blogak

Allartean

Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako

ESANGURATSUA da gure artean diskurtsoari ematen diogun zentralitatea. Gogoan dut TELP ikastaroetan ez dela horrela. Diskurtsoa ez zen apenas lantzen. Ferran Suayk esan ohi zuen hizkuntza bat erabiltze aldera benetan inporta duten aurreiritzi bakarrak geureak direla, eta ez besteenak.

Halakoetan, azalpenetan eta arrazoietan gehiegi ez tematzeko gomendatzen du, ez duela merezi.  Zuk zergatik egiten duzu euskaraz, gaztelaniaz ere ederki moldatzen zara eta? Horren aurrean, alferrik azalpena ematea. Eztabaida horretan sartzea ahulezia erakustea da. Eta, inoiz azalpenik eman behar izatekotan, arrazoi subjektiboak ematea aholkatzen du: nahi dudalako, gogokoa dudalako, erosoa egiten zaidalako, edota sudur-puntan jarri zaidalako…

Sarri, argumentazioari eta pertsuasioari begira jarria, “arma definitiboa” bilatu nahi izan dugu: argudio totala, borobila, erabatekoa… Arazoa da —Ferran Suayren ustez— argudio historiko, politiko zein ideologiko guztiak eztabaidagarriak direla. Oscar Wilderen aipua ekartzen du gogora: “arrazoia da hobekien banatutako ondarea: guztiok uste baitugu denbora guztian arrazoi guztia dugula”. —Euskaraz egiten dut, euskalduna naizelako…Hori eztabaidatu daiteke, ezta? Izan ere, gaztelaniaduna ere bazara…— Arrazoi subjektiboak bestelakoak dira; ezin dira eztabaidatu. Zer esango dizute? —Ez, ez… zuk baietz uste duzu, baina ez duzu euskaraz egin nahi, ez duzu gogokoa, ez zaude eroso…

Celso Emilio Ferreiro poeta galiziarraren poema hura ekartzen dit gogora: Lingoa proletaria do meu pobo / eu fáloa porque sí, porque me gosta, / porque me peta e quero e dame a gaña; / porque me sai de dentro, alá do fondo…

Joseba Sarrionandiak euskarara ekarri zuen, “Poemas Náufragos” izeneko liburuan:

ITSASOAREN AURREAN ETZUNIK...

 Ene herriko hizkuntza proletarioan
 Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako,
 Erizten diodalako, nahi eta gogoa dudalako;
 Barrutik sortzen zaidalako, gorbata jantzita
 Beren arbasoekiko amodioa eusten,
 Hilik dauden beren aitaiten hizkuntza,
 Ama hizkuntza mintzatzen
 Eta aurpegia altzaturik
 Lengoaiako marinelak, laborariak,
 Arraun eta area, edo branka
 Eta goldea izaten ez dakiten
 Sustrairik gabeko xalapartari tipiak,
 Hainbeste ergel deserrotu ikustean
 Hondatzen nauen tristura mingotsaren
 Sakonetik
 Sortzen zaidalako.

 Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako
 Eta gureekin egon nahi dudalako, gure jendearekin,
 Beste hizkuntzan kondaturiko historia bat
 Luzaroan sufritzen duten gizon onen alboan.

 Ez naiz mintzo handikientzat,
 Ez naiz mintzo doilor eta boteretsuentzat,
 Ez naiz mintzo harroentzat,
 Ez naiz mintzo ergelentzat,
 Ez naiz mintzo hutsentzat;
 Etengabeko gezurrak eta zuzengabeak
 Sendoro jasatzen dituztenentzat mintzo naiz;
 Begi biluzien mitxeleta, su
 Eta haizezko eguneroko negarra
 Izerdiz eta malkoz darienentzat.
 Ezin ditut ene hitzak munduan
 Sufritzen ari diren guziengandik aldendu.

 Eta zu munduan bizi zara, lur gurea,
 Gure leinuaren seaska,
 Galizia, Espainetako min gozoa,
 Itsasoaren aurrean etzunik, bidean...

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07