zein dira bakoitzaren jarrerak eta interesak? Nolako aliantzak sortu ahal ditut, eraldaketa hori errazteko? Hamaika galdera…

Iñigo Retolazaren arabera, Eraldaketaren Teoria zer den azaltzearekin batera, zer ez den azaldu behar da, gaizki-ulertuak saihesteko: kontua ez da egia absolutu bat edota teoria definitibo bat sortzea, are gutxiago planifikazio zurrun bat egiteko tresna sortzea. Eraldaketaren teoria Gogoeta/Ekintza enfoke bat da, beste ezeren gainetik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07