blogak

Allartean

Elebidun hartzaileak [1]

EAEko administrazioan derrigorrez euskara jakin behar duten langileen kopurua kalkulatzeko (derrigortasun indizea) honako formula hau erabiltzen da: [euskaldunak + ia euskaldunak/2]. Bitxia da: IA-euskaldunak, euskaldun izateko zerbat falta dutenak, NOR izatera iristen ez direnak,  erdia besterik balio ez dutenak. Gure artean, “euskaldun hartzaile” ere esaten diegu: sinonimotzat erabiltzen ditugu, bata zein bestea.

Terminologian ez dago adostasunik: ia euskaldun, quasi-bilingue, elebidun hartzailea, erdi-elebiduna, elebidun asimetrikoa, elebidun pasiboa. Entzun ditudanetik bitxiena: sesquilinguismo. Uste dut Txepetxek erabili izan izan zuela. sesqui, izatez, jatorri latinoa duen aurrizki bat da: “bat eta erdi” esan nahi du. Hots, sesquilingue hizkuntza bat eta erdi dakien pertsona da.

Juan Carlos Moreno Cabrera irakaslearen ustez, ekolinguismoaren ikuspegitik, aberrazio bat da hori guztia. Haren ustez, denak gara eleanitzak, denok baitugu era bateko edo besteko hizkuntza-errepertorio bat. Probokazio baten moduan kontatzen du berak. Esan ohi du ez dela egia gaztelaniak 400 miloi hiztun duenik, gaztelania ez baita hizkuntza homogeno bat, baizik eta hizkuntza-sorta bat. Harek madrileko hizkuntzan hitz egiten duela dio, Salamancako hizkuntzaren berdin-berdina ez dena… baina ez duela batere arazorik Salamancako hizkuntza ulertzeko, hura ere bere errepertorioaren parte baita.

Moreno Cabrerak ez du “hartzaile” hitza erabiltzen. Harek gaitasun analitikoa eta gaitasun sintetikoa bereizten ditu, terminologia berritu nahian. Gaitasun sintetikoa hizkuntza horretan espresioak sortzeko gaitasuna da: hitz egiteko edo idazteko. Gaitasun analitikoa hizkuntza hori ulertzeko gaitasuna da. Hortaz, elebidun sintetikoak eta elebidun analitikoak daude. Haren esanetan, lotura dago: hizkuntza batean gaitasun sintetikoa eskuratzen dugun heinean, horrek gaitasun analitikoa ematen digu, beste hainbat hizkuntzatan. Gaitasun horiek guztiak gure errepertorioa osatzen dute.

Galizieraren eta gaztelaniaren arteko hiztun tipologia bat asmaten saiatu da:

  • m cast : elebakarra gaztelaniaz
  • m gal : elebakarra galizieraz
  • b a gal : elebidun analitikoa galizieraz, galiziera ulertzen du
  • b a cast : elebidun analitikoa gaztelaniaz. Hortaz, galizieraz hitz egiten du, eta gaztelania ulertu
  • b s cas gal : gaztelaniaz hitz egiten du, galizieraz ere bai, nahiz eta gaztelaniaren eragina nabaritu
  • b s gal cas : galizieraz hitz egten du, baina gaztelaniazko gaitasun sintetikoa du ere bai

Azken bi tipo horien artean pauso txiki bat besterik ez da, elebidun sintetikoak dira biak, baina aldatu egiten da hizkuntza dominantea. Moreno Cabreraren ustez, oso urrats sotila da, oso txikia, ia oharkabean gertatu ohi dena, baina oso garrantzitsua. Determinantea izan daiteke, hizkuntza ordezkapenerako lehen pausoa baita.

Soziologiak kategoriak eraikitzen ditu, mundua hobeto ulertzeko: elebiduna, elebidun hartzailea, erdalduna… Baina komeni da ohartzea analisirako kategoriak direla eta ez besterik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07