blogak

Allartean

Diskurtsoei buruzko diskurtsoa

Joxerra Gartzia sarritan kexu ageri izan da euskararen komunikazio-estrategiari buruz. Bere ustez, euskarak, komunikazioaren ikuspegitik, produktua eta marka izan behar du. Markak karpetak dira eta barruan 2-3 item egon behar dira, ez gehiago. Diskurtsoaren bidez lortu behar dena da item horiek guri interesatzen zaizkigunak izatea eta ez beste batzuk. Joxerra Gartziaren esanetan, euskararen irudia amesgaizto bat da: oso denbora gutxian amona zahar bat izan da, haizagailu bat, birus bat eta txantxangorri bat. Bere ustez, horrela ezin da marka bat osatu.

EGOD proiektuan Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoak aztertu zituzten Iñaki Martinez de Lunak eta bere taldeak. Jendartean nagusi diren bost diskurtso identifikatu zituzten: a) mesfidatia, b) sustatzailea, c) aldarrikatzailea, d) balio pragmatikoarena eta e) errespetuarena. Bakoitzaren atzean zeuden ideiak aztertu eta 21 item identifikatu zituzten, jendartean oso onarpen handia dutenak: elkarren arteko errespetuarekin dute zerikusirik, euskararen balio pragmatikoarekin eta euskararen aldeko jarrerarekin. Egileen ustez, horiek zoru komuna osatzen dute, eta zoru horren gainean diskurtso berritu eta partekatu bat eraikitzeko aukera dago.

Zoru komunaren ideia tentagarria da, baldin eta Jon Sarasuaren moduan ulertzen badugu: “ez dadila izan batezbesteko epel batean geratzeko, baizik eta ekinbide soziolinguistiko sendoak abiarazteko”  [Berria egunkarian, 2019-03-03].

Lehen ere horretaz jardun dugu. Kontua da Kataluniako Direcció General de Política Lingüística-k antolatzen dituen Matinals de Llengua jardunaldietan, oso saio interesgarri bat egin dutela guzti honetaz, eta horrek zer pentsatu eman didala: Llengua i joves a Catalunya: usos lingüístics i arguments per a la promoció del català. Batetik gazte jendearen erabilera linguistikoak azaldu dituzte, eta bestetik, katalanerari buruzko diskurtsoak gaurkotzeko egin duten lan baten berri eman dute. Gazteak xede-talde gisa hartu dute, eta katalana indartzeko 40 arrazoi zerrendatu dituzte, 6 enfoke nagusitan sailkatuta. Honakoak:

  • Integrazioa, atxikimendua eta gizarte kohesioa
  • Ikasteko erraztasuna
  • Katalanaren balio instrumentala
  • Konpromiso etikoa dibertsitate globalarekin
  • Norberaren erantzukizuna
  • Ahalduntzea eta norbere buruarekin gustura egotea

Jendartean dauden argudiak bildu dituzte, egokitu, berritu eta osatu. Han ere aniztasuna defendatzen dute: argudio ugari eman, nork berea errezago aurki dezan. Jardunaldiaren material guztia (bideoa barne) hemen aurkitu ahal duzue: Matinals de Llengua

Ez dut gogoratzen nori entzun nion: diskurtsoak egokitu ez… diskurtsoak ugaritu egin behar ditugu. Ez dugu dikurtso bakarra nahi, diskurtsoen konstelazio bat baizik. Euskaraldian bertan, hamaikakoaren ideia bikaina iruditu zitzaidan: tipologia ezberdinetako hamaika pertsona, hamaika erreferente, euskarara hurbiltzeko hamaika arrazoi, hamaika diskurtso. Iruditzen zait ideia ez genuela ondo landu, eta aukera polit bat galdu genuela. Enpin! Hurrengoan izango da!

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07