blogak

After boltxebike

Mikel Gonzalez: “Euskal Selekzioa Eurokopan ikustea nahiko genuke”

Testua eta argazkia: Ibai Trebiño (Mondraberri.eus-en argitaratuta)

590mikel2

 

Mikel Gonzalez-ek (Arrasate, 1985) hamargarren denboraldia bete du aurten Errealeko jokalari gisa. Lesioak direla eta, bi urte pattal eman ditu baino aurten “bere burua ondo ikusi izan duela” esan digu. Errealan ez bakarrik, aurten ere Euskal Selekzioarekin aritu da jokalari txuriurdina. Ofizialtasunaren bidean “pausuak” behar direla uste du eta Euskal Selekzioarekin Eurokopan aritzea “bere ametsa” dela dio.

Erreala eta euskal selekzioa hizpide, berarekin izan gara.

 

Estatu Batuetan eman duzue liga bukaera. Ze nolako esperientzia izan da?

Nire lehenengo aldia izan da Estatubatuetan eta esperientzia polita izan da. Bi partidu jokatu ditugu bertan eta hainbat gauza ikusteko aukera eduki dugu ere.

 

Hemengo futbolarekin alderatuta, nolakoa da “Soccer”-a?

Jokatu ditugun bi partiduetan irabazterik izan ez dugun arren, Estatubatuetan hainbesteko futbol zaletasunik ez dagoela esango nuke.

Saskibaloia edo beisbola edukita, futbola lehen mailako kirola ez dela esango nuke, edo behintzat hori somatu dut, nahiz eta esan bezala, partidurik ez dugun irabazi.

 

Azken partidua irabazita, liga zortzigarren postuan amaitu duzue. Ze nolako balorazioa egiten duzu denboraldiarena?

Denboraldi irregularra burutu dugu. Txarto hasi ginen, baino entrenadore aldaketak hobekuntza nabarmena ekarri zuen. Otsailean lau partida jarraian irabazita UEFA postuetatik puntu bakar batera jarri ginen, baino dinamika hori ezin izan genuen mantendu eta beste hiru partida txarrak egin genituen.

Txapelketa bukaera ona egin dugula uste dut halere, Rayo eta Valentziari irabazita eta Real Madrilen aurka joku ona eginez, baino azkenean ezin izan dugu UEFAren helburua erdiestea.

 

Eusebio Errealera heldu zenean, zer aldatu zen taldean?

Ideiak garbi dauzkan entrenadorea da Eusebio eta naturaltasuna eman dio taldeari. Linea guztietan baloia jolastearen aldekoa da, jokoa atezainetik hastearen aldekoa, eta hori oso esanguratsua da. Presionatzea gustatzen zaio, eta defentsa aurreratuarekin jokatzea ere du gustoko.

 

Aurten minutu gehiago jokatzeko aukera izan duzu. Pozik zaude?

Pozik nago eduki dudan denboraldiarekin. Aurreko urtean, lesioak eta ebakuntzak medio, ez nintzen egon nahiko nuken mailara eta fisikoki ere ez nintzen behar bezala egon.

 

Eta taldeko kapitaina izatea nola eramaten duzu?

Lehenengo kapitaina Xabi da, eta Ansotegi joan zenetik ni naiz bigarren kapitaina. Naturaltasunez hartzen dut kapitaina izatearen ardura. Aldagelan edonorrek eman dezake bere iritzia baino urte gehiago eramateak ere pisua ematen du, normala den bezala, eta gauza gehiago bizi edo ikusi dituzun heinean, horrek pisua ematen dizu.

 

Harrobiko “harribitxien” urtea izan da ere, Oiarzabal izar bilakatu da esaterako…

Denboraldi bikaina egin du, gol asko sartu ditu eta bero jokuarekin harritu gaitu. Oso positiboa izan da bere ekarpena taldearentzat duda barik.

 

Carlos Vela ordea ez da hain fin ibili, eta taldean pisua galdu du. Zer gertatzen zaio?

