blogak

Allartean

Emozioak eta hizkuntzak

Gogoratzen al duzue Nelson Mandelaren esaldi ospetsu hura? “Inori ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara. Haren hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, haren bihotzera iritsiko zara.” Nelson Mandelak, Robben Island preso egon zen bitartean, afrikaans ikasi zuen eta afrikaans hizkuntzaz jarduten omen zuen bere zaindariekin.

Esaldia zentzu metaforiko hutsean ulertu izan dut, baina hori baino gehiago omen da. Kontua haratago omen doa. Koxka da: egoera baten aurrean erabaki berdin-berdinak hartuko genituzke, gure hizkuntza propioan eta atzerriko hizkuntza batean? Antza denez, ez.

Jon Andoni Duñabeitia hizkuntzaren zientzia kognitiboan aditua da, eta Nebrija unibertsitatean ari da lanean. Hitzaldi bat eman berri du Gasteizen, HABEk antolatua, euskaltegien ikasturte akademikoari hasiera emateko.

Jon Andonik tranbiaren dilema azaldu zuen:

  • (a) Tranbia bat kontrolik gabe doa abiadura bizian, eta, ezer egin ezean, aurrean dituen bost pertsona hilko ditu. Aukera bakarra dago: tranbidea desbideratzea. Baina, tamalez, hori eginez gero, tranbiak ondoko trenbidean dagoen pertsona bat hilko du ezinbestean. Bizitza bat bosten truke.
  • (b) Tranbiaren dilemak bigarren parte bat du. Egoera berbera da, baina orain dagoen aukera bakarra da zubi baten gainean dagoen seigarren laguna trenbidera bultzatzea. Bere gorputzarekin tranbia geldiaraziko du, baina hilko da. Hemen ere bizitza bat bosten truke.

Hainbat lagun bildu eta dilema proposatu zietela kontatu du: batzuei nori bere hizkuntzan, eta besteei berea ez den bigarren hizkuntza batean. Emaitzak alderatu dituzte, alde esanguratsurik ote dagoen ikusteko. Lehen parteari dagokionez, ez dute alderik ikusi: % 80k erantzun du trenbidea desbideratuko zuela. Bigarren parteari dagokionez, ordea, bere hizkuntzan galdetu zaienean solik % 20k esan du seigarren laguna trenbidera bultzatuko zuela; bigarren hizkuntzan galdetu zaienean, % 40k.

Bigarren hizkuntzan ari garenean, erreflexiboagoak omen gara: erantzun hotzagoak eta arrazionalagoak ematen omen ditugu, ordenadore baten aurrean egongo bagina bezala. Gure hizkuntza propioan ari garenean alde emozionala nagusitzen da.

Entzun bezala kontatu dizuet. Bitxia, ezta?

Hitzaldia bideoz grabatu zuten. Hemen duzue: bit.ly/EmozioakEtaHizkuntzak

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07