Egia da Velak aurten ez duela eduki aurreko urteetako protagonismo hori. Azken 3-4 urteetan jokalaririk inportanteena eta erabakigarriena izan da baino aurten, gauza bategatik edo besteagatik, ez da hain ondo egon eta zoritxarrez taldearen jokuan ere eragina izan du.

Aurredenboraldia gurekin hasiko du eta bere mailarik onenera itzultzea desio dut.

 

Etorkizunari begira… Roberto Olabe Errealera heldu berri da eta zuk ondo ezagutzen duzun pertsona bat da. Ze ekarpen egin liezaioke taldeari?

Ondo ezagutzen dut Olabe. Jubeniletan nire entrenatzailea izandakoa da Roberto, eta oso metodologikoa eta serioa iruditzen zait. Ez dakit zer hobetuko den, baino gehitzeko etorri da eta taldeari ekarpena egingo dio seguru.

 

31 urte betetzear zara Mikel, Nola ikusten duzu zure etorkizuna? gasolina asko geratzen zaizu?

(barre egiten du) Esaerak esaten duen bezala “bizitzarako gazteak gara baino futbolerako zahartzen gabitz” (barre). Beste urtebeteko kontratua daukot errealarekin eta ondo ikusten dut nire burua. Azken bi urtetan fisikoki gaizki egon naiz eta bi gaixotasun larri izan ditut.

Aurten berriz ondo sentitu naiz, bai fisikoki eta bai buru aldetik. Gaur egun ondo nago, pozik nago eta ilusio handiarekin nago.

Datorren urtean ez dakit zelan egongo naizen asike imajinau hemendik bosta urtera… baino bai, hemen jarraitzea gustatuko litzaidake.

 

Errealean gustatuko litzaizuke erretiratzea?

Bai, beti esan dut; Zure etxean bukatzea eta zalegoen errekonozimendua lortzea bezala ez dago ezer ez. Hori gustatuko litzaidake, nire karrera etxean amaitzea, baino zaila dela uste dut, izan ere lehen mailan eta Errealean dagoen exijentzia maila oso altua da.

 

“Garai bateko” futbolaren erromantiko bat zara?

Ez dakit ba… (barre) Hemen ikusi dut Mikel Aranburu, ikusi dut ze ibilbide egin duen Xabi Prietok, eta hoien ibilbide erdia edonorrek sinatuko luke. 10 urte daramatzat Errealan eta denboraldi ona eginez gero, nire eskutan egongo da hemen jarraitzea edo ez.

Ametsa izango litzake nire karrera Errealan amaitzea.

 

Eurokopa ospatzen ari da egunotan, ez dakit asko zabitan jarraitzen… nor ikusten duzu faborito gisa?

Egia esan ez nabil asko jarraitzen, baino faboritoa Alemania dela esango nuke. Oso talde indartsua eta sendoa da. Esaerak esaten duen bezala “el futbol son 11 contra 11, y siempre gana Alemania” (barre)

Bestalde, faboritoen artean Espainia edo Italia kokatuko nituzke.

 

Euskal Selekzioarekin aritu zara orain dela gutxi Korsikan. Zure burua eurokopa baten ikusten duzu?

Denon ametsa izango litzateke Euskal selekzioa Eurokopan ikustea, denok nahiko genuke Euskal Selekzioa Eurokopan ikustea. Zoritxarrez, azken urteetan izan ditugun partidak lagunartekoak izan dira eta ofizialtasunaren bidean, aurrepauso bat falta zaigula ikusten da.

Adin kontuak direla eta, ez dakit nire burua Eurokopa baten ikusiko dudan (barre), espero baietz (barre)… (isiltasuna eta barre andana)

 

Gales-ek jokatzen badu, zergatik ez Euskal Selekzioak?!!

Bai, argi dago. Horretarako baina, pausuak eman behar dira. Urte asko daramatzagu pausu eske, baino aurrera ez goazela ematen du.

 

The post Mikel Gonzalez: “Euskal Selekzioa Eurokopan ikustea nahiko genuke” appeared first on After-boltxebike.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